argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Zapaterori jarritako erronka
  • Hauteskundeetarako ezker abertzaleko zerrenden legezkotasunaren zurrunbiloa bizi da egunotan bete-betean. Zalantzarik handiena da ea ANVko zerrendek Alderdien Legearen langa pasatzea lortzen duten ala ez. Aspalditik da ezaguna ezker abertzaleak zerrenda bikoitzaren jokoari helduko ziola, horretarako sigla batzuk edo besteak erabiliz. Zerrenda ‘kutsatu’ eta zerrenda ‘garbien’ jokoa alegia. Ez zen ezaguna ANVko zerrendetan ere tokian tokiko Batasuneko jende ezaguna joango zela.
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko maiatzaren 06a
Interpretazio desberdinak izan ditzake Batasunaren jokamolde honek, baina nagusienak azken hilabete luzeetan errenka dabilen bake prozesuari begira jartzen gaitu. Duela urtebete nekez irudika zitekeen Batasuna edo bere ordezkoren bat ez zela hauteskundeetan izango. Barajasekoa eta gero oso gaitza ikusten zen Batasuna edo ordezko zuzen bat hauteskundeetan egon ahal izatea, baina hala ere oso argi zegoen ezker abertzaleko alderdiak hauteskundeetan izateko moldea termometro oso garrantzitsua izango zela. Eta heldu da ordua. Jadanik badakigu ASB ez dela izango hauteskundeetan, Espainiako Auzitegi Gorenak maiatzaren 16an aztertuko baitu legezkoa den ala ez. Jakina, orain ez aurkezteko aukerak bere garrantzia du, baina Auzitegi Gorenak legezkoa dela erabakiko balu 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretara aurkeztea ahalbideratuko luke. Ez da eszenatoki posibleena orain “de facto” zerrendak atzera bota eta gero Gorenak legezko egitea, baina ezin da erabat baztertu.

Erabaki horren aurretik, hala ere, garrantzitsuagoa izango da ANVko zerrendei buruz erabakitzen dena, hor ere ezker abertzaleak desafioa luzatu baitio Jose Luis Rodriguez

Zapaterori: onartzen badira prozesuaren irakurketa baikorragoa egin ahal izango da eta alderantziz bada, prozesua oso kolokan dagoela interpretatu beharko da. Gara-ri emandako azken elkarrizketan uneari emandako garrantziaz ere jardun zuen ETAk eta ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzerik izan ezean erantzuteko aukera aktiba zezakeela iradoki ere bai.

François bayrouren botoemaileek zer egingo duten 6an, hor da Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeen gakoa. Bayrouk berak publikoki ez du ez Ségolène Royal ez Nicolas Sarkozyren aldeko botorik eskatu, baina bai adierazi du argi duela nori ez dion botorik emango: denek interpretatu dute hori Sarkozy dela. Besteak beste, Soud-Ouest-eko web gunean Bayrouk martxoaren 16an utzitako esaldia argitara eman du: “Ezin dira aurkitu Sarkozy eta ni baino pertsona desberdinagoak”. Bertan azaltzen du Sarkozyk 2004an Chiracen aurkako aliantza proposatu ziola eta nola eta zergatik eman zion berak ezetza.