Joko politikoa erabat zabalik da

  • Ezker abertzalearen ilegalizazioak instituzioen osaketa desitxuratu du, baina hauteskundeetako emaitzak errealitate politikoaren argazki argia utzi du. Orain artekoa baino argazki zehatzagoa da, alderdiak euren artean gehiago negoziatzera behartuko dituena, joko politiko zabalagoa eskainiko duena, bake prozesuari aukera berri bat zabal diezaiokeena.

    Soziologikoki aztertuta, Euskal Herriko emaitza orokorrek ohiko mapa politiko aberatsa erakusten dute, nahiz eta, ezker abertzalearen zati handienaren legez kanporatzearekin, pluraltasun hori ez den indar guztiarekin ordezkatuko erakundeetan. Eta hala ere, instituzioetako osaketa eta agintaritza berbanatu egingo da. Oro har, gehiengo absolutu askoren desagertzeak monopolioen amaiera eta joko politiko aberatsagoa ekarriko ditu, foru zein udal erakundeetan. Datozen egunetarako, halaber, erakundeak osatu eta ANVren legez kanpoko botoak eserleku ez bihurtzearen ondorioz, leku askotan tentsio handiko uneak biziko dira seguruenik.
Buen, Otegi eta Zabaleta
UPNk Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala bere eskuetan izan ditzake berriz ere –Iruñean seguru–, baina bietan galduko du gehiengo osoa eta horrek bere jauntxokeria baretzera behartzen du. Bizkaian eta Gipuzkoan foru erakundeak Jaurlaritza osatzen duen hirukoa gehi Aralarren menpe gera daitezke, eta Araban jeltzaleek sozialistak boterera aupatuko dituzte seguruenik, PP nagusitu bada ere.

Beste itun aukera motarik ere bada EAEko kasuan bederen, EAJk eta PSEk gehiengoa osatzea eta nagusitasun hori ordezkatzea ahalik eta erakunde gehienetan. EAJko zuzendaritzan norabide horretan abiatzeko joera zantzuak ikusi dira azken urteetan, baina oraingoz Jaurlaritzako hirukoaren formula nagusitu da eta aurrera begira ere joera hori –gehi Aralar– berretsi daitekeela dirudi, areago kontuan izanda irailean EAJren zuzendaritza berriaren barne hautaketa hasiko dela eta itxura guztien arabera Imaz-Egibar lehia errepikatuko denean. Josu Jon Imazek erakutsi du PSOErekin gai askotan ulertzeko duen joera, baina molde horren apustu argiak, alderdiaren barne lehian irudi soberanista islatzen duen Joseba Egibarren lerroa indartzea ekar dezake; horrexegatik, EAJren barne orekak bultzatuta, badirudi jeltzaleek Jaurlaritzako formula eramango dutela politika orokorrera.

Nafarroa, aldaketa aukera bai, baina ezin

UPNk gehiengo osoak galdu ditu Nafarroako Legebiltzarrean eta Iruñeko udalean, hori da foru komunitateari buruzko daturik esanguratsuena. Eremu abertzalean Nafarroa Bairen igoera historikoak eta EAE-ANVren –boto baliogabea kontatuz– igoera esanguratsua nabarmentzen dira. UPNk botoari eutsi egin dio eta CDNk ia erdia galdu du UPNren mesedetan. PSNk apur bat igo du eta Ezker Batuak erdia galdu du, seguruenik NaBairen tirakadagatik.

Iruñeko udalean UPNk 13 eserleku lortu ditu (27tik) eta NaBairen (8), PSNren (4) eta ANVren (2) artean 14 dituzte. Gaur gaurkoz gehiengo gauzaezina du hirukote honek, udal gobernu berriaren giltza ANV delako eta, gaur gaurkoz, PSNk ez duelako ezker abertzaleko indarrarekin inongo itunik gauzatuko.

Nafarroako Legebiltzarrean egoera bestelakoa da, PSN, NaBai eta Ezker Batuak koalizioa osa dezakete 26 eserlekurekin gehiengo osoa lortuz, UPN-CDNk 24 eserleku baitituzte. PSNk hemen ez du ANVren aitzakiarik, baina hala ere oso gaitza ikusten da gobernu alternatiboa gidatzeko hautua egitea, batez ere Espainian PSOEk PPrekin duen lehia zorrotzagatik. Zapateroren aurkako kanpaina etengabeak emaitza onak eman dizkio PPri eta ez dirudi Zapaterok ausardia eta arriskuaren hautua egingo duenik Espainiako hauteskunde orokorrak arteko urtebeteko epean.

Bake prozesua garaile Euskal Herrian

Bake prozesua nabarmen garaile atera da Euskal Herrian, bere aktore nagusienen –ezker abertzalea eta PSOE– emaitza onek adierazten duten moduan. Irudi kontraesankorra eskainiz, ilegalizazioa bultzatu duenak eta ilegalizatuak, biek lortu dituzte emaitza oso esanguratsuak. PSEren kasuan, 10.000 boto hobetuz eta ANV ia 190.000 botora iritsiz, hori kontuan izanik abstentzioa 2003an baino handiagoa izan dela, batez ere Gipuzkoan. Espainian ez bezala, euskal herritarrek PP gogor zigortu dute eta PSOEri sostengua eman.

Hauteskunde garaia non hasi eta non bukatzen den zehaztea gero eta zailagoa denean, argi dago ez dela bake prozesuaren egoeraren argazkia egiteko sasoirik onena. Giroa baretu behar da, urak bere ubidea hartu behar du eta gero diagnosia egin. Baina tarterik ez dago ia, alderdi nagusiak, batez ere PP eta PSOE jadanik datorren urteko Espainiako hauteskunde orokorretara begira daudelako.

Bake prozesuaren egoera ez da ona, edo hobeto esanda, txarra dela irudikatu da. Besteak beste, Gara-k PSOEren eta Batasunaren artean izandako bileren kontaketa egin izanak, prozesuaren etapa bat joan dela adierazten du, eta prozesua berregitekotan beste era batera izango dela. Orain zein norabide har dezakeen, aldiz, Zapateroren Gobernuak erabaki beharko du. Euskal Herriko herritarrek nahi dutena argi islatu da, Espainian ere bere jarraitzaileek babestu egin dute PSOE, Nafarroako egoera ere prozesua bultzatzeko aproposa da eta ENAMen adar politikoena indartuta geratu bide da, berriz ere garaipena su-eten garaian lortu baitu.

Hori guztia alde du Zapaterok. Aurka duena PP da eta oso indar handiz gainera, hauteskundeek berretsi duten moduan. Erabakia, beraz, ez da samurra izango eta orain arteko sozialisten zuhurtasuna ikusita, denak adierazten du sozialistek ez dutela mugimendu gehiegirik egingo datorren urteko hausteskundeetan zer gertatzen den ikusi arte.

Koaliziorik gabe EAJk eta EAk behera

Batera joan ziren azken boladako datuekin erkatuz, indar galera handia izan dute EAJk eta EAk. Itunen bidez gobernagarritasunari eutsi ahal izango diote leku askotan, baina argi dago elkarrekin emaitza hobeagoak dituztela. Jakina, egoera horretan, epe luzera galtzaile ateratzeko arriskua EArena da. Bestela ere, dena den, eta boto kopuru esanguratsua lortu arren –70.000 inguru–, EAk bere beheranzko apurkako joerari eutsi dio. Hauteskundeak ez dira oso konparagarriak, baina errefentzi bat behintzat bada: 2004ko Espainiako hauteskunde orokorretan 80.000 boto inguru lortu zituzten.

Kolpe latzena Gipuzkoan jaso du koalizio ohiak, eta batez ere EAJk, emaitza historikoa lortuz PSE lehen indar gisa agertu baita. EAJren kasuan, barne borrokek eta, batez ere, Ogasunaren inguruan agertutako irregulartasunek ez zioten mesede handirik egingo.

EB eta Aralarren arteko koalizioa ere berrikuntza zen hauteskunde hauetan eta bitxia bada ere, botoetan behera egin dute baina zinegotzietan gora. Instituzioetan ordezkaritza izateko beharrezkoa den %5 gainditzeko aukera gauzatu dute bi indarren botuak batuz, eta alde horretatik erabakigarriak izan daitezke leku askotan, adibidez Bilboko Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hala ere, botoetan behera egin izana kezkagarria da koalizioaren etorkizunerako.

Alderdi txikiagoen gorabeherak

Nafarroan UPNk eutsi dion moduan, EAEn PPk boto asko galdu ditu, seguruenik PSEren mesedetan. Fenomeno tipikoa izaten da, Espainiako Gobernuan dagoenak boto gehiago eskuratzea. Nafarroako eskuinaren adar txikia den CDNri, aurreikusitakoa gertatu zaio, eta etorkizunik gabe geratu da ia. Ion Erroren Ezker Batuari, aldiz, ez zitzaion halakorik aurreikusten, eta oso posible da bere botoemaileen gehiengoa NaBaira joan izana eta zatiren bat agian PSNra; Nafarroako Gobernuan ordezkaritza erdira jaistea eta Iruñeko udalean 3 zinegotzitik 0ra igarotzea danbateko handia da. Euren politika sakon berplanteatzeko modukoa seguruenik.

Bukatu da txango honen lehen partea, bigarrena udal osaketarena da eta hori laburragoa da baina –ilegalizazioa medio– tentsio handikoa izango dela aurreikusten da. Aldi berean, aukera berri asko zabaldu dira eta orain errealitatean duten eragina ikusi beharko da. Urte bete geratzen da datozen Espainiako hauteskunde orokorrak arte.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude