argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza politika publikoari so
  • Iparraldeko probintzietan hizkuntza politika publikoa garatzen den lehen urtea bizitzen ari gara eta balorazioa egiteko goizegi bada ere, gertakarien jarraipen hurbila egiteak merezi du. Euskalgintzako herri mugimenduek ikasi behar dute –eragile publiko baten sortzeak sakon aldatu duen konfigurazio berri honetan– beren jarduera kokatzea eta dinamika autonomoa bultzatzearekin batera, eragitea, akuilu funtzioa antolatzea.

    Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bere proiektu definitiboa aurkeztu zuen urte hasieran sorpresa handirik gabe. Hots, euskalgintzako herri mugimenduek egindako zuzenketa eta emendakin batzuk integratu bazituen ere, funtsezko puntuetan –euskarazko legezko ezagupena, helburu, lehentasun eta epe zehatzak– proiektua bere horretan gelditu zen. Halere, proiektuak mugak eta ahulguneak izanik ere, haren lan ildo guztiak bideratzeko botere publikoek badute zer egin eta hitzak ekintzak bilakatuz gero, dudarik gabe euskararen egoera hobetuko litzateke.
Jakes Bortayrou 2007ko maiatzaren 13a
Jakes Bortairu
Dani Blanco
Bitartean, izenpetu berri duten hitzarmena jarraikiz, EEPk eta Eusko Jaurlaritzak diru banaketarako lehenengo deialdi amankomuna luzatu dute, aurretik atalka partidarik finkatu gabe. Aurkeztutako egitasmoen arabera trinkatuko omen dute. Ariketak desorekak eta arazoak sortzen ahal ditu, norabide batzuen araberako diru banatzeak soilik eman bailiezaioke politika publiko bati bere koherentzia. Diru laguntzak ezagutuz gero, ikustekoa da irizpide eta lehentasun argiak agertuko ote diren.

Urteko lehen hilabete hauetan EEP Iparraldeko Herri Elkargoekin elkarlanean sortu nahi duen hizkuntza teknikarien sarea osatzen ari da. Sare hori tresna garrantzitsua da lurralde osoan politikaren koherentzia segurtatzeko. Haatik, horren kudeaketa ariketa zaila bezain arriskutsua da. Herri Elkargo desberdinetako barne tirabira politikoez gain, EEPk eta Elkargo bakoitzak erdizka ordaintzen duten teknikariaren lana eta lehentasunak adostu behar dituzte. EEPk, Iparraldeko instituzio bateko hizkuntza zerbitzua balitz, lana errazago luke. Baina ez da hala, eta pentsa daiteke hauteskunde zikloa amaitu bitartean (2008ko herri eta kantonamenduetakoak bereziki), gorabeherak ikusiko ditugula.

Hizkuntzaren legezko ezagupenari doakionez, aldatzeko parada gutti aurreikusten dira. Hauteskunde presidentzialetako bigarren itzulian gelditzen diren bi hautagaiak Konstituzioko 2. artikulua aldatzearen kontra agertu dira. Royalek hizkuntza guttituen Eurokarta berresteko asmoa adierazi du, Sarkozy-k ez bezala, baina bigarren honek hizkuntza lege bat egiteko engaiamendua hartu du. Halere, azken urteetako esperientziak lekuko, aurrerapenak trabatzeko oztopo juridikoa Konstituzioa izan denez beti, kasu batean zein bestean, hitz emandakoa ez betetzea da seguruena.

Alabaina, azken hilabeteetako gertakari kezkagarriena irakaskuntza alorrean izan da. Joan den apirilaren 7ko manifestaldian salatu zuten bezala, hiru eskola sareak (ikastolak, publiko eta pribatu elebidunak) kaltetuak gelditu dira heldu den sartzeko postuen banaketarekin. Frantziako Hezkunde Nazionalak, EEPko partaide izanik ere, haren egitasmoaren kontra jarri da bete-betean. Alta, hiztun osoak sortzea helburu duen hizkuntza politika proiektuak leku zentrala aitortzen dio euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garapenari. Gurasoek nahi dute, herrietako hautetsiak prest dira, iritzi publikoa alde da. Kontradikzio larria da EEPrentzat. Bere sinesgarritasuna jokatzen duen ataka honetatik nola aterako da? Aliatuak eta aurkariak ongi bereiziz euskalgintzako herri mugimenduak erne egon beharko dira, euskararen onerako behar bezala eragiteko.