Nor aberasten da Afganistango Mitxoletez?

  • Amerikako Estatu Batuek Afganistan inbaditu zutenetik opio salerosketa izugarri handitu da. Talibanek eta bertako jauntxoek gerrarako erabiltzen dutelako ote, komunikabide nagusiek dioten moduan? Alderantziz: Mendebaldea dago trafikoaren atzean, hala diosku Michel Chossudovsky ekonomialariak.

    Michel Chossudovsky ekonomialari kanadarra da, Otawako unibertsitatean irakasle, eta hizkuntza askotara itzulitako liburuak idatzi ditu. Ezagunenak, “Guerres et Mondialisation: A Qui Profite Le 11 Septembre?”, “The Globalization of Poverty” eta “America's 'War on Terrorism'”. Aldizkari aurrerazaleetan ere argitaratzen ditu artikuluak, eta Globalizazioaren Ikerketarako Zentroaren zuzendaria da; honen webgunea Global Research da eta ingelesez bezala frantsesez irakur daiteke.
Soldadu yankia mitxoletaz betetako zelaian
Argazki hau The Washington Post egunkariak ipini zuen bere orrietan: Afganistango parajeren batean, opioa ekoizteko darabilten mitxoleta soro baten erdian soldadu yankia, urrunagotik militar gehiago eta kazetariak begira dituela. Papaver somniferum landarez ereindako hektareak sekula baino ugariagoak dira, eta komunikabide nagusiek "“Afganistanen esku hartu duten gobernuen esanari jarraiki"“ diote horietatik ateratako heroina talibanek eta lekuko gerrako jauntxoek darabiltela, indar militarra ordaintzeko. Michel Chossudovsky beste iritzi batekoa da. Aditu honentzako, talibanek kasik deuseztea lortu zuten labore hori berriro Mendebaldeko botereek eta batik bat CIAk indartu dute, bere jarduna finantzatzeko behar duen diru beltza sortzeko ahaleginean. Afganistanen amerikarrek ipinitako Hamid Karzai lehendakaria bera CIAko agente izana omen da.
Irakurleak aurreko guztia jakin behar du, ohar dadin ez dela panfletogile gauchista bat honako ideia publikoak defendatu dituena: Afganistan amerikarrek inbaditu zutenetik urritu ez baizik eta izugarri handitu da munduan heroina trafikoa, eta hori espreski ari dira bultzatzen Mendebaldeko potentziak. Global Researchen titulu hau ipini dio Chossudovskyk maiatzeko artikuluari: “Gerrako harrapakina: Afganistanen milaka milioi dolarreko heroina trafikoa”. Eta azpitituluan: “Washingtonen ezkutuko agenda: droga trafikoa berriz ezartzea”.

Nazio Batuen Erakundearen Droga eta Krimenari buruzko Bulegoak (UNODC, ingelesezko sigletan) plazaratutako informazioetatik abiatu da Chossudovsky: 2003an 80.000 hektarea soro zeuden Afganistanen mitxoleta (opiotarako erabiltzen den landarea) ereinda, eta horietatik 3.600 tona opio ekoitzi zen. 2004an 120.000 hektarea izan ziren. Chossudovskyk dioenez “koru baten antzo, AEBetako komunikabideek hango erregimen islamiar hondoratua egiten dute errudun, eta ez dute sekula aitortzen talibanek –Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean– 2000.ean mitxoletak ereitea debekatu zutela. 2001erako %90 urritu zen opio produkzioa. Eta egia zera da, opioa ereiten berriro hasi zirela AEBek talibanak boteretik kendu zituztenean”.

UNODCen datuetan, 2001ean 185 tona opio besterik ez zuen produzitu Afganistanek; aldiz 2000.ean 3.300 tona zituen ekoitziak, eta aurreko urtean 4.700 tona. Nazio Batuen Erakundeen batzar orokorrean eskaini ziren xifra hauek, Kabulgo gobernuari zorionak emateko.

Inbasioarekin, ordea, NBEk bere argudioak aldatu egin ditu, eta 2004an AEBek horretarako presio handia egin ondoren deklaratu zuten, 2000.eko opio murrizte hori ez zela izan erradikazio kanpaina garbi bat, mundu osoan heroinaren prezioa artifizialki garestitzeko maniobra baizik. Talibanen maniobra makiabelikoa, alegia. Hala ere, sekula ez da aurkitu hori justifikatuko zukeen opio-biltegirik Afganistanen, eta hala aitortu zuen UNODCk berak.

Michel Chossudovskyk oso bestelako esplikazioa dauka Afganistanen gertatu dena ulertzeko. “Heroina milaka milioi dolarreko negozioa da, interes boteretsuek sustatua, eta lehengaien joan-etorri egonkor eta ziurra behar du. Hain zuzen, gerraren helburu ‘ezkutuetako’ bat horixe zen, CIAk babestu duen droga trafikoa berriro ezarri eta aurreko produkzio mailara igotzea, drogaren ibilbideak zorrotz kontrolatzeko”.

Lortu dute. 2001ean AEBek Afganistan inbaditu ondoren, opio merkatua “normaldu” egin zen. Opioa izugarri garestitu zen: bi urte lehenago baino 10 bider karioago pagatu zen 2002an. Talibanekin 2001ean 185 tona opio ekoiztu zen, eta Hamid Karzai lehendakariarekin 2002an 3.400 tona.

Heroinaz gerra sekretuak ordaindu

Afganistanen opioa eskualdeko kontsumorako baizik ez zen ereiten 1979 arte. Baina orduan piztu zen sobietar inbasoreen kontrako gerra, eta –dio Chossudovskyk– “Afganistan narkotikoei lotutako ekonomia izatea CIAk zehatz planifikatu eta AEBen atzerri politikak sustatu zuen”. Hori frogatzen duten datuak, besteak beste, “Iran-Contra” afera famatuaren auzian azaldu omen ziren. Alegia, errusiarrei gerra egiten zieten mujahidinei CIAk eskainitako laguntza drogaren dirua zurituz bideratu ziela, horretarako banku oso garbiak eta CIAk berak antolatutako kamuflajezko konpainiak erabiliz.

Garai hartan Pakistan eta Afganistanen muga inguruko eskualde eta soroak bihurtu ziren munduko heroina ekoizle nagusiak. AEBetako eskariaren %60 asetzen zuten. Erosle gehiago behar zenez, 1979an kasik heroinomanorik ez zeukan Pakistanek 1985erako 1,2 milioi zituen. “Mujahidinek Afganistango lurraldeak berenganatu ahala, nekazariak opioa ereitera behartu zituzten, zerga iraultzaile moduan, eta heroina ekoizteko milaka laboratoriok funtzionatzen zuten Pakistango inteligentzi zerbitzuen babesean.

Honetan guztian gakoa zera da: droga trafikoak munduan mugitzen dituen etekinak ez dabiltzala oso urruti armen salerosketak eta petrolioarenak sortzen dituztenetatik. Nazioarteko Moneta Funtsak kalkulatu du munduan urtean 590.000 milioi eta 1,5 bilioi dolar arteko dirutza beltzak garbitzen direla. Horien zati handi bat narkotrafikoari dagokio. “Narkotrafikoa –dio Chossudovskyk– ez da egokia talde terrorista eta gerrako jauntxoentzako, esaten denaren alderantziz. Narkotikoen atzean enpresa eta finantza interes oso handiak daude. Alde horretatik, drogaren garraiabideen kontrol geopolitiko eta militarra petrolioarena bezain estrategikoa da”. Narkotikoen inguruko dirutza kriminalitateak sortzen du, CIAren babesean, eta hori Mendebaldeko bankuek zuritzen dute paradisu fiskalak erabiliz. “Komertzio honek ezingo luke aurrera egin ‘oso goian kokatutako lagun politikoak’ eduki gabe”.

Afganistango soroetako mitxoletak haluzinazioez gain irabazi handiak eragiten dituenez, hauen analisia ere egin du Chossudovskyk. Zeren eta Afganistango heroina nekazariari ordaintzen zaionaren 100 halako pagatzen baita nazioarteko merkatu beltzean. Opio bildu berria kiloko 350 dolarretan pagatzen zen 2002an. New Yorken urte hartan %62ko purutasuna zeukan heroina gramoa 112-153 dolarretan pagatzen omen zen, DEA famatuaren kontuetan. Prezioak hiri batetik bestera aldatzen dira, noski.
Kontuak egiten hasita, 2003an Afganistanen sortutako 3.600 tona opioek 1.000 milioi dolar emango zien laborariei, eta 1.300 milioi bertako trafikatzaileei. Hortik aurrera, “monoa” baretzeko behar duen gizagaixoaren eskuetara iritsi bitartean, adulteratze eta garestitze prozesu oso bat jarriko zen martxan. Eta ororen buru, zenbat diru mugiaraziko zuten 3.600 tona horiek?

Egin diren kalkuluen artean, Chossudovskyk sinesgarriena Britainia Handiko poliziak ezagutarazitako prezioen gainean eraikia dela uste du, eta kopuru hau ematen: 80.000 milioi dolar. Afganistango heroinak soilik. Baserritarrei ordaindutako 1.000 milioiak kendu eta kontatu behar dira tratalariak, inteligentzia zerbitzuak, krimen antolatua, bankuak, handizkako saltzaileak, trapitxeroak... etekin erraldoi hori banatzeko.

Dirutza hori guztia gero paradisu fiskaletan garbitu eta inbertituko da etxegintzan, hoteletan, zerbitzu enpresetan, industrian, burtsako produktuetan, gobernuen zor publikoan... Labore txit emankorra da Afganistango lo-belarra.


http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude