argia.eus
INPRIMATU
Gutxiagotuak
  • Euskal Herria herri txikia da, mendeetan zehar txikiago bihurtua. Gutxiagotzen joan gara euskaldunak, mendeetan zehar alde bateko eta bertzeko jende arrotzek menperatzen eta bereganatzen joan ahala, haien hizkuntzak nagusitzen joan diren neurrian. Gutxiagotzen joan gara euskaldunak, bertako jendeek beren interes sozio-ekonomikoak euskararen gainetik ikusi eta bilatu dituztelako. Gutxiagotzen joan gara euskaldunak, gu baino gehiago eta indartsuago direnen izaera eta arrazoiak gureak egin ditugulako, hobeak direlakoan; horrela gu ere handiagoak eta indartsuagoak izanen garelakoan. Horrela, kanpotik etorritakoek erdaldundu dute Euskal Herria, baina baita bertakoek ere.

    Eta horretan ari dira kanpokoak, gaur egun ere. Eta horretan bertako hainbat ere. Gertakari hau Euskal Herri osoari badagokio ere, eremu batzuei nabariago. Nafarroari, errate baterako. Hemen Francoren diktadura berpiztu bailitzan bizi gara, hainbat ikuspuntutatik begiratuta. Badakit bertze lurraldeetan ere antzera pentsatzen dutela bertako egoeraz. Hala ere, Nafarroa eskuindartasunak markatuagoa duela iruditzen zait: bai Administrazioa, kultura mundua zein Eliza.
Pello Apezetxea 2013ko maiatzaren 03a
Pello Apezetxea
Alberto Elosegi
Agintari nagusiak euskara desagerrarazteko ahaleginetan dabiltza, ezinbertzeko salbuespenak tarteko izanagatik. Ez dakit, historian zehar, inoiz horrelako jokaerarik izan duten nafar agintariek. Hori, gainera, gauza arrunt eta normal bailitzan egiten da, demokrazia deitzen den agintepean, herri honen izaera bera eta honekin lotuak doazen eskubideak ukatzen dira. Harrigarria? Baina horretaraino bihurtu da diktadura demokrazia izeneko egitura eta jokaera politikoa. Eta horrela jarraitzen dute Euskal Herria txikiagotzen, euskaldunak gutxiagotzen.

Eta horrela jarraitzen dugu euskaldunok, ez denok noski, eta beharrik, txikiagoak garelako, gure eskubideak ere txikiagoak direla pentsatzen. Zergatik, bertzela, erdaldunen eskubideen izenean gureak baztertu egin behar ditugula onartu? Zergatik onartu, erdaldun batenganako errespetuagatik egoki dela hamar euskaldun ukatzea? Zergatik uste izan, euskaldunek erdara ulertzen badute, –oroitu ikastera behartzen gaituztela–, ez dela euskaraz zergatik egin. Hori etxean ikusten ahal dugu, edo lagun artean. Eta gauza bera aunitz elizetako ospakizunetan. Eta euskal telebista aipatzen badugu? Eta… eta… Nola, bada, ez gutxiagotu horrela? Euskaraz bizitzeko egiten diren ahaleginak eginda ere, sinesgaitz gertatzen zait gero eta gehiago garela.