Gure ongizatea kolokan

  • Zientzialari harrobia agortzen ari da Europan. Herrialde batzuetan, tentazio handia izan liteke horren errua ikertzaile-karreran dauden gabeziei egoztea, baina hori ez da nahikoa egoera honen zergatiak ulertzeko: ikerkuntza zeharo lan duin eta ospeduna den tokietan ere antzera dabiltza. Analisi gehienek jendarte modernoaren ezaugarriak aipatzen dituzte gaitzaren abiapuntu nagusitzat: ikerkuntza lan neketsua da, eta gero eta gehiago nekeak saihesteko joera dugu, ongizatea eta erosotasuna ia erlijio bihurtu ditugun aro honetan. Paradoxa ederra, Mendebaldekoon bizi-kalitateak aurrerakuntza zientifikoen beharra baitauka. Apika, ondoegi bizi nahi izateak eramango gaitu hain ondo ez bizitzera. Badaezpada, hasiak dira, han-hemen, zenbait neurri hartzen.
Zientzialariak
Iñigo Azkona
Zientzia bokazioa ahulduz doa. Irakaskuntza ertainean gero eta ikasle gutxiagok aukeratzen ditu adar zientifikoak, gero eta gutxiago joaten dira unibertsitatera horrekin lotutako ikasketak egitera, gero eta ikertzaile gutxiago sortzen da. Noiz eta haien beharra handiagoa denean, Rosa Maria Ros Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko irakaslearen ustez: “Gaur egungo jendarteak orain dela 50 urtekoak baino askoz zientzia eta teknologia gehiago eskatzen eta kontsumitzen du, beraz lehen baino zientzialari gehiago behar dugu. Baina ozta-ozta ari gara beharrak asetzen, eta etorkizunean arazoak eduki ditzakegu bide honetatik jarraituz gero”.

Rosa Maria Rosek Science on stage (Zientzia jardunean) programa europarra koordinatzen du Espainiako Estatuan. “Hasieran Physics on stage besterik ez zen, alegia, fisikaz baizik ez ziren arduratzen, baina gero zientzia guztira zabaltzea erabaki zuten”. Herrialde bakoitzak bere erara antolatzen du programa, baina helburu nagusia, beti ere, irakasleei –Bigarren Hezkuntzakoei batez ere– zientzia irakasteko modu berritzaileak eskaintzea da. “Irakasle guztiek, euren eskolak prestatzeko lan bat egin behar dute aldez aurretik. Eta lan horren emaitza, askotan, ekimen berritzaile eta erakargarriak izaten dira. Guk, Sciencie on stagen bitartez, ekimen horiek saritu nahi ditugu”. Bide batez, irakasleek elkarren ideien berri eduki dezakete.

Azken batean, zientzia ikasleei “saltzea” da xede nagusia. Europa osoko adituak aspaldi konturatu ziren gazteek gero eta gutxiago aukeratzen dituztela zientziarekin zerikusia duten ikasketak. Kontua ez da berria. 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen joera hori igartzen, Rosek dioenez.

Ahots guztiak bat datoz: ahaleginari eta lanari gero eta balio txikiagoa aitortzen dio gure kulturak. Eta zientzian aritzeko, ikerkuntzan batik bat, ahalegina eta lana ezinbestekoak dira. “Europan, eta herrialde garatu guztietan, gauza bera gertatzen ari da”, dio Álvaro Villarroel CSICeko (Espainiako Zientzia Ikerkuntzarako Kontseilu Nagusiko) ikertzaileak, “AEBetan ere bai, baina haiek, behintzat, beste herrialdeetako zientzialariak erakartzeko gaitasuna daukate. Hango laborategi guztiak atzerritarrez mukuru daude. Horri esker arazoa ez da hain gordina AEBetan, baina gordinago bihurtzen da gainerako herrialdeetan”.

Nola Europatik AEBetara, Europa barruan ere zientzialari batzuek “ihes” egiten dute herrialde batetik bestera. Zergatia, kasu bietan, bera da: ikerlariek lan baldintza hobeak eta ospe handiagoa bilatzen dute. Hego Euskal Herria, alde horretatik, “esportatzailea” da batez ere, Espainiako Estatu osoa bezala. “Kanpoko jendea hona ekartzea zientzia-fikzioa da”, dio Villarroelek. Bestalde, harrobia gero eta urriagoa izanik, ez dira betetzen joandakoek utzitako hutsuneak. “Bitxia da hori, hemengo lan baldintzak ere inoiz baino hobeak dira-eta, bai Euskal Herrian –EHUko Biofisika Unitatean dabil Villarroel– bai estatu osoan”. Kontuan hartu behar da, dena den, abiapuntua hutsaren hurrengoa zela: “Orain dela hogei urte, hau basamortua zen”.

Ikertzaileak ez ditugu aintzat hartzen

“AEBetan, jendarteak aintzat hartzen ditu ikertzaileak. Haien lanak denen onespena dauka”, dio Álvaro Villarroelek. “Hemen berriz, ez gara inor, badirudi jolasean gabiltzala, garrantzi gutxiko zer edo zer egiten”. Europan, AEBetan bezain nabarmen ez bada ere, ikerkuntzak ospe handia du Ingalaterran, Alemanian, Holandan, Suedian… Hango ikerlariek jendartearen begirunea dute eta, horrekin batera, baldintza hobeak lanerako, bai diruari bai proiektuak garatzeko baliabideei dagokienez. Etorkizuna ere segurtatuagoa dute, gainera.

Ikerkuntza karreraz gehiago jakin guran, Lander Intxausti eta Xanti Larrañaga Ikertzaile Prekarioak elkarteko kideekin elkartu gara. Biak dira biologoak eta biek ikertzen dute EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Doktorego-tesia bukatzeke daukate, eta horretarako eman zizkieten bekak agortu egin zitzaizkien honezkero. Gaur egun irakasle dihardute EHUn, ordezko modura biek ere, eta geratzen zaien denbora tesia amaitzeko erabiltzen dute. Intxaustik 30 urte ditu, Larrañagak 31, eta adin bereko beste ikertzaile askok bezala, ez dakite zein izango den euren etorkizuna.

“Espainiako Estatuan, ikerkuntza sistema zentrala da gaur egun –dio Intxaustik–, hau da, estatuak kudeatzen du. Madrilgo Gobernuak ditu eskumenak, eta antolatu duten sistemak ez die erantzuten Europak ezarritako erronkei. EBk ondo zehaztuta dauka ikertzaile karreraren diseinua, eta guk ez dugu inondik inora betetzen”.

Aukera gutxi ikertzaile karreran jarduteko

Ikertzaile izan nahi duen norbaitek lizentziatura eskuratu behar du lehenik. Gero, doktorego-tesia egin behar da eta horretarako beka eskatu. “Lau urterako bekak dira, baina beste kontu bat da ea tesia denbora horretan burutu daitekeen”, diote gure mintzakideek. Sarritan ez da hala izaten, besteak beste planifikazio egoki faltagatik. Kontuak kontu, ikertzaileak ezin du hurrengo urratsa egin tesia amaitu arte. “Hurrengo urrats hori, bestalde –azaldu du Intxaustik–, post-doc bat egiteko beste beka bat eskatzea izan daiteke”. Post-docak doktoregoa lortu osteko ikastaroak dira, normalean urte biko iraupena dutenak, eta ia beti atzerrian egiten direnak. Batetik, merkatua atzerrian dagoelako, Intxaustiren esanetan; bestetik, atzerrian jardun izanak curriculuma aberasten duelako. Bat gutxi da, antza, eta ikertzaile gazte askok post-doc bi egiten dituzte, bata bestearen ondotik.

Horren ondoren izaten dira komeriak. Aipatutako prozesua burutu orduko, eta onenean ere, ikertzaileek 30 urteak gainditu dituzte, baina ez dute inongo egonkortasunik. “Hurrengo urratsa ez dago definitua”, azaldu du Lander Intxaustik. Ikertzaile Prekarioek eskatzen dutena, azken batean, ibilbidea ondo definitzea da: “Ikertzaile karrera bat egon dadila, ondo diseinatua”, dio Larrañagak, “eta garbi utzi behar da ez garela gutako bakoitzarentzako lanpostu bana eskatzen ari, ez dugu funtzionario izan nahi. Hoberenak sartuko dira, lehiaketak egin beharko dira, baina aukerak egon daitezela behintzat”.

Gaur egun, Espainiako Estatuan bide gutxi zabaltzen zaizkio bere post-doca eta guzti atzerritik itzultzen den ikertzaileari. Enpresa pribatuak lanpostu gutxi eskaintzen du hemen, munduko herrialde garatuenetan baino askoz gutxiago. Zentro teknologiko jakin batzuk, Eusko Jaurlaritzak sustatutako CIC guneak… Ezer gutxi hortik landa. “Unibertsitatean sartzea, berriz, oso zaila da –iritzi dio Intxaustik–, mekanismo konplexuak daude hor, eta endogamia handia”. Batzuek, honenbestez, atzerrian geratzea aukeratzen dute, eta batek baino gehiagok bertan behera uzten du ikerkuntza. “Izan ere, behin hona itzulita seguruena ikertzaile lanposturik ez aurkitzea da”.

Teknologia modan, oinarrizko zientzia ez

Esan dugu lehenago ere: ikerkuntza sistemaren gabeziak ez dira aitzakia gero eta zientzialari gutxiago egoteko. Baina lagundu egingo dute beharbada. Noraino eragiten duen esatea zaila den arren, agerikoa da ikasleek gero eta sarriagotan aipatzen dutela “irtenbidea” daukaten ikasketetara jo nahi dutela. Teknologikoetara, beste modu batez esanda.

EAEn, ikerkuntzan egiten diren inbertsiorik handienak lerro teknologikoetara bideratzen dira, Xanti Larrañagak dioenez. Lander Intxaustiren ustez, “azken urteotan zientzia modan dago, baina haren alderdi teknologikoa baino ez: industriara bideratuta dagoen zientzia. Baina ez dago teknologiarik oinarrizko zientziarik gabe, eta oinarrizko zientzia gizarteratzea, ‘saltzea’, askoz zailagoa da”.
Zientzialari gutxi egoteak, beraz, ez dio bakarrik zientziari kalte egiten, jendarte osoari baizik. Horretaz ohartarazi nahi dute gero eta ahots gehiagok. Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, konparazio baterako, Zientziaren Urtea izendatu du 2007, eta hamaikatxo ekitaldi antolatu horren kariaz. Zientzia hurbildu nahi diote jendeari, eta batik bat gazteei. “Hiritarrak konturatu egin behar dira zientziak zer nolako garrantzia daukan aurrerapenean, garapen ekonomikoan, baita bizi-mailan ere. Garapenerako zientzia behar da”, diote Ministeriokoek.

Munduko herrialderik garatuenak dira, gorago esan dugunez, habiarik gozoena ikertzaileentzat. Ez da ezustekoa, Álvaro Villarroelen ustez, ikertzaileek hain ospe handia edukitzea AEBetan: “Han ohartu egin dira gizartearen motorra direla, eta haiei esker daukatela daukaten bizi-kalitatea”. Ikerkuntza sustatu ezean, AEBen menpekoak izateko arriskua dugu CSICekoaren iritziz. Are menpekoagoak, hobeto esanda. “Zergatik agintzen dute estatubatuarrek munduan? Ezagutza dutelako. Kito. Ez dute besterik. Petrolioa badute, baina oso gutxi. Eta Europak aurre egin ahal izan dio baduelako oinarri sendo bat, baina gero eta okerrago gabiltza”.

Lisboako Estrategiaren arabera, EBko jendarteak ezagutzarantz egin behar ditu urratsak, ezagutzan oinarritu behar da ekonomia. Hori da AEBekin lehiatzeko modua europar agintarien ustez. “2010ean munduko liderrak izan behar omen ginen, estatubatuarrei aurre hartuta. Hala dio txosten batek. Hori irakurtzeak barregura ematen du ordea. Horrelako gauzak ez dira bat-batean egiten, oso epe luzeko inbertsioa behar da. Gaur egun Europan existitzen ez diren berme batzuk jarri behar dira, lehentasunak ezarri… Urte askoko lana da, eta urte asko barru ikusiko da orain egiten denaren ondorioa”. Gaurko joera aldatzen ez bada, erabat izango gara AEBen agindupekoak, dio Villarroelek ezkor: “Kubatak salduko dizkiegu gure itsasertzeko eta mendietako tabernetan. Horixe izango da gure patua, zerbitzari bihurtzea”.

Zelan aurre egin?

Arazoa ez da txikia eta irtenbidea aurkitzeak lan eskerga eskatuko du. Neurri batzuk ikusi daitezke jada. Europa, esaterako, ikertzaileak ekartzen hasia da Indiatik, Txinatik, Hegoamerikatik… AEBek xurgatzen dutena nola edo hala berrosatu behar da. Zailagoa izango da, itxuraz, bokazioak sortzeko giro egokia lortzea. Science on stage bezalako egitasmoek zertxobait laguntzen dute, baina ez dira nahikoa.

Espainiako Hezkuntza Ministerioak ikasgai berri bat ezarri nahi du Batxilergoan: Mundu Garaikiderako Zientziak. Helburua, diotenez, ikasleen kontzientzia piztea da. Unibertsitateak, bestalde, bere aletxoa ipini nahi du, “bezeroak” erakarri nahian. “Baina baliteke gainditu gabeko ikasgaia izatea hori oraindik”, aitortu digu EHUko Ikerkuntza Errektoreorde Miguel Ángel Gutiérrezek. Nolanahi, ekintzaren bat edo beste egin izan dute. “Iazko azaroan, Zientziaren eta Teknologiaren Astea zela-eta, karpa ipini genuen Bilboko Areatzan. Unibertsitateko irakasleak aritu ziren han, eskoletako ikasleen aurrean hainbat saiakera eginez. Zientzia zer den ikus dezaten. Arrakasta handia eduki genuen. Era berean, Bigarren Hezkuntzako ikasleak ekarri izan ditugu EHUra, bertan saiakera batzuk egitera. Baina beharbada irudimen handiagoa beharko dugu, bide berriak asmatze aldera”. Gazteek, laborategietako esperimentuetan biziki gozatu arren, nahiago dute oraingoz lapikoa betetzeko beste inora jo.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude