argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2013ko maiatzaren 03a

Ramon Bareak Nos sentamos a hablar dokumentala aurkeztu du. Filmak arte eszenikoek Euskal Herrian bizi duten “egoera kaxkarraz” hitz egiten du. Besteak beste, Goi Mailako Eskola sortzeak duen garrantzia, enpresa publiko eta pribatuen jarduna, aretoak eta ikusleak ditu hizpide. Horrez gain, hainbat emanaldiren irudiak eta dozenaka aktore, zuzendari, dantzari eta politikariren adierazpenak bildu ditu Bareak. Horien artean daude, adibidez, Alex Angulo, Marivi Bilbao, Asier Etxeandia, Helena Pimenta eta Igor Yebra.

 

Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Gerlari handia lanak irabazi du Nafarroako hainbat euskara zerbitzuk antolatutako Etxepare Literatur Saria. Añorgak eta Mitxelenak 6.000 euroko saria jasoko dute haurrentzako album ilustratua sortzeko.

 
 

Maite Garcia Melchor artistaren argazkiez osatutako erakusketa paratu dute Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean. Egunetatik harago... lekua izenburupean, ukitu koloretsuz zipriztindutako zuri-beltzezko hainbat argazki bildu dituzte bertan. Irudi gehienetan paisaiak eta eraikinak agertzen dira. Erakusketa uztailaren 15a arte izango da ikusgai.