Egungo mugimenduaren klabeak sorreran daude

  • Lehen bertso eskolek mende laurdena bete dute. Batzuek jada egin dituzte ospatzeko festak, eta Goierrikoa aurten ari da burubelarri horretan. Herri mugimenduen artean hain indartsu eta bizirik jarraitzen duenak sorreratik jarri zituen egungo egitura eta metodologiaren oinarriak: bertso eskola bakoitza desberdina eta independentea izango zen, eta era berean sarean antolatutakoa. Taldea sortzea, almazena bertso zaharrez betetzea eta testuinguru naturalean kantatzea izango ziren metodologiaren ardatzak, eta bertsolaritzari buruzko teorizazioak ez dira kasik aldatu 25 urteotan. Sortzaileei etorkizun ikuspegi handia eta planifikazio gaitasuna aitortu behar zaie. Bestalde, data garrantzitsu hau ospatzeko Sareko ARGIAk, xehetasunez beteriko gune berezia zabaldu du Garialea bertso blokaren barruan.
Lehen bertso eskoletako ikasleak Manuel Uztapide bertsolariarekin
Francoren azken urteak eta trantsizioko lehen urteak ziren, eta herrietan euskara zein bertso giroa oso apaldua zegoela gogoratzen dute bertso eskolen sortzaileek, bai Ordizian (Gipuzkoa), Bilbon, Leintz bailaran (Gipuzkoa) zein Hernanin (Gipuzkoa). Patxi Goikolea Almen bertso eskolaren (Aretxabaletan, Gipuzkoa) sortzaileetakoak garai hartako Leintz bailara horrela definitzen du: “Teknologia eta burdin kontuez asko genekien, baina bertsolari mundua oso ezezaguna zen”. Aldiz, isileko lanean jardundako euskalgintzaren aldeko mugimendua bero zegoen. Juanjo Uria Hernaniko bertso eskolaren sortzaileetakoa da, eta Franco osteko lehen alkatea Hernanin: “Euskalgintzaren egoerarekin kezkatuta zegoen jendeak zerbait egin nahi zuen euskara, kultura esparruan... Mugimendu horren guztiaren atal bat izan zen bertsoarena”. Gau eskolak martxan ziren, eta Santutxuko bertso eskolak bertan izan zuen sorrera. Goierriko bertso eskola ere euskalgintzaren aldeko ekintzak bultzatzen zituen Argi Berri elkartearen inguruan sortu zen.

Bertso eskola batzuk ikastolan sortu ziren. Esaterako, Zumaiako ikastola izan zen klase ordutan bertsolaritza lantzen lehena, 1975ean: Joanito Dorronsorok etxeko pianoa ikastolara eraman eta bertsolarien historia eta bertso zaharrak irakasten zituen. Beste bertso eskola asko Xabier Amurizak emandako hitzaldietatik sortu ziren. Horietan lehena Santutxuko bertsolari eskola izan zen. Amurizak aitortzen duenez, bere “esperimentuetarako kuia” izan zen: Hitzaren Kirol Nazionala eta Hiztegi errimatua idazten ari zen, eta Santutxun praktikan jarri zituen.

Mugimendua antolatzen

Bertso eskola bakoitzak bere herrira begira egin zuen sorreratik lan, horretarako sortu baitziren, herriko harrobia lantzeko. Bertso eskola bakoitza zen mundu bat eta independentzia osoa zuen; ordea, elkarrekin edo denentzat antolatu zituzten hainbat ekintza hasieratik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean: ikastoletan bertsolaritza irakasteko egitasmoa, eskolarteko txapelketak, bertso irakaskuntzaz eman ziren ikastaroak eta materiala. Egitura honek ahalbidetu zuen bertso eskolen arteko sarea antolatzea.

Aipatutako ekintza kolektiboak prestatzeko, mugarri izan zen 1975ean Elgoibarren egin zen bilera. Zergatik ez eskolan bertsolaritza landu, gure kultura eta poesiaren zati den heinean? Patxi Goikoleak eta Abel Muniategi bertsolariak horixe planteatu zioten Ikastolen Elkarteari. Bilera hartatik zera du gogoan Goikoleak: “denak isilik geratu ziren”. Hilabetera berriro elkartzekotan geratu ziren. Etxerakoan ez zihoan lasai Goikolea, eta Muniategiri esan zion: “Ez dugu ondo azaldu, edo ez dakit, derrotatuta nator!”. Muniategik zuhur erantzun zion: “Itxoin, itxoin, horrek heltzeko denbora behar du”. Hilabetera bigarren bileran batu, eta a zer poza Goikolearena bertsolaritzako ordezkaritza handiarekin topo egin zuenean: Paulo Agirre (Gipuzkoako Ikastolen Elkartea), Xabier Amuriza, Imanol Lazkano, Anjel Ugarteburu (Elgoibarko irakaslea) eta Joanito Dorronsoro (Zumaiako irakaslea). “Imanol Murua zegoen garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta hark ere norbait bidali zuen bilerara” gaineratu du Goikoleak.

