argia.eus
INPRIMATU
Galleterak
Juan Mari Arregi 2007ko maiatzaren 13a
“Galleterak. Oroimen bizia” emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko Bilbon aurkeztu den proiektua da. Gremio hori emakumeen lanaren, euren emantzipazioaren eta euren borrokaren sinbolo da. Eta egungo emakumeen lanari buruzko iritziak eta eztabaidak piztu ditu. Iraganean aztarrika egin nahi du orainaldian eragiteko. Hala, liburuan eta bideoan, ehun urte baino gehiago dituen galleta enpresako emakume langileen lana jaso dute; Artiach fabrika, Deustun, aurreko mendean sortu zen eta egun Orozkoko multinazional baten esku dago. “Galleterak” deitzen zieten emakume horiei. XIX. mendean, Bilboko itsasadarrean bakailaoa nasatik biltegietara eramaten zuten emakumeei zamaketariak deitzen zieten, beste batzuk zirgariak ziren (errenkan gabarrak arrastan eramaten zituzten gorputzari unama batzuk lotuta), geroago Gipuzkoako Andoainen kotoilariak ezagutu genituen eta Tabacalerako zigarrerak. Emakume horiek guztiek lan baldintza penagarrietan eta gizonen aldean okerragoetan egin zuten lan. Desberdintasuna aspaldikoa da. Proiektu horren arduradunek internet eta erakusketa ibiltariak baliatuko dituzte zabalpena emateko. Arduradunen asmoa, Deustuko Galleterak ikur hartuta, lanean emakumearen onarpena eskatzeaz gain, gaur egungo “galleterak” aurkitzea da: lan baldintzak hobetzearen alde diharduten emakumeak. Proiektu onuragarri eta txalogarri horrek ahal den laguntza publiko eta pribaturik handiena merezi du. Emakumearen eta berdintasunaren mesedetarako izango da. Baita gizartearen beraren mesedetarako ere.