argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2013ko maiatzaren 03a

Iñigo Fernandezek (Euskara eta publizitatea izeneko blogaren egilea) erabili.com-en esanak: “(...) Gazteei ikasgelan euskara saldu nahi badiegu, hori da lortu behar dugun lehen-lehendabiziko gauza: euskara saltzaile gisa ikusi behar luke bere burua irakasle bakoitzak. Hau da, kontziente izan behar du irakasleak asko egin dezakeela egunero aurrean dituen ikasleei euskara saltzeko, eta horretarako, argia izan behar duela, seduzitzailea, limurtzailea, norbaiti astebururako plan jakin bat saldu nahi dionean jokatzen duenean bezala, adibidez. (...) Hortaz, esan gutxiago, eta demostratu gehiago egin behar zaie. Euskara modan dagoela esan beharrean, eskolara modan dauden artista, musikagile edo kirolari euskaldunak eramanez, esaterako. (Ez da nahitaezkoa haiek ikasgelara fisikoki eramatea. Ez gara alferrik bizi teknologia berrien garaian). Esan nahi da, azkarrak izan, eta ikasleengan eragin nahi dugun erantzuna lortzen saiatzeko, motibatzaile eraginkorrak aurkitu eta eskaini behar dizkiegula, beren gustukoak eta euskarazkoak, baina ez euskaraz daudelako atsegin egin nahi dizkiegunak”.

 

Nafarroako Gobernua eskoletan ezartzen hasi den British programa dela-eta Kalen Astizek (Sortzen Ikasbatuaz) esanak Berrian: “Hau ez da hezkuntza eredu bat; inolako azterketarik ez dute egin ezarri aurretik, ez dute haren emaitzen inguruko ebaluaziorik egin, eta helbururik ere ez dute finkatu. British programa duen G eredua besterik ez da. Esperimentu hutsa. Eleaniztasuna bermatzeko eredutzat saltzen dute, baina nekez lortuko dute hori bertako hizkuntza ukatzetik abiatzen badira”.