Nekazariak gutxitzen, lursailak handitzen

  • Nekazariak gero eta gutxiago dira, eta gero eta zaharragoak. Euskal nekazaritza azkenetan dago. Hori bai, ustiategi kopurua behera egiten ari da eta nekazaritzako azalera erabilia gero eta handiagoa da.

    Egunetik egunera nabarmenagoa da euskal nekazaritza galzorian dagoela. Zazpi euskal lurraldeak kontuan hartuz, lurralde batetik bestera egoera desberdina bada ere, gero eta ustiategi gutxiago eta handiagoak gelditzen dira. Gainera, egunetik egunera zaharragoak dira sektore honetan lanean diharduten herritarrak. Ustiategi jabeen erdiak baino gehiagok (%57,2k) 55 urte edo gehiago ditu. Hala ondorioztatzen da Gaindegiak egindako nekazaritzako estatistika nazionaletatik (www.datutalaia.net).
Nekazari bat
Argazki Press / I.O.
Biztanleriaren %3 nekazaria da

Euskal Herrian 2001ean 36.326 pertsona ari ziren nekazari lanetan, hau da, biztanleriaren %3. Ehuneko hori Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik dago, are gehiago, baxuenetakoa da. Urte hartan batez bestekoa %5,3koa zen –gaur egun Europar Batasuna osatzen duten 25 estatuak kontuan hartuta–. Konparazio baterako, 1975. urtean euskal nekazaritzaren sektoreko okupazioa %8,3 ingurukoa zen.

Pisu erlatibo handiagoa dute lehen sektorean diharduten Nafarroa Behereko (%26,3) eta Zuberoako (%21,5) herritarrek gainontzeko euskal lurraldeetako nekazariek baino. Biztanleria okupatuari dagokionez, kostaldeko hiru lurraldeetan dauka nekazaritzak pisurik txikiena (Bizkaian biztanleria okupatuaren %1,7k dihardu nekazaritzan, Gipuzkoan %1,8k eta Lapurdin %2,4k). Tarteko mailan daude Araba eta Nafarroa; aipatutako hiru lurraldeena baino proportzio handiagoa dute, baina ez dira iristen Zuberoaren eta Nafarroa Beherearen mailetara. Izan ere, Araban biztanleria okupatuaren %3,1k egiten du lan lehen sektorean eta %5,4k Nafarroan.

Nekazaritzatik bizi den biztanleria okupatuaren gehiengoa Nafarroan bizi da, hain zuzen ere sektore horretan diharduten pertsonen %36,2. Gainontzeko lurraldeak atzetik ditu, hurrenkera honetan: Bizkaia (%20,6), Gipuzkoa (%14,8), Araba (%10,9), Nafarroa Beherea (%8,4), Lapurdi (%5,5) eta Zuberoa (%3,6).

Ustiategi gutxiago daude orain

Euskal Herrian gero eta ustiategi gutxiago daude eta gelditzen direnak egunetik egunera handiagoak dira. Nekazaritzako 71.699 ustiategi genituen 1999an, 1982an baino %22,6 gutxiago. Urte berean, Nekazaritzako Azalera Erabilia (NAE) 1.010.876 hektareakoa (ha) izan zen, 1982an baino %19,2 handiagoa. Gaur egun 14,1 ha-koa da ustiategien batez besteko tamaina, baina 1982an 9,2 ha-koa zenez, %54 hazi da nekazaritzako azaleraren batez bestekoa.

Euskal Herriko nekazaritzaren joera Europar Batasunekoaren berbera da. Europar Batasuneko estatu guztietan, ustiategien kopuruak behera egin du 1988 eta 1999 urteen artean. Eta, Europar Batasunean bezala, euskal lurraldeetan ere gora egin du ustiategi bakoitzean erabiltzen den nekazaritzako azalera erabiliaren ehunekoak.

Gero eta ustiategi gutxiago daude, baina gero eta azalera handiagoa erabiltzen da; hortaz, ustiategi bakoitzak batez beste gero eta azalera handiagoa erabiltzen du. Euskal Herriko lurralde guztietan gertatzen ari da hori, baina ez maila berean. Esate baterako, Nafarroa mutur batean dago eta Gipuzkoa bestean.

1982 eta 1999 urteen artean, Nafarroan Euskal Herriko beste edozein lurraldetan baino gehiago murriztu ziren nekazaritzako ustiategiak (bostetik bi desagertu dira 17 urtean, %40,3 alegia), eta aldi berean, ustiategi bakoitzeko NAEa beste lurraldeetan baino gehiago hazi zen, kasu batzuetan ia ehuneko 100. Gipuzkoaren kasuan, 1982 eta 1999 artean ustiategi kopurua zertxobait hazi zen (%5,3), baina lurralde horretantxe hazi zen gutxien ustiategietako NAEa (%28,2). Gainontzeko lurraldeetan bi muturren arteko gorabeherak izan dira. Nafarroako mailetara iristen ez badira ere, joera berari jarraitzen diote hurrenez hurren Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak, %30aren inguruko ustiategi murrizketarekin eta ustiategi bakoitzeko %55 eta %72 arteko NAEaren igoerarekin. Horien atzetik dago Araba, %9 ustiategi gutxiagorekin eta %40,7 NAE gehiagorekin. Bizkaia da Gipuzkoako datuetara gehien hurbiltzen dena, ustiategi kopuruaren %5,15eko jaitsierarekin eta NAEaren batez besteko %40,8ko gehikuntzarekin.

Ustiategi indibidualak

Ustiategien eredu nagusia ustiategi indibidualena den arren, halakoak gutxitu egin dira 1982 eta 1999 urteen artean. Ustiategien %93,9 indibidualak dira (67.340), hau da, horien titularra pertsona fisiko bat da. Nahiz eta eredu hau oso hedatua egon, murriztu egin da 1982 eta 1999 artean (%96,8 eta %93,9). Lurralde gehienetan, ustiategi indibidualen portzentajea %90etik gorakoa da. Araba eta Nafarroa Beherea dira salbuespenak, hurrenez hurren %82,3ko eta %88,1eko portzentajearekin.

ASTEKARIA
2007ko maiatzaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude