argia.eus
INPRIMATU
Txinpantzeek leizeko freskoa maite dute kanpoan bero denean
  • Iowa (AEB) unibertsitateko Jill Pruetz antropologia irakasleak berri harrigarria eman zuen orain hilabete batzuk: txinpantzeak ehizatzeko lantza erako hainbat tresna erabiltzen ari ziren. Albistea Afrikatik eman zuen, bertan, Senegalgo Fongolia eremuan ari baitzen behaketak-eta egiten; berriki azken hilabeteotako lanaren emaitza kaleratu du. Esan duenez, txinpantzeek leizeak erabiltzen dituzte bero handitik babesteko.

    2004ko hondarrean konturatu zen zientzialaria txinpantzeek leizeak erabiltzen dituztela. Jaki-hondarrak, kakak, ileak eta gisako arrastoak aurkitu zituen aurrena Pruetzek. Gero ordea froga zuzenak lortu ditu, txinpantzeak ikusi baititu leizetara sartzen. Txinpantzeek Sakoto deitu leizea erabiltzen dute urria eta maiatza bitartean; Senegalen eguraldia urteko beroena eta lehorrena den sasoian.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko maiatzaren 20a
Leizean 24,2 ºC-ko tenperatura ederra zuten; leizetik 20 metrora dagoen basoko batezbesteko tenperatura ia 30 ºC-koa zen. Alde ederreko freskura leizeko gerizpetan. Zehatz-mehatz esanda, txinpantzeak janaria hartu eta leizera jatera sartzen dira eta digestioa egin arte bertan izaten dira.

Aurkikuntza honen garrantzia ondoko ideia honetan datza: gizakia zerbaiten eboluzioa dela jakin badakigu eta zerbait hori basoetan bizi izan zela hasieran ere bai. Eta eboluzioaren poderioz, bizimodu erosoagoen bila, leizetara joan zela ere ezaguna denez, txinpantzeak antzeko bidean abiatu ote dira?

Ipar poloa uste baino azkarrago ari da urtzen.....
Izotzik gabeko udak uste baino lehenago ezagutuko ditugu Julienne Stroeve eta Mark Serreze ikerlariei sinestera. Baieztapena egiteko alderaketa egin dute; batetik klimaren azterketarako gobernu arteko taldeak (GIEC) aztertutako hemezortzi eredu klimatiko hartu dituzte eta bestetik hegazkinek, itsasontziek eta sateliteek hartutako datuak.

Izotzik gabeko udak uste baino lehenago ezagutuko ditugu Julienne Stroeve eta Mark Serreze ikerlariei sinestera. Baieztapena egiteko alderaketa egin dute; batetik klimaren azterketarako gobernu arteko taldeak (GIEC) aztertutako hemezortzi eredu klimatiko hartu dituzte eta bestetik hegazkinek, itsasontziek eta sateliteek hartutako datuak.

Urtero-urtero irailean, izotz-geruzak tamainarik txikiena izaten duenean, neurketak egiten dituzte. Bada GIEC-n arabera 1953-2006 tartean izotz geruzak hamarkadako %2,5eko galera izan du GIEC-n arabera. Arestian aipatu ikerlarien arabera, ordea, hamarkadako galera %7,8koa da.

Martxoan izotz-geruzak urte osoko azalera maximoa izaten du, eta urte sasoi horretan izotz eremuek izandako bilakaeraz ere datu diferenteak eman dituzte bi taldeek.

Ikerketak aurrera jarraitzen du eta datozen urteotan, izotz gutxiago izango dugu; gauzak argixeago izango al ditugu behintzat.