argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Leiho bat ataskoan
  • Naizitenjan, The Window Ventanas
    Cantón Records (1997)

    Ordubete da gidariak alboko autoei erreparatzen ez diela. Berean dago eta, arraroa badirudi ere, ez da onetik atera eguzkitan autoarekin ez aurrera eta ez atzera. Hamar urte izango dira honezkero. Soinu handirik atera gabe itxi zuten leihoa. Windowa. “Hauetaz zerbait idatzi beharko diagu ba?”.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2007ko maiatzaren 27a
Idatzi, adibidez, bazela Tolosa alde horretan The Window Ventanas izena zuen talde bat. Historia, bertso txikitan honakoa da: bi maketa eta Naizitenjan LP hau; 50 kontzertu inguru, horietako batzuk Suitzan 92an egindako biran; bateria-joleak aldatu, Bilbo Hiria lehiaketan parte hartu, Diario Vascoren DVorame gehigarriak antolatutako maketa lehiaketa irabazi eta azken kontzertuak eskaini. 1998, ixteko ordua.

Zer ziren ba? Undergroundaren undergrounda. Pop-rock talde sotil bat, halako indie eta garaje rock ukitu batekin. Noiz ordea? RRV-aren ajeen (quosque tandem?) hamarkada betean. Jendea ez zegoen prest. Teklatua eta guzti zeukaten, jainkoarren!
Donostiarako ataskoa, zeruertzerainokoa, eta eskerrak erredakzioko disko zaharren artetik ale arraro hau erreskatatu duen. Auto ilara Super 8 kamera batekin grabatutako bideoklipa bezala ikusten hasi da 17 abestiei esker.

“Hauetaz idatzi beharko diagu ba?”. Aurkikuntza izan dela, merezi duela.

Ez dira itzuliko. “Revival-a ezinezkoa da lehen arrakastarik izan ez bazenuen. Ez dut uste orain gu ikustera jende asko joango zenik”, Jon Martijak, taldeko kantari izandakoak, telefonoaren beste aldetik.

Eseki eta pena dela pentsatu du gidariak. Eta mereziko lukeela gure musikagintzaren historia petral antzeko bat idazten hasteak, fetitxistentzako besterik ez bada ere. Lagundu nahi duenak bota harri koxkorra bentana honetara.