101 ate, 101 atari, azeri dantzaren bidean

  • 101 ate eta 101 atari. 101 aukera axeri dantzako sokamutilak ezkutatzeko eta agertzeko. Ehizakia oharkabean harrapatzeko hormako txuloetan sartu-irtenean dabilen zirauna bezala. 101, eta denak diferenteak. Haritz eta gaztain egurrezko Erdi Eroko atetzarrak zein altzairuzko errezelaz babestutakoak; azulejatu ederreko bebarruak gordetzen dituztenak nahiz pintura ezkatak zintzilik dituen ezkaratzen mugak. 101 sarrailatzulo ditu Hernaniko Kale Nagusiak.
Hernaniko hainbat atari
Ines Urrutia
“Katedral batek adina balio duen karrika”

"Hernanik ez dauka monumenturik baina paisaia miresgarria dauka eta katedral batek adina balio duen karrika. Hernaniko karrika nagusia" idatzi zuen Victor Hugok. Guk esaldi hori zukututa atera dugu Kale Nagusiak utzi digun inpresioa: Hernaniko Kale Nagusikoa paisaia miresgarria da.

Gudarien enparantzan hasi, Kardaberaz kalean behera egin eta Kale Nagusian gora Gudarien enparantzara. Hori da Hernaniko azeri dantzak egiten duen bidea, eta gure proposamena. Bistan denez gaurkoa ez da kirolerako gonbitea; pasiera honetan ez duzue izerdirik botako non eta ez duzuen zapatu arratsen batean egiten.

Alde zaharreko enkantua

Goizeko lanbro-langarrak disdiratsu eta garbi utzi ditu kaleak. Haurrak etxe atarietan egiten dute juntadizoa bakarrik ez joateko eskolara. Amonak bistaratu dira ezkaratzetatik kapazua hartuta. Profesional presatiak ere badabiltza kalean barrena. Dena oreka eta harmonia iruditu zaigu lipar batez. Gure debilidadea dira alde zaharretako kaleak.

Idi orgaren karrankan Hugok di-da aletzen du Hernaniko ondarea: "eliza arrunt bat –Pompadour estiloko portiko aberatsa duen arren– eta udaletxe ezdeus bat". Gudarien enparantzan hasiko dugu txangoa. Pompadour estiloaren ezaugarria denentz ez dakigu baina atentzioa eman digu portikoaren goialdean dagoen aurpegiak, "haserretutako kalabaza" dela ebatzi du argazkilariak. Udaletxea ez zaigu 'ezdeusa' iruditu. Ez dugu idazle frantsesak ikusitako eraikin bera ikusten. Izan ere herriko etxe zaharra egun batean lur jota gelditu zen. "Zori gaiztozko gerra zibilla sortu zalako meriyo" jazo zen hori herriko seme Txirritak esango lukeen moduan. 1875ean, bigarren karlistadan, lehergaien biltegi bihurtu zuten udaletxea eta karlistek Santiomenditik botatako granada batek arkuak ez beste guztia eraitsi zuen.

Kardaberaz kalean behera taberna mordoa eta etxe dotore batzuk ere ikusi ditugu. Ederrenetakoa Portalondo etxea, Jentildorre ere esaten zaiona.

Ziaboga eta bigarren luzea

Zinkoenean buelta hartu dugu, automobilei txopa erakutsi eta Kale Nagusian goiti abiatu gara. Victor Hugoren uharan: "Dena erliebezko armarriek, bitxi-balkoiek, atari jaungoenekoek apaindua, egun almenen ordez amatxi-loreak dauzkan borta hondatu batek itxia, liburu bikaina dugu non irakurri, orrialdez orrialde, etxez-etxe, lau mendetako arkitektura" Ernani antzezlanaren egileari Hernanin gehien gustatu zitzaiona Kale Nagusia izan zen.

Kontuan izanda Pasaian laketu zen idazleak hitzok 1843an jarri zituela, esan dezakegu, gutxienez, bost mendetako arkitektura eta historia irakurtzeko liburua dela Kale Nagusia. Eta irakurketa modu askotara egin daiteke; egin daiteke poliki, detaile txikienetan plazer hartuz; eta egin daiteke jauzika, han-hemenka geldituz. Irakurketa gidatua ere egin daiteke, eraikin 'garrantzitsuenek' izena eta garaia zizelkatua baitute atarian, lurrean jarritako kolore gorrixkadun harlauzatan. Guri atentzioa eman digu Torretxeak, aurrealde bel-beltza duelako eta leihoetatik isekitako arropen koloreak nabarmendu egiten direlako haizearen kulunkan.

Rioja eta abiapuntu den helmuga

Rioja Kale Nagusian dago eta Kale Nagusia Riojan. Kale Nagusitik Rioja tabernara sartu eta harunzkalderaino joanez gero Kale Nagusia izango duzu parez-pare. Vicor Goikoetxeak egindako horma-pintura da. Kale Nagusira parez-pare irekitako leihoa ertzean Hernaniko Kronika egunkariaren alea duela.

Ostatuan ohiko bezeroak eta tabernariak zeingehiagoka dialektikoan ari dira, elkarri adar-joka. Herriko Errugbi taldea dute hizpide. Denboraldi bikaina eginagatik ezin izan dute balentria burutu; maila gorenera igotzeko kanporaketan El Monte Ciencias Sevillako taldea gailendu zaie.

Rioja tabernatik berehalaxe dago Gudarien plaza. Ibilbidea hasieran da berriz, Hernani guztia dugulako oraindik ezagutzeko.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude