Hamar urtetik aurrerako haurrei zuzendua dago Aitor Aranak Ibaizabal argitaletxearen bidez kaleratu duen Lagun berezi bat. Bederatzi urte zituenean jasandakoak agertzen ditu hartan narratzaileak. Baserri bateko semea, hamalau urteko anaia nagusia baino ez zuen izan lagun ordura arte. Denik hurkoenik hurkoena zen anaia berarentzat. Baina bakarrik gelditu behar izan zuen, anaia hori Gasteizko ikastetxe batera joan zenean. Harrez geroztik mutikoa beldur zen, ikastolako astakiloenek zer egin ziezaioketen pentsatuz, bakarrik zegoela ikusterakoan. Eta gauzak gehiago okertu zitzaizkion, aldameneko etxera etorritako bizilagun berrien portaera nazkagarria zela-eta. Orduan, lagun bat aurkitu zuen basoan, nahiko berezia; baina hartaz etxekoei hitz egin zienean inork ez zion sinestu benetakoa izan zitekeenik.