Galera goriak

  • Beltza beltz zabaltzen ari da. Sotanenean eta faxisten urdinean mozorro. Beltza ez bezala galeran da gorria. Gorriak gorri du eta dugu. Aurreko bakanen ondoren kukuak dakar loretza geurera. Gorririk badenaz jabetu al zara? Mitxoletarik ikusi al duzu aspaldiko urteotan? Mitxoleta (Papaver rhoeas) ahulezko itsasoak ezagutu ditugu lehorrean, ibaia eta itsaso berdeak errio direnaren algameneko duna eta hondartza harroetan eta urak mediterraneora, Llach-en zubi urdin horretara bidaltzen dituzten lurretako labore soro amaigabeetan. Kukualdi oro gorritza hari so, ez genuen artean inoiz amaituko zirenik asko uste. Joan badira joan dira bada. Ez, eraman, eraman badituzte eraman dituzte bada.
Opioa, morfina, heroina... sendi ederraren ama lobelarraren (Papaver somniferum) ahizpa da mitxoleta eta udaberria berotxo zapuzten denean lore, bazkalondoko lo-kuluxkarako amu sedante bikaina da. Badenean, eraman gabea dutenetan. Hondarretatik porlanak eraman ditu politikarien patrika zikinetara. Labore soroetatik herbizidek baztertu bide aldeetako zirrindetara. Euskal Herriko mendi Andiaren hego aldeko bidea hartu dut, gari-garagarrak itsasoaren erauntsitik artadiak babesten duenetik abiatu eta Ebroraino, Egan barrena. Ale soroak berde eta zainzurienak beltz, plastiko uhin. Alde gorrietako bideak aldamenekoek azagrarrei tarra (txepela), andosillarrei indioilar, karkartarrei argi-oilar eta san adriandarrei gaztain-ur deitzen dieten lurretara narama, errekete urdinek gorritu zituzten herrietara. Hemen bai, almendrondo eta olibondo barrokoteen babesean gorritzak, mitxoletadi latzak ageri dira. Haizeak petaloak etxeetako leihoetaraino daramatza. Itsasokada malko begi bila.

ASTEKARIA
2007ko maiatzaren 27a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude