«Jende masak inozoak izan daitezke»

  • Unibertsitateko ikasle zarela Star Wars, informatika eta antzeko kontuez aritzeko gune bat sortu duzu Interneten. Jendeari gustatu zaio antza. Irakurtzen dituzte zuk idatzitakoak. Hasieran gutxi batzuk. Gero gehixeagok. Eta hamar urteren buruan milioiak dira. Zorionak, mundu osoan ezaguna zara! Rob Maldaren eta Slashdot (www.slashdot.org) blogaren historia da. 2.0 aroko amets amerikarrarena. Joan den astean Alianzok eta SPRIk antolatutako Blogak 2.0 jardunaldietara hurbildu zela aprobetxatuz galdera batzuk egin genizkion.
Rob Malda
Iñigo Azkona

Gaur egun Slashdot erreferentziazko gunea da Interneten. Zerk bultzatu zintuen sortzera?


Aspertu egiten nintzen. Nire blog pertsonala nuen eta dibertigarria zen. Denbora pila pasatzen nuen idazten. Lagunak irakurtzen hasi ziren, lagun gehiago izaten hasi nintzen eta egun batean nire zerbitzari propioa eduki behar nuela erabaki nuen.

Zure esaldi bat: “Slashdot intelektual ustezkoentzako albisteak ematen dituen gunea da”. Zer albiste mota dira horiek? Zer irakurle mota duzue?


Slashdoten irakurleak Internet aroaren aurreko hedabideak ditu erreferentzia modura, eta horregatik gure guneari parte hartzailea izatea eskatzen dio, bi norabideko komunikazioa edukitzea. Ez dute ohiko idazle-irakurle harremana nahi, zopa moduko bat eskatzen dute, irakurleek ere beren iritzia eman ahal izatea.

Beste bat: “Nire lana zuena baino dibertigarriagoa –cooler bere hitzetan– da”. Nolakoa da Rob Maldaren lan egun arrunt bat?


Goizeko 7:30etan jaikitzen naiz, hiru minutuz autoa gidatzen dut bulegoraino, kafe kikara batekin eseri eta egun osoan jendeak gomendatzen dizkidan albisteak irakurtzen ditut. Jendeak ‘hau primerakoa da!’ esaten dit eta nik baiezkoa edo ezezkoa ematen diet. Ederra da! Ehunka pertsonak interesgarria dela uste dutena irakurtzen dut. Gehienetan ehunka pertsona horiek oker dabiltza, eta egunean pare bat aldiz, bete-betean asmatzen dute. Benetan dibertigarria da, istorio arraroak daude, interes handiko gaiak... Batzuk ez dira Slashdoten argitaratzen, baina nik irakur ditzaket!

Slashdot aitzindaria izan zen albisteei emandako erantzunetan erabiltzaileei moderatzaile izateko aukera ematen. Zer iritzi duzu Digg bezalako guneez? Edozein erabiltzailek bozka ditzake albisteak eta horren arabera dute garrantzia gehiago edo gutxiago.


Slashdot parekorik gabea egiten duena zera da: albisteak aukeratzen dituen talde txiki bat dagoela. Jende masa handiak inteligenteak izan daitezke, baina baita inozoak ere. Batzuetan gu ere inozoak gara, baina badakizu nor garen eta inozoak garela esan ahal diguzu, ez dago problemarik. Digg eta antzekoak arazo hori beste modu batera konpontzen saiatzen dira. Biontzat dago lekua.

Firehose funtzio berria jarri duzue abian duela gutxi, erabiltzaileek editoreei albisteak aukeratzen laguntzeko. Digg-en antzeko bihurtzeko urratsa da?


Firehosean erabiltzaileei jaramonik ez egiteko eskubidea daukat, eta beraiek argi eta garbi ikus dezakete nik hori egitea erabakitzen badut. Trinkotasuna, kalitatea eta gaien garrantzia zaindu behar ditut Slashdoten eta erabiltzaileek beste zerbait eskatzen baldin badute Firehosera sarbidea dute eta horretarako erabili dezakete. Oreka bilatzea da helburua.

Slashdot ohiko hedabideen amaieraren aitzindari izan daitekeela uste duzu?


Bai! (kar, kar, kar). Ez, serio, ez zait iruditzen Slashdot bakarrik denik. Gu teknologia, software librea, Linux, kode irekia eta abarren inguruan egiten ari garena edozein gairekin egin daiteke. Tira, ez dakit kirolarekin egin ote daitekeen. Ez dut gaia ezagutzen.

Zenbat urte geratzen zaizkie beraz hedabide tradizionalei? Elkarrekin bizi daitezke?


Nik uste maila batean elkarbizitza hori beharrezkoa dela. Gai zehatz baten inguruko kazetari berezitu bat baldin badago, jo dezagun New Yorken, eta idatzi nahi duen gaia Espainian baldin badago, garrantzitsua da hegazkin bat hartu eta kontatu nahi duen hori dagoen lekura joatea. Hunter S. Thompsonek zerbait esaten zuen, desberdina zen. Horrela eginez gero kazetariak bestelako ikuspuntu bat eman diezaioke kontatu behar duen istorioari. Hedabide tradizionalak garraio ona dira horretarako, baina pertsona arruntek ezin dute bihar hegaldi bat hartu edonora joateko. Horregatik dira garrantzitsuak leku egokian eta momentu egokian dauden pertsonak. Blogek, kazetaritza independenteak horretarako balio dute.

Zer iritzi duzu Slashdoten klonez: euskarazko Marrapuntu, espainolezko Barrapunto, frantsesezko Barrepoint... Konpetentzia lokal modura ikusten dituzu?


Barrapunto ezagutzen dut eta primerakoa iruditzen zait. Jendea animatu nahiko nuke horrelako gauzak egitera eta ondo pasatzera. Horretarako dago Internet, ideien elkartrukerako. Slashdoten kodea irekia da, edonork ikus dezake www.slashcode.com helbidean. Agian nire lege departamentua haserretu egingo litzateke baten batek Slashdot izena erabiliko balu, baina hortik aurrera...

Badira ofizialak diren guneak, Japoniako bertsioa adibidez, baina Barrapunto bere kabuz dabil eta ondo iruditzen zait. Slashdot ingelesez bakarrik da eta ez dut hori aldatzeko arrazoirik ikusten, komunitate batez ari garelako eta hor ideiak elkartrukatzeko hizkuntza komun bat behar da, mundu guztiak ez baitauka itzultzaile bat alboan laguntzeko [elkarrizketa hau itzultzailearekin egiten ari gara].


Slashdotek arerioak ere baditu. Boikot saiakera serioren bat izan duzue?


Interneteko foro batean zaudenean mundu guztiak nahi duena esan dezake, baina zerbait esateak ez du esan nahi hori gertatuko denik. Jende askok esan du ‘ez dezagun Slashdot irakurri’, baina ez dute egiten. Adibidez, ‘Boicot Slashdot’ googleatzen baduzu 1999an idatzitako saiakera oso bat aurkituko duzu, Slashdoten kontra. Baina ez da bisita kopuruan beherakadarik nabaritu.

Horrek erakusten du oso erraza dela pertsona talde txiki batek zerbait esan behar duela erabakitzea, baina mugimendu handia ez denez, jo dezagun dozena bat tipo direla, ez du benetako eraginik. Askok uste dute web batean zerbait esatea, ekintza bat egitea bezala dela. Politikarekin bezala da: ‘hau esan dut edo bestea jarri dut foro batean’, bai, baina horrek ez du mundua aldatzen.

1997tik 2007ra izugarri hazi da Slashdoten bisita kopurua. Oraindik hazten ari al da?


Gutxi gora behera bisitak neurri berean mantentzen ari dira orain.

Nola imajinatzen duzu Slashdot hemendik hamar urtera?


Oinarrian gauza bera izango dela uste dut. Hilabete gutxi barru hamar urte beteko ditugu eta, denbora horretan zertaz hitz egin dugun ikusita, eta nor aritu den hizketan, iruditzen zait beste hamar urtean ere antzera ibiliko garela. Hitz egiteko erabiltzen ditugun erremintak aldatuko dira, etengabe. Eztabaida sistema, firehose... Baina egunaren bukaeran, garrantzitsuena jendeak esaten duena izango da. Espero dut hamar urte barru horrela izatea.

Erremintak ez direla hain garrantzitsuak...


Bigarren mailakoak dira. Ez duzu autoa hartzen gidatzeko, norabait joateko hartzen duzu.

Zein da Slashdot eta Web 2.0 esaten zaion beste proiektuen arteko aldea?


Benetan ez dago diferentzia handirik. Nire ustez web 2.0 marketina da, Internetek hasieratik zeukan promesa gauzatzen duena. Web 2.0 da Internetek guri ematea espero zena. ‘.com burbuila’ lehertu zenean ikusi zen azpian benetako erremintak zeudela.


‘.com burbuila’ aipatu duzula aprobetxatuz: geroz eta blog gehiago dago, baina askoren edukia balio gutxikoa da. Ez al dago arriskurik web 2.0 arrakastaz hiltzeko?


Ez. Jendeari blogak idaztea gustatzen zaio zerbait adierazi nahi dutelako. Arazoa da jende gehienak ez daukala ezer interesgarria esateko. Baina hori lehenago ere horrela zen: blogena kontu berria da, lehen web gune arruntetan egiten zen eta lehenago egunkarietan. Ez dago gainbeheraren arriskurik, jendeak partekatzeko gogoa daukan bitartean.

Kasu desberdinak daude, noski: bere katua zein ederra den azaldu nahi duen amonatxoa dago, benetan esateko zerbait daukan jendea dago, eta dirua irabazi nahi dutenak daude. Baina irakurle arruntak ez daki zeinek eskaintzen duen zer. Momentu honetan blogek lan garrantzitsua egiten dute, baina CNN, Slashdot, zure amonaren bloga, nire amonarena eta abar dauzkazu azkenean. Horrek masa handi bat sortzen du eta zuk bertara hurbildu eta nahi dituzun hamar gauzak hartu behar dituzu. Aukeraketa hori egitea garrantzitsua da, eta proiektu berriek ez dute oraindik lortu.

Gustatuko litzaizuke Slashdoten bideoak txertatzea?


Bai eta ez. Uste dut badela leku bat bideoa eta audioarentzat, baina jende gehienak bulegoan irakurtzen gaitu. Eta lan ordutan bideo bat ikusten hasten baldin bazara mundu guztia konturatuko da. Horrek ez du esan nahi bideoak leku bat izan behar ez duenik.

Beste kontu bat ere badago: irakurlearen kasuan berak aukeratzen du zein abiaduran irakurri nahi duen, baina irratia entzuten ari bazara, ezin diozu esatariari azkarrago hitz egiteko eskatu. Bideoaren kasuan gelditu dezakezu, baina lau minutuko bideo bat baldin badago, osorik ikusi behar duzu. Nik oso azkar irakurtzen dut eta iruditzen zait jende gehienak hitz egiten duena baina azkarrago irakurtzen duela. Adibidez ez zait batere gustatzen telebistako albisteetan aurkezleak albiste bat irakurtzeko hamar minutu pasatzen dituenean. Nahiago dut neronek irakurri eta denborarik ez galdu.


2001eko irailaren 11n Slashdotek albiste asko eman zituen, besteak beste CNNren zerbitzariak behera etorri zirelako. Nolakoa izan zen egun hura? Izan dituzue antzeko gehiago?


Antzeko egunak izan ditugu, Columbinekoa gertatu zenean adibidez [bi ikaslek beren ikaskide eta irakasleak tirokatu zituzten AEBko institutu batean]. Irailaren 11 interesgarria izan zen. Slashdoten ari garen ingeniariok txat bat daukagu eta egun hartan han esan zirenak ezingo nituzke argitaratu, erabili zen hizkera itsusiarengatik. Zerbitzariak behera etortzen ari ziren eta gu erotu beharrean.

Taldeak gogor egin zuen lan sarean egon ahal izateko bakarrik. Amesgaiztoa izan zen, baina harro nago egin genuen lanarekin.

Lantzen duzuen gai nagusietako bat software librea da. Zer iritzi duzu GNU/Linux bezalako sistema eragileek bizi duten egoeraz?


90ko hamarkadaren bukaeran kode irekia hardwarea eta softwarea askatzen saiatzen ari zen, ordenagailuarekin egiten ari zinena kontrolatu ahal izateko. Gaur egun hardwarea librea da: CPUa, xagua, memoria... Baina zailena datuak dira. Bideo artxiboak, musika artxiboak... horiekin denekin lan egitea atzetik konpainia bat egon gabe. Microsoftek Windows hain modu estuan kontrolatzearen arrazoia neurri batean, Microsoft Office, Microsoft Word, Microsoft Excel... eta abarrengatik da. Gakoa horietan guztietan kode irekiko artxiboak erabiltzea da. Audio editorea ez dadila Applek kontrolatzen duen iTunes izan, datuak sartzeko ez dadila Microsoftek kontrolatzen duen Excel erabili, eta horrela kasu guztietan.


Bukatzeko, kuriositatez, Linuxen zein distribuzio erabiltzen duzu?


RedHat. Nire esku balego Debian erabiliko nuke, baina gure sistema administraria...



Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude