argia.eus
INPRIMATU
Irakaskuntza publikoa
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 03a
Bada ondo ez dabilen zerbait Ibarretxeren Gobernuko Hezkuntza Sailean. Egungo arazoak ez badira konpontzen, aste hau eta datorrena oso korapilatsuak izango dira EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan. Azarotik izan dira geldialdiak eta mobilizazioak irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan, eta erreklamatzen duten gauza bakarra ez da soldata, garrantzi gehiagoko kontuak badira eskaeretan; hala nola, irakasle bitartekoentzako lan egonkortasuna, 55 urte baino gehiago dutenentzako lan murriztapena, eta abar. Azaroan hiru geldialdi egin ziren eta aste honetan beste laurako deialdia dute: Gipuzkoan, 15ean; Araban, 16an; Bizkaian, 17an eta hiru lurraldeetan, 24an. CCOO sindikatuaren negoziazio eta mobilizazio jarrera bestelakoa da gainerako sindikatuekin (ELA, LAB, STE EILAS eta UGT) alderatuz, eta bere kasa 24an bertan lanuztera deitu du. Bestetik, Hezkuntza Sailerako lan egiten duten jangeletako, garbitasuneko, autobus zaindarietako eta hezkuntza bereziko langileek ere, maiatzaren 18rako egin dute lanuzte deialdia. Lan- eta soldata-baldintzen hobetzea eskatzen dute. Abendutik ari dira elkarrizketetan, baina emaitzarik gabe. Egoera hori, bi kasuotan, usteltzen utzi da. Eta orain, ondorioak datoz: geldialdiak eta lanuzteak, horiek ikasleengan duten eraginarekin. Jarrera arduratsua beharrezkoa da alde guztiengan, behar bezalako adostasuna ahalik eta azkarren lortzeko. Autoritatea ezartzea negargarria litzateke.