Mundu Berrian pasatako lehen urteen berri gutxi iritsi zaigu. El Doradoren bila abiatutako espedizioa da Agirreren ezagunena. Garai haietako giroa gerra zibiltzat jo dezakegu, eta Agirreren curriculum beltza gizentzen hasi zen urrezko paradisuaren bila abiatu baino lehen ere. 1544an, Perun, erregezaleen aldean borrokatu zuen; Pizarro eta Carvajalen altxamenduaren aurka, alegia. Erregezaleen porrotaz bat, Agirrek Nikaraguara alde egin zuen. Handik bost urtera, Perura itzuli eta Francisco Esquivel epaileak jendaurrean zigortua izatera kondenatu zuen. Mendekua agindu zion araoztarrak epaileari; baita hitza bete ere. Kondairak dio lope Agirrek 6.000 kilometro egin zituela oinez Esquivelen atzetik –zaldunak ezin du zaldi gainean ibili ohorea berreskuratu arte–. Buruan labana sartuta hil zuen epailea Cuzcoko haren etxean. 1551n izan zen hori. Hurrengo urtean, besteak beste, Cuzcoko gobernadorea hil zuen. 1554an berriro erregezaleen armadan sartu zen. Gerra hartatik herren eta erredura larriekin irten zen. Ordurako Agirre Eroa esaten zioten.
1560an Pedro Ursua nafarra buru zuen espedizioan sartu zen, eta El Doradoren bila abiatu. Urrezko erresumaren mitoa jokaldi borobila zen Gaztelako koroarentzat. El Dorado existitzen bazen, Felipe II.aren ondasunak izugarri haziko ziren. Bitartean, espediziotan parte hartzen zuten noble frustratu andanak ez ziren aspertuko, hots, ez ziren hain arriskutsuak izango.
Abiatu eta hiru hilabetera espedizioa kide gehienak matxinatu egin ziren, bidaiaren baldintza gogorrek eta Lope Agirrek bultzatuta. Ursua eta honen jarraitzaile nagusiak hil zituzten. 1561eko maiatzean espedizioaren ardura beregain hartu zuen Agirrek. Ez zuen El Doradon sinesten, eta, ordurako Agirre Traidorea zenak, traizioa muturrera eraman zuen. Felipe II.a erregeari gutuna bidali zion, erregea “inoizko gerrarik gordinena”rekin mehatxatuz. Zenbaitek amerikar kolonien independentziaren aldeko lehen oihutzat jo izan dute Agirreren gutuna –besteak beste, Simon Bolibarrek berak–.
Baina Agirrek piztutako iskanbila handik gutxira itzali zen. 1561eko urrian Agirrek lagun gutxi eta etsai gehiegi zituen inguruan. Araozkoari 70 hilketa baino gehiago egozten dizkiote, eta azkena orduantxe burutu zuen. Elvira alabari labankada hilkorra sartu zion, “inork traidorearen alaba esan ez diezazun”.
Bere alboan geratzen ziren gizon apurrek hil zuten Venezuelako Barquisimeton, arkabuzez tirokatuta. Felipe II.ak Lope Agirreren izena aipatzea debekatu zuen mendean zituen lurraldeetan. Alferrik. Tartean behin, oraindik ere, haren espiritua Venezuelako kostaldean agertzen dela diote.