«Luzaroan bertsioak egiten aritu ondoren, gure kantuei garrantzia ematea pentsatu genuen»
Ur gabe ez dago bizitzarik. Zuretzat, Agus, zelakoa litzateke bizitza, Urgabe ez balego?
Urgabe izan da nire musika-eskola, berarekin ikasi eta garatu naiz musikari gisa.
Zer dauka desertuak hain erakargarria egiten zaizuna?
Desertua baino kontrasteak egiten zaizkit erakargarriak. Ideia polita zen hamar urtean musika munduan ur gabe ibili eta desertu batean laugarren diskoa islatzea.
Plazatan bertsioak jotzen aritzetik, areto eta gaztetxetan zuen kantuak, rockeroagoak, jotzera pasa zarete. Ez da ohikoena, ezta?
Ez, baina gauzak horrela etortzen dira. Bertsioak egiten oso gustura aritu gara urteetan, baina momentu batean gure kantuei garrantzia ematea pentsatu genuen; eta hortik aurrera
Edan hemendik eta
Isilean diskoak kaleratu ditugu.
Kanpotik ikusita, gainera, badirudi plazetan aritzea “erosogoa” dela...
Zentzu askotan bai, baina norberaren barruan zure kantu propioen hazia garatzen joaten da; eta egun batean ohetik altxatu eta horiek kanpora atera behar dituzula ohartzen zara.
Isilean, “Bihar kantatuko dizut abesti bat bezala esan ez duzun guztia”. Gauza asko daukazue isilean, noiz kantatzeko zain?
Gure pentsamenduak, ideiak, buruhausteak... dena islatzen dugu gure kantuen bitartez, inguruan gertatzen dena guk nola ikusten dugun jendeari kontatzen saiatzen gara… Barruak askatzeko bide bat da.
Diskoko abesti gehienen haria gabezia eta zerbaiten edo norbaiten hutsunea dira: bikotearena, semearena, aberriarena...
Hamar urtean, momentu on eta txarrak igaro ditu taldeak. Denetarik gertatzen da bidean. Baliteke gabezia hauek horren erantzuna izatea.
...abesti bat ezik: Hego haizea. Hego haizeak jo al zuen Iker?
Lokalera ekarri eta hainbeste gabeziei kontrapuntua jartzeko, diskoan festa apur bat sartzea komeni zela pentsatu genuen. Bizitza era positiboan ere ikusten dugu.