argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen kode sekretua
  • Hunan, Txina, 2004ko irailaren 23a. Yang Huanyi hil zen 98 urte zituela. Ia hamar urte lehenago, 1995ean, Nazio Batuen Konferentzia Pekinen burutu zen, eta Yang, bertan izan zen. Nola iritsi zen laborari xume baten alarguna Konferentziako txinatar ordezkaririk garrantzitsuenetakoa izatera? Yang Huanyi nushu hizkuntzaren azken hiztuna zen.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 03a
Nushua K.o. III. mendean sortu zela uste da. Ordutik, belaunaldiz belaunaldi, sekretupean eta soilik emakumeen artean transmititu zen hizkuntza idatzia, Hunan probintzian bereziki, baina baita Txina hegoaldeko beste toki batzuetan ere. Emakumeek bakarrik ulertzeaz gain, nushua ez zen hitz egiten, soilik idazteko eta irakurtzeko kodea zen. Eta hala ere, ez da ia dokumentazio idatzirik geratu, eskuizkribuak erretzeko edo hildakoekin ehorzteko ohitura baitzuten, sekretua gordetzearren. Berreskuratu ahal izan den dokumentu batek hala dio: “Gizonezkoek kanpora irteteko eta munduari aurre egiteko adorea dute, baina emakumeon adorea ez da txikiagoa, haiek ulertu ezin duten hizkuntza asmatu baitugu”.

Duela 1.700 urte, Txinako emakumeak aitaren edo senarraren etxe barruan bizitzera behartuta zeuden, gizonezkoen autoritatearen mende. Ez zuten hezkuntza formala jasotzeko eskubiderik; irakurtzen eta idazten ikastea debekatuta zegoen haientzat. Egoera horri aurre egiteko euren hizkuntza asmatzea erabaki zuten. Mandarin hizkuntza instituzional eta hierarkikoaren aurrean, nushua emakumeentzat emozioen, ametsen eta desioen hizkuntza bihurtu zen.

Nushuak 2.000 hitz inguru zituen, eta karaktereak txineraren antza izan arren, zeinu estilizatuagoak erabiltzen zituzten. Azken belaunaldietan nushuaren erabilerak behera egin zuen, eta azkenean, Yangekin batera, duela 3 urte hil zen.

Emakumeak bazekien nushuarenak egin zuela, handik aurrera sekretuak ez zuela zentzurik. Horregatik, 1995eko Pekingo Konferentzian, bere bizitza luzean nushu hizkuntzan idatzitako gutunak, poemak eta artikuluak adituei eman zizkien. Dokumentu horiekin Qinghua-ko unibertsitateak liburua argitaratu berri du. Eta Txinako gobernua ahalegin berezia egiten ari da azken urteetan kode sekretuan idatzitako testuak berreskuratzeko.