argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Bertsoa eta musika garaikidea elkarrizketan
  • Obra: Ornitorrinkus
    Saxofoia: Judith Montero
    Hitzak eta bertsoak: Maialen Lujanbio
    Musika elektronikoa: Xabier Erkizia
    Argiztapen eta eszena zuzendaritza: Miguel Galindo
    Atrezzorako eskultura: Juan Gorriti
    Jantziak: Ixiar Zugasti
    Lekua eta eguna: Hernaniko (Gipuzkoa) Leoka labaderoa, ekainaren 9an, 22:30ean. Euria bada, ekainaren 10ean, ordu berean.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2007ko ekainaren 03a
Ornythorhyncus paradoxus: Baldin eta sailka ezina, orduan ‘sailka ezin’ bezala sailkatua”. Ereduetatik kanpoko izaerak eta izan ezinak lantzen ditu emanaldi esperimental honek. Eguneroko bizitza “normalean”, “garrantzitsuan”, prentsan, ikusezinak diren gaiak ere bai. Esperimentazio bakoitza izango da bakarra, eta bigarren emanaldi hau Leoka labaderoan egingo dute. Justu herri zentrotik kanpoko uretan, plazaren garrantzia eman ez zaion emakumeen bilgunean, jende arruntaren kontuak jotzen ziren harrietan.
Musika garaikideak –saxofoi sopranoa, altua, tenorra eta baritonoa– eta bertsoak –formarik zabalenean, hitzetik beretik abiatuta– bat eginik hizkuntza propioa osatu dute. Musika garaikidean eta bertsotan, bietan arakatu eta urratu du Ornitorrinkusek bidea, eta bi generoen arteko elkarrizketa sortu. Ez dira, beste emanaldi askotan bezala, bata nagusi eta bestea laguntzaile, ez bi petatxoren batura, ez elkar jaten duten zipriztinak. Ornitorrinkusak espezieen topikoak nola, musika garaikideak eta bertsoak ere euren topikoak hautsi dituzte: Musika garaikidearen ustezko ulertezinkeria eta bertsoaren ustezko tradizionalkeria.

Iazko abenduan, Hernaniko Bertso Lata astearen barruan egin zen lehen esperimentazioa. Ornitorrinko bat zen publikoa bera, sekula areto berean batu ez ziren ezaugarriz osatua: musika garaikideko artistak, bertso mundukoak eta zerbait desberdina entzun nahi zuen kaleko jendea. Barruak mugituta irten ziren aretotik: artistikoki hunkituta asko, eta gehienak, oso barruko kontuak adierazita ikus-entzun zituztelako. Musikak eta hitzak iradokitako sentsazioen esperientzia hartan, dena ulertzeko pretentsioari momentu hura bizitzeak gain hartu zion. Bizitzan eta zure barruan ezer mugitzeak edo planteatze hutsak beldurtzen bazaitu, ez zaitu erakarriko emanaldiak. Emanaldi ausartari publiko ausarta zor zaio.