argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 03a

Irati Jimenezek Beterriko Liburua aldizkarian, «Uste dut literatura erakusteko modua (ikastetxeetan...) ez dela oso egokia, eta batzuetan, hipokritak ere bagarela. Esate baterako, guraso askori entzungo diozu kezka hori, 'nire semeak edo alabak ez du irakurtzen'. Baina zuk irakurtzen al duzu? Esan nahi da, nik asko irakurtzen dut etxekoak beti ikusi ditudalako irakurtzen eta irakurtzen zuten horrekin gozatzen (...) Horrez gain, nik uste dut ikastetxeetan literatura irakasten XIII. mendeko idazleetatik hasteak ez duela zentzu handirik. Zer gustatzen zaie 10 urteko umeei, Harry Potter? Bada, eman diezaiegun Harry Potter».

 

Ander Lipusek Xirika kazetan: «Nahiago da antzerkia entretenimendu bezala erabili beste gauza batzuetarako baino. Nik ez dut horretan erori nahi izan eta zentzu horretan, ADEL (Arte Drama Euskal Laborategia) nire ibilbidearen beste puntu koherente bat dela uste dut, ez bainago batere ados arte hau maneiatzeko moduarekin. Gure lana ez da ilusio kontu bat. Gure lana ez da pailazoarena egin eta jendeari barre eragitea. Teatrora dedikatzen garenok, ofizio bat dugu eta euskal kulturan ere beharrezkoa da garbi uztea gure lana oso serioa dela, baina hori, gure kontu dago».