argia.eus
INPRIMATU
Pintura zirtxil dardarkariak
  • Datorren urtean betetzen dira gure arte obra berezienetakoaren eta ezezagunenetakoaren 40 urte: Ere erera baleibu icik subua aruaren... titulua duen film luzearena. Aurten, eta aspaldiko partez, Guggenheim museoan ikusteko aukera izan dugu. Tabakaleran ikusgai izango da laster gai bereko erakusketa zabal baten barruan. Madrilgo Animadrid zine festibalean atzera begirakoa izango da baita ere, argitalpen eta guzti. Eta jaioberria den Cahiers du Cinema aldizkari espezializatuaren bertsio espainiarrean monografikoa eskainiko diote halaber, bigarren alean.

    Egia esan, urteak betetzearena titulua da soilik. 1968 urteko Bilboko zinema jaialdiaren lan esperimentaletarako saria irabazi zuenak izenburu bera zuen: Jose Antonio Sistiagak burutu zuen lehen bertsio laburra, bere obra piktorikoaren zein zinematografikoaren barruan arraroa den lan figuratiboa. Garai hartan, kultur kudeatzaileekin zein administrazioarekin erreta, bere laguna zen Rafa Ruiz Balerdi Homenaje a Tarzán filma pintatzen zebilen hain justu. Sistiagak berea egiteko, 35mmtako film erroilu bat eta titulu berezia asmatzeko iritzia eskatu zion lagun honi.
Bego Vicario 2013ko maiatzaren 03a
Bego Vicario
Iñigo Azkona
Lehenengo lan horretan gorroto zituen funtzionario buru guztiak suziri batean sartzen zituen eta ilargira bidali ere. Gero beste espazio-ontzi birekin egiten zuten topo: igitaia eta mailua formaduna bat eta dolarraren ikurra $ bestea. Hirurek larrua jotzen dute eta lehenengo txakolin botila eta gero futbol baloia bilakatzen dira Donostiako hondartzan lurreratzeko. Film laburra De la luna a Euskadi (Ilargitik Euskadira) berrizendatu zuen egileak, honela asko gustatzen zitzaion lehen titulua hurrengoan erabili ahal izateko. Gaur egun, nik uste, Sistiagak pentsatzen du hobe estratosferan gelditu izan balira, egungo kultur munduaren kudeaketarekin ez baitago batere ados.

Sistiagak X Films ekoiztetxearen hornitzailea zen Juan Huarte enpresa gizonarekin hitz egin zuen proiektu handiago bat proposatzeko, baita hark onartu ere. Honela hasi zen ordu eta laurden irauten duen –eta jatorrizko izen bereziarekin ezagutzen dugun– film miresgarria, aztoragarria, ederra eta nik esango nuke filmaz harago doan ikuskizuna.

Urte eta erdi pasatu zuen artistak Hondarribiko lantegian kukubilko jarrita, lurraren gainean zabal-zabalik jarrita zuen zeluloide tira mehe eta luzea pinturaz zipriztintzen, koloretako orban anitzak sortzen, abiapuntu metodologiko bakarra zipriztin haiek alde guztietatik jaurtitzea zela, gero sortutako irudi beraiek urratzen zuten bidea aitzakiarik gabe jarraitzeko. Sorkuntza bete-beteko epealdia izan zen, Sistiagarentzat barrukoena husteko grina eskatu ziona, askotan denboraren zentzua ere galtzen zuelarik.

Lerro hauetatik, nire aholkua da, arestian aipatutako aukeretako bat aprobetxatu eta ikustera joateko, behin baino gehiagotan ahal bada. Esperientzia berria den honetan ere, beste gauzetan bezala, ikasi egin behar delako disfrutatzen, obraren aurrean nola erreakzionatuko duzun jakiteko, eramango zaituen mugetatik harago beldur gabe joan zaitezen.

Inoren lurraldean mugitzen den lan bikain honek ez du pinturaren bibliografia berezian lekurik aurkitzen, ezta zinemagintzaren aldareetatik botatzen diren iritzietarako merezimendurik ere, baina egia da, izan, gizakiak sortu duen ikuskizun aluzinagarrienetako bat dugula, eta inoren babesik gabe ere denboran zehar iraun duela lehen egunean bezain indartsu, koloretsu eta musikal.