Gaurkoan odolak soilik xirripiztintzen duen beste mundu xuri honetako arierak bizikletan ibiltzera garamatza. Aldamenean Epifanio, ni halako bi bizitakoa, sekula bizikletara igo eta zikilixta izan gabekoa! Haur-arte honek nire bizitzako une onenetara narama. Hasieraren amaia zen haur hartara, baratzeko pikupeko altzora. Oraingo amaiaren hasieran, bizikletarako bidean piko harro bat ageri da Urumea errio denaren gaineko ia ehuneko infinituko isuria duen pendiz baten muturrean uztapikuz beteta. Pikondo antzua, txertatua gisa, adarretik, sexurik gabe ugaldua. Eta horretara jarria, ondorengorik izango badu gure eskuen beharrean den pikoa, pikondo gajoa. Horra amaia, txertoarenaren tankerakoa, fruitua urtean behinekoa gutxitxo eta bitan eta oparo eman: udaberrian uztapikua eta udazkenean piko. Ez batzuek ez besteek hazi arrastorik ez, ordea. Bere espeziea ahantzita, gure zerbitzari hutsera eramana dugu eta bera geurera eman eta eman eta eman. Ugaltzeko adarra moztu eta landatuta nahikoa, beharrezko gaituenak, hazirik eman behar ez. Galeraren abiera.