argia.eus
INPRIMATU
Juan Luis Zabala
«Kritika bat ere badago taberna zuloko kirol kritikaren inguruan»
Pilar Iparragirre 2007ko maiatzaren 13a
Juan Luis Zabala

Nondik dator Bideak, aldapak eta bihurguneak?


Narrazio honen oinarrian txikitako oroitzapen bat dago. Gure anaia zaharrena, nik hamar bat urte nituenerako bizikletan ibiltzen zen. Garai hartan –70eko hamarkadan– ez zen oso ohikoa bizikletan zaletasun hutsez ibiltzea; lanera joateko, bai, baina ez kirol zaletasun hutsagatik. Eta behin, bizikleta gainean hartu ninduen, eta ni barra gainean eserita ninderamala, aurrera egin zuen.

Baina autobiografiatik gutxi du nobela honek, ez?


Aipatu dudana baino ez. Narrazio honetan etxeko txikia emakumea da, eta bai anaia zaharra eta bai bera, txirrindulariak dira. Anaia zaharra profesionala, Tourrean-eta ibiltzen dena, eta gaztea oraindik kategoria txikietan ibiltzen den neska, baina zaletasun handia duena. Emakumea, eta horrek nolabait zailtasun erantsi bat ekartzen dio txirrindulari izateari. Eta beno, neskato horren zalantzak eta kezkak dira narrazioaren motorra. Bestetik, xehetasun bitxi moduan, esan dezaket neska horren anaiak, bere ibilbideari begiratuta, Iban Mayok iaz egin zituenak ekartzen dituela gogora. Pertsonaia honek ez du harekin zerikusirik, baina horrelako txirrindularien gainean beti sortzen den esamesen mundu hori azaltzea interesgarri iruditu zitzaidan. Omenaldi txiki bat ere bada txirrindulari guztiei, eta kritika bat ere badago taberna zuloko kirol kritikaren inguruan.

Zergatik aukeratu duzu neska protagonista gisa?


Gizonen txirrindularitza garrantzitsua iruditzen bazait, emakumezkoena askoz meritu handiagokoa iruditzen zaidalako. Eta oso garrantzi gutxi ematen zaio komunikabideetan.