argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2013ko maiatzaren 03a

Aritz Gorrotxategik Zaldi hustuak izenburuko bere bigarren poema liburua kaleratu du Erein argitaletxearekin. Troiako zaldia izan du abiapuntu bizitzaz eta heriotzaz mintzo diren poemak idazterakoan. Bestalde, Juan Luis Zabalak txirrindulari baten kezkak eta zalantzak bildu ditu Bideak, aldapak eta bihurguneak izeneko narrazio laburrean. Elkarren Bizi Taupadak sailean argitaratu du gazteentzat idatzitako lana.

 

Pedro Iturralde saxofoi jotzaileak jasoko du 2007ko Vianako Printzea saria. Hala erabaki du Nafarroako Kultura Kontseiluak. Kideek bozketa bat baino gehiago egin behar izan zuten sariduna aukeratzeko. Beste lehiakideak Barricada taldea, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioko zuzendari ohi Pascual Aldabe eta Alfredo Landa aktorea ziren.

 
 

Ismaël Lo musikari senegaldarra Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da apirilaren 22an. Bezperan, Putumayo diskoetxeak antolatuta, Acoustic Africa kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Hiru musikarik hartuko dute parte emanaldi horretan: Habib Koité malitarrak, Vusi Mahlasela hegoafrikarrak eta Boli Kostako Dobet Gnahorék.

 

Maddi Oihenart kantari zuberotarrak Hari Biru izeneko diskoa kaleratu du Elkar argitaletxearekin. Bere izenean agertzen den lehenengo diskoa bada ere, kantariaren esanetan hau ere ez da bakarkakoa. Bestalde, Mixel Ducauk eta Caroline Phillipsek hamabi abestiko Duo lana kaleratu dute.

 
 

Thierry Malandain koreografoaren Gari Beltza obra estreinatuko du Ballet Biarritz Junior 2 konpainiak hilaren 19an eta 20an Donostiako Gazteszena aretoan.