Bertsolaritza irakaskuntzan landu behar zela erabaki zen bertan, eta honako irakasleak aritu ziren: Gipuzkoan Mikel Mendizabal, Bizkaian Jon Lopategi, Araban Abel Enbeita, eta Nafarroan Lontxo Aburuza. Iparraldean, urte batzuk geroago, Xanti Iparragirre, Ernest Alkat eta Jexux Arzallus arituko ziren.

Bilera berean sortu zen Eskolarteko Bertsolari Txapelketa egiteko ideia. Eta baita Bertsotan I eta II liburuak eta zinta kaleratzeko proposamena ere. Joanito Dorronsorok 1979an fundizioa utzia zuen osasun arazoengatik, eta bera jarri zen antologia hori egiten burubelarri.

Bertso eskolen egituraketa

Bertso eskolek sorreratik lana serio antolatu zuten eta eguneroko jarraipena egin zioten. Besteak beste Juanjo Uriak eta Patxi Goikoleak oraindik artxibatuta dituzte lehen urteetako programazioak: klasea nola antolatu, zer ariketa egin... Joxe Mari Barandiaranek garajean Goierriko bertsolaritzari buruzko artxiborik osoena du, bertako saioen grabazio, kartel, balorazio eta argazkiak biltzen dituena, baita bertso eskolan hartutako erabaki denen aktak, ikasleen izenak eta gainerakoak ere. Almen bertso eskolak berriz, bertsolariak ateratzeko 10 urteko plana diseinatu zuen, garai hartan enpresetan egiten zituztenen antzera. Etorkizun ikuspegia eta planifikaziorik ez zuten falta. Legalki, Santutxuko bertsolari eskolak sortu zuen 1983an bertso munduko lehenengoetako elkarte juridikoa: Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea (BBIE). Gobernu zibilak ekintza asko debekatzen zituen garaian, saio mordoxka antolatzeko aukera eman zien horrek. Bizkaiko Bertsozale Elkartea sortu zenean desagertu zen.

Goierrikoa da behar bada, organigrama konplexuena zuen bertso eskola. 1982an bertso eskolaren ardura izango zuen taldea aukeratu zuten: Argi Berri elkarteko batzordetik Juan Mari Garmendiak izango zuen ardura. Ikastetxeetako irakasleen artetik Santi Garmendia, Arantxa Sarriegi eta Jesus Goikoetxeak. Bertsolarietan Mikel Mendizabal, Eusebio Igartzabal eta Iñaki Muruak. Eta Argi Berri elkarteko bazkideetatik, Pedro Irastorza eta Joxe Mari Barandiaranek. Argi Berriko ordezkariak arduratzen ziren udaleko harremanez eta haurren garraioaz. Ikastetxeetako ordezkariak ikasleak bertso eskolara bideratzeaz, eta bertsolariak irakasleak lotzeaz eta klaseko metodologiaz.

Baliabideen aldetik, ikastoletako azpiegiturak izan zituzten eskura hasierako bertso eskola batzuek. Esaterako Zumaiako bertso eskolak, non bertako irakasle Joanito Dorronsorok egun erdiko dedikazioa zuen bertso eskolak emateko. Udalen laguntza ere izan zuten beste batzuek, esaterako Goierrikoak. Hauek izan ziren lehen urtean udalei eskatutako baliabideak: Ordiziako Barrena Jauregian gela bat; gelarako altzari, irrati-kasete, liburu eta gainerakoak; eta irakasleei ordaintzeko orduko 1.000 pezeta (40 libera). Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso zuten bertso eskola batzuek, Hernanikoak 1986tik 1989ra jaso zuela behintzat badakigu. Eta autofinantzazio bideak ere bilatu zituzten. Esaterako, Santutxuko bertso eskolakoek idatzitako artikuluan kontatzen dutenez (Jakin, 17/18 aleak): “[Saioak egindako] leku guztietan zerbait kobratu dugularik (ez guk eskatu dugulako)... Esan beharra dago, diru hori praktiketako afariak egiten gastatu dugula”. Goierriko bertso eskolak oraindik ere Santio festetan jartzen duen tonbola hartu zuen autofinantziazio iturri.

Metodologia: taldea, almazena, testuingurua

Patxi Goikolea Almen bertso eskolako irakasleak argi du: “Inportanteena ekipoa da. Afaria dela edo bestea dela, beti elkarrekin dabiltzala. Elkarren pozera gehiago ikasten da, ‘honek hori esateko zer egin du?’ aztertzen dute”. Gaur ere, orduko ikasleak maiz biltzen dira, eta hori da Goikolearentzat frogarik argiena. Taldea egiteko beharrezkoak ziren klasez kanpoko ekintzak. Joanjo Uriak ere Hernaniko Langile ikastolako bertso eskolan taldea zenbat landu zuenaren seinale, 1986ko diru balantzea dugu: eginiko gastu bakarrak, kontzeptu hauen pean egin ziren: “Olazarren egun pasa eta bazkaria, 10.000 pezeta”, (400 libera) “Alkizako irteera, 5.000 pezeta” (200 libera) eta “Sagardotegia, 5.000 pezeta”. Hurrengo bi urtetako diru balantzean ere, “sagardotegia” da errepikatzen den kontzeptu nagusia.

Bertso eskolen pedagogiaren oinarria “almazena bertsoz betetzea” izan zela kontatzen du Dorronsorok. 1975eko Elgoibarko bileran planteatu zen galdera: Ikasleei egokitutako bertso berriak sortu behar ziren, edo historikoak irakatsi? Bigarrenaren aldeko hautua egin zen, Amurizak arrazoitu duenez: “Nik umetan bertso zahar pila ikasi nituen, zer esaten nuen ez banekien ere. Eta hori zerbaitengatik da. Bertso horiek denboraren froga gainditua dute, berriek ez”. Bertso eskola denek bertso zahar mordoa ikastea izan zuten oinarri. Hala ere, hau ez zegoen berriak ikastearekin kontraesanean. Almen bertso eskolan adibidez, plazako bat-bateko bertsoak zintan grabatu, transkribatu eta klasean ikasten zituzten, Goikoleak kontatzen duenez: “Lasarteri omenaldia egin zioten Leitzan, igandez. Astelehenean nik eraman paperean, eta ‘datorren larunbaterako hauek ikasi’ agindu genien. Egunean bertan hiru bertsoak ikasita geratu ziren”. Haurrentzat propio egindako bertsoak ere ematen zizkieten, hauek buruz ikasi eta jendaurreko saioak egiteko.

Bertsoa bere inguru naturalean lantzea izan zen sorrerako bertso eskola batzuen beste berezitasun bat. Santutxuko bertso eskolakoak, klasea bukatzean tabernara joaten ziren pintxo batzuk hartu eta bat-bateko jardunarekin jarraitzera. Berehala jabetu ziren taberna giroan bertsotan errazago egiten denaz, eta “praktika afariak” antolatzen hasi ziren Gernikesa tabernan, hiruhilero. Almen bertso eskolak, bertsotan errazen egiten zuen 10 ikasle inguruko taldearekin, honela antolatzen zituen ostiral iluntzeko klaseak: Eskoriatzako Apotzaga auzoko Hauzo-Etxe elkartean biltzen ziren, afalostean, 20:00ak aldera. Lehenik pilotan egiten zuten, eta berotzean jarri mahaian, atera sagardoa eta tortila batzuk eta bertsotan hasten ziren.

1981ean Amurizak argitaratutako Hitzaren Kirol nazionala, Hiztegi errimatua eta Zu ere bertsolari, liburuak, eta bertsolaritzaren antologia biltzen zuten Joanito Dorronsororen Bertsotan I (1789-1936) eta Bertsotan II (1936-1980) izan ziren bertso eskolentzat material estimatuenak. Hauez gain, irakasle askok euren materiala sortu zuten, bertsolarien biografia, anekdota eta bertsoen aukeraketa eginaz. Esan liteke bertsoaren tripak aztertzeko teoriak orduan papereratu eta zabaldu zirela, ikastaroen bidez, eta geroztik ez dela maila horretan aldaketa handirik eman.

Eskolako bertsolariak: teoria konfirmatu zen

Bertso eskola batzuen hasierako helburua euskara maila hobetzea zen. Beste batzuena bertsozaletzea, eta bazen bertsolariak ateratzearen aukerari aterik ixten ez zionik ere. Baina hasierako urteetan ikusi zituzten aurrerapenek helburu zailagoak jartzera eraman zituzten hainbat bertso eskoletako irakasleak. Hauen artean dago Almen bertso eskola, zeinak 1978-1988 epealdirako bertsolariak ateratzea jarri zuen helburu. Eta berdin egin zuen Santutxuko bertsolari eskolak ere. Hala kontatzen du Joxerra Etxebarriak: “Guk irakaskuntzan sinesten genuen, eta erronka moduan planteatu genuen: gu bertsolari izango gara. Guretzat ilusio bat zen frogatzea hori posible zela. Euskaldun berriak ere aritu ziren gure bertso eskolan, eta erakutsi genuen eurek ere ikas dezaketela bertsotan”.

Bi bertso eskola hauek euren helburua beteta ikusi zuten, besteak beste Jon eta Aitor Sarasua, Arantzazu Loidi eta Ainhoa Agirreazaldegi bezalako bertsolariak atera baitziren Almenetik. Eta Santutxuko 10 ikaslek parte hartu zuten 1982ko Euskal Herriko Txapelketan, hauetatik 4 aurrera pasaz. Etxebarriaren hitzetan, “horrek erakutsi zuen eskolak funtzionatu egiten zuela, eta guretzat hori izan zen garrantzitsuena”. Helburutzat bertsolariak ateratzea jarri ez zuten beste eskola batzuek ere ikusi dute bertan bertsolaririk hazitzen, Amurizaren teoria konfirmatzen dutenak.

http://www.argia.eus/blokak/garialea
helbidean, bertso eskolen sortzaileei egindako elkarrizketak bideoan, historia, metodologia eta Amurizaren iraultzari buruzko testu osoa, xehetasunak eta garai hartako bideo zein argazkiak ikusgai.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude