argia.eus
INPRIMATU
Eva Forest hil da
Jon Torner Zabala @jtorner 2007ko maiatzaren 27a
Larunbatean eman zuen azken hatsa Eva Forest idazle eta intelektualak. Operación Ogro liburuaren egilea Bartzelonan jaio zen arren, aspaldidanik Hondarribian bizi zen Alfonso Sastrerekin. Ezkerreko ideiekin engaiatua, elkartasunak Kuba, Vietnam, Sobiet Batasuna eta Ekialde Hurbilera eraman zuen, besteak beste. Torturaren Aurkako Taldearen (TAT) sorreran parte hartu zuen eta gaiaren inguruko hainbat liburu idatzi zituen. Kartzela ere ezagutu zuen bere ideia politikoengatik, 1962an lehen aldiz, 1974an bigarrenez. Diario y cartas desde la cárcel liburuak ematen du garai horren testigantza. 1990etik Hiru argitaletxean ziharduen lanean buru belarri. Bibliografia zabala eta liburu argitaragabe ugari utzi ditu, inork bete ezingo duen hutsuneaz gain.