argia.eus
INPRIMATU
Negoziazio kolektiboa
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 03a
EAEko Lan Harremanetarako Kontseiluaren azken txostenak dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 387.811 langile hitzarmenik gabe daudela. Gainera, epe laburrean hitzarmena ixteko esperantzarik gabe daude, patroi batzuk aurka baitaude. Guztira 551 hitzarmen: 421 enpresetakoak eta 130 sektorekakoak, oraindik sinatu gabe daude. Urteko lehen hiruhilabetekoan 7.918 langileri eragiten dieten 44 hitzarmen baino ez dira sinatu. Nafarroako egoera, dirudienez, ez da oso bestelakoa, nahiz eta hobea izan. Zergatik egoera hau? Enpresaburuak ez daude aurreko urteetan baino egoera ekonomiko okerragoetan. Askoz ere hobeto daude. Espainiako Bankuaren arabera, enpresetako onurek 2006an %31,7ko igoera izan zuten. Horrek 2005ean lortutako %29,7koa baino hazkunde handiagoa esan nahi du. Beraz, enpresak langileen egoera soziolaborala eta ekonomikoa hobetzeko moduan daude. Hortaz, egoera horren arrazoia beste nonbait bilatu behar da: gizartean eta sindikatuen esparruan. Dudarik gabe patroiak lasai eta harrotuta daude, langileak zein sindikatuak ahul sumatzen dituztelako. Horregatik daukate blokeatuta hainbat hitzarmenen negoziazio kolektiboa, azpitiko eskaintzak eginez. Sindikatuek jarrera aldatzen ez badute, nabarmendu nahia alde batera uzten ez badute eta negoziazio kolektiboaren korapiloa askatzeko sindikatuen artean batzen ez badira, galtzaileak, beti bezala, langileak izango dira.