«Ikusleek ez dakite zer nahi duten; ustekabeak nahi dituzte»

  • Lluis Pasqual Reusen jaio zen, Katalunian. Bizi, berriz, “hor zehar” bizi da. “Antzerkian gabiltzanok nomadak gara”, dio. Gaur egun, Bartzelonan ditu “liburuak eta galtzerdiak”, baina hara eta hona ibiltzen da etengabe, gustura, aireportuak eta hotelak maite dituela aldarrikatzen baitu. Azken urte eta erdian, Bilbo izan du hegaldi askoren helmuga nahiz abiapuntu, denbora hori baita Pasqual Arriaga Antzokiko arte aholkularia dela. Zer den hori? Hurrengo orrialdeetan ikusiko duzue.
Lluis Pasqual
Iñigo Azkona

Arriaga ez da zure lantoki bakarra, eszena zuzendaria ere bazara...


Halaxe naiz, eta hori da nire lanbide nagusia orain.

Arte aholkularia irakur daiteke Arriagan daukazun bulegoko errotuluan...


Izenen bat ipini behar zen, eta hori ipini genion.

Baina hori da zure lana hemen, aholku ematea?


Hara, bai. Nola edo hala, onuraren bat ekarri behar dio Arriagari nik hainbeste antzoki zuzendu izanak. Egoerak errepikatu egiten dira, eta aritu denak ezagutu egiten ditu egoera horiek; hori omen da eskarmentua. Ni hemen inguruan ibiltzen naiz, gauzei begira. Badaukat ohitura bitxi bat: egunero, antzokira sartzen naizenean, aretoa ikustera joan beharra daukat lehenbizi, norbaitek lapurtu ahal izango balu bezala edo. Eta gero, normalean, komunetako batera joaten naiz, ea paper nahikoa dagoen. Mania hori antzoki-zuzendari izatetik jaso dudan uztaren zati bat da. Eta noizean behin, aholkuren bat edo beste ematen dut.


Inork eskatuta, ala zeure kabuz?


Etengabeko hartu-emana da. Ezinbestean, antzezlan bat iragartzen duen errotuluaren aurretik pasa eta esaten duzu: ‘Hobe litzateke beste leku batean jartzea, handik ez da-eta ondo ikusten’. Lan hau xehetasun txikiz beteta dago. Emanaldiez ere hitz egiten dugu noski, ea zergatik etorri diren ikusleak, edo zergatik uste genuen ikusle asko etorriko zela eta ez den hala izan, zer nahi duten ikusleek...


Eta zer nahi dute ikusleek?


Eurek ere ez dakite. Horregatik da hain polita hau guztia. Matematika balitz, antzokiak mukuru edukiko genituzke beti, eta poltsikoak milioiz beteta. Baina hau ez da matematika. Programazioa jatetxe bateko karta bezala osatzen da. Sukaldariak erabaki egiten du zer jaki nahi duen prestatu egun bakoitzean. Gero, azokara doa eta berak nahi duena ez dago. Beraz, beste zer edo zer eskaini behar du. Dena dela, ikusleek ez dakite zer nahi duten; ustekabeak nahi dituzte. Eta nolabait elika ditzatela, emozioak azalera atera diezazkietela, berdin poza zein negarra, edo bi horien artean dagoen besteren bat. Senak agintzen du. Pentsa ezazu, dena den, ez direla berdin Arriaga bezalako udal antzoki bat eta ekoizpen-antzoki bat. Guk erabaki dezakegu zer eman nahi dugun, eta merkatua behatu, ea halako ezaugarriak dauzkan lanen bat dagoen. Ez badago, ezin da eman, ezin dugulako geuk ekoitzi. Baina ikusleek ez dakite hori. Esan bezala, ez dakite zer nahi duten, baina ikusi ahala ezagutu egiten dute.

Zeren bila dabiltzan ez dute jakingo beharbada baina, behintzat, antzerkia ikusi nahi dutela argi daukate?


Nahi, nahi... Jendeak, oro har, etxetik irten nahi du. Batzuek antzerkia ikusteko, eta gehienek ez. Bestela antzoki gehiago legoke, eta horietan ikusle gehiago. Ez dago zertan pentsatu antzerkia jende kopuru handientzako artea dela. Niri gauza bakarrak sortzen dit atsekabea: inork, inoiz –gero eta gutxiago zorionez–, bere buruari ukatzea antzokira joateko aukera, horretarako prestakuntza berezia behar delakoan. Antzerkia denen eskura dago. Gustuko izan dezakezu ala ez, baina ez da egia antