Galdu genuen gerla hura

  • Nire ezagun batek ANV-EAEkoa zuen aita. Ezagutu nuen gizon hura, txapel eta makulu, Lizarra bere sorlekuko karriketan barrena. 1936ko uztailaren 19an kartzelatu zuten. Gero, “bakea” etorrita, Euskal Herrian bizitzeko debekua ezarri zioten hainbat urtez. Haren semeak, ordea, duda guti izan zuen lehenengo hauteskundeetan nafar eskuinari botoa emateko. Ez da hain bakana. Horra Miguel Sanz, jarduneko lehendakaria. Haren aurrekoen artean errepresaliatu errepublikazaleak izateak ez dio inoiz eragotzi 1936ko errepresio basatia kondenatzeari behin eta berriz uko egitea. Halako kasuek txunditzen gaituzte. Sumintzen ere bai. Ez kontrakoek.
Aingeru Epaltza
Alberto Elosegi
Ez naiz entzun zaharra: “galdu genuen gerla hura”. Gaztetan abertzaletua zen, hala zioena. Haren aitatxi karlistaburua nahasirik egon zen Molaren kolpearen antolakuntzan. Geroko errepresiotik ere ez zen, itxuraz, hain urrun ibilia. Inor irabazle izan baldin bazen, hura izan zen irabazle. Hala ere, “galdu genuen gerla”, haren ilobak.

Azken lerro hauek, jakina, geroagoko gogoeten kume dira. Gerla galduaren aipuak, entzun nuen instantean, ez zidan minik eman belarrian. Guk ere, etxean, halaxe erran izan diogu 36koari. Hartatik zenbateraino sentitzen ahal garen galtzaile eztabaidagarria izan daiteke, haatik, zorrotz aztertzera. Etxekoen mitologian aise egin diegu lekua aitaren aldetikakoen erbesteei, heriotza zigorrei eta kontzentrazio zelaiei. Aldiz, inon ez dira agertzen amaren hiru osaba Jainkoaren eta Espainiaren alde hilak. Bertzeak bezain familiako dira, baina nekez ateratzen dugu haien solasik. Herri honen historiaren gainean abertzaletasunak (ere) egin duen eraikuntza alderdikoiaren irudira, gogaidetasuna dugu inor arbaso izendatzeko giltza, ez odolkidetasuna.

Zazpi hamarkada iragan dira 1936tik honat. Gertakari haien lekuko izan zirenetarik bizirik gelditzen diren apurrek 80 urtetik goiti dituzte. Hala izanik ere, oroimen bizia dira geure burua galtzaile egiten segitzen dugunon artean. Oroimen bizia, irabazleen iloba ideologikoek ahanztura hobesten duten neurri berean noski. Madrilgo Gobernuak atera nahi duen Memoria Historikoaren Legearen gaineko eztabaidak agerian utzi du noraino mintzen dituen gai honek bazterrak. Gauza bera erakusten dute Durangoko eta Gernikako bonbardaketen edo San Kristobal gotorlekuko ihesaren urteurrenek. Dokumentalak, fikziozko pelikulak, liburuak, diskoak... gerla galdu hura inoiz ez bezalako inspirazio iturria dugu, sormenerako nahiz ikerketarako. Nor harrituko, hainbertze hilotz izanda gaizki edo behar ez zen tokian ehortziak? Nor miretsiko, hainbertze zauri izanda hetsi gabe?

Dena ez da, nolanahi ere, hilotz eta zauri. Aukera historiko galdu baten oroiminak ere zafratzen gaitu gerla gogora ekartzean. Egungo ezkertiar petoak, Berlingo murrua erortzen ikusi duen berak, segitzen du gordetzen bere arimaren zokoren batean Francok eragotzi zuela paradisu sozialistaren etorrera. Bertzalde, zenbat abertzalek ez ote dion orduko derrotari egozten (Hego) Euskal Herriaren independentzia lortu ez izana? ETA litzateke, bistan dena, orduko haren ondorio eta segida logikoa.

Kontua da Euzkadik –erran nahi baita, Espainiako Errepublikak– gerla irabazi balu ere, datu bakarrik ere ez dugula aurkituko testuinguru historiko-geografikoan lur puska hau independente eta/edo sozialista izan zitekeela pentsarazten ahal digunik. Aitzitik, testuinguru horri berari begira aiseago ondorioztatzen ahal dugu Euzkadik –erran nahi baita, Espainiako Errepublikak– gerla irabazi balu, egungo Hego Euskal Herriak erkidego autonomo bat osatuko lukeela, Europa Mendebaldeko gainerako estatuekin guztiz parekagarria izanen zen errepublika espainiar baten barnean. Erkidego bat –eta ez bi– kasurik hoberenean, bistan dena.

Horren guztiaren segurtasuna izanagatik ere, ezin, alabaina, gerla hura gogora ekarri bihotza kordokatu gabe. Niretako ere, haren amaiera baino 21 urte geroago sortuagatik, galdu genuen gerla da dena delako gatazka hura. Mundura orduko, galduan ginen gu. Agian gure seme-alaben seme-alabak irabazian jaioko dira noizbait. Eta ez naiz prezeski gerla batez ari.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude