argia.eus
INPRIMATU
Ezker-eskuin
  • Baiki, Itxaro, hainbat gaizto guretako, Royal gabe, Sarkozy Frantziako presidentea dugulako. Inkestek porrota iragarriagatik, ez nintzen gutxiago ustekabetu edo gutxiago penatu. Hala ere, lagun hurko anitz ez ditut desolamenduan lagun, ez eskuindarrez inguraturik bizi naizelako –baina batek daki, gero eta gutxiago fidatzen naiz, baita neure buruaz ere–, baizik eta nazioarteko politika ez baitute jarraitzen. Frantzia lekutan dago.
Angel Erro @angelerro 2013ko maiatzaren 03a
Angel Erro
Josu Santesteban
68ko maiatza zer esanik ez –hemendik 39 argi urtetara, zehazkiago–. Hemen ere irakurri ahal izan dugun artikulu batean André Glucksmann hirurogeita zortziko filosofo progresista ohiak berak hil eresia egin dio efemerideari, Joseph Ratzingerrek, Elizaren aggiornamentoaren teologo iraultzailea izandakoak, Vatikano Bigarrenari azken oliadura eman dion bezalaxe. Tengo una pregunta para usted, Basterretxea jauna: zerk egiten/eginen gaitu eskuineko, adinak ala iraultzailetasunak?

Honen harira, gogora etorri zait, aurten, Frantziako ordezkari, Eurovisionera joan diren Les Fatals Picards taldekoek Pomelo mekanikoa diskoan abesten duten kanta bat. “Ezin da haurtzaroa hautatu. Ez ninduten eskuindarra izaten utzi. Gure aita hain zen ezkerrekoa non auto istripu piloa eduki izan dugun, berak sistematikoki ez baitzion eskuinari lehentasuna eman nahi. Gure aita hain zen ezkerrekoa non 1981ean, bozkatzera zihoala, hau aldatuko zela uste baitzuen. Ez dakit zer aurpegia geldituko zitzaion 2007an, bozkatzera joatean”. (2002 aldatu dut jatorrizkotik eta 2007 paratu, okasiorako egokitzeko). Bestetik, lan zaila du ezkerrak Mendebaldean. Aberatsak gara eta esplotatzaileak. Horri utzi gabe, nola bultzatu politika sozialak? Norendako politika sozialak? Mugaz barrukoondako soilik? Eskuinak gertu du erantzuna. Esku gogorra eta patriotismoa. Ezkerra ezin da izan anbiguoa besterik.

Eta orain, hamalau urterekin Arrosaren izena irakurtzean itsatsita gelditu zitzaidan esaldi batekin, orduan eta batez ere institutuko aldageletan oso erabilgarria izan zitzaidan esaldi batekin, esatearren, si licet magnis componere parva (gauza handiak txikiekin parekatzea zilegi baldin bada), Frantziakoak Nafarroakoekin alegia, aste honetako foru hauteskunde hauek hizpide hartuta aspertuko zaituztet, artikulutik gelditzen zaidan zutabe heren honetan, Jose Inaziok hitza ken diezadan arte.

Inkestek aldaketa iragarri dute, eta, inkestei ez badiegu arrazoia kentzen, nafarrek –oraingoan lehorreko nafarrek, nafar maritimoek beste uhin bat itxaron beharko dute– eskuina igorriko dugu. Hala balitz, ongi kudeatu beharreko euforia batek hartuko gintuzke. Nafarroako euskaldunak depresio moduko batek jota luze izan baikara, eszeptizismo etsira eramaten gintuena. UPNko gobernua betierekoa, atzeraezina, zela pentsatu dugu, pentsarazi digute hamaika urteotan. Eta orain badirudi azkena jo duela. Inkestek hala esaten dute. Dezagun guk ozenkiago errepika!

Harenga tonua barkatuko zait, benetan ilusionaturik bainago, baina urteetako soraiotasunetik atera nauten inkestek berberek ere esan dute Iruñean %17k baino ez duela bere burua eskuindartzat jotzen. Et puis –kantatzen dute Les Fatals Picardsekoek–, merde, je vote à droite juste pour savoir comment ça fait (eta gero, kakazaharra, eskuina bozkatzen dut soilik nola egiten den jakiteko). Arretaz, beraz.

OHARRA: Ezker abertzale ortodoxoaren jazarpen dudarik gabe antidemokratikoa hemendik salatuko nuke, haiek beraiek ez baligute, indarrak ahitu arte, lehenago errepikatu gaitzespenen gurpilean sartzeak ez duela deusetarako ere balio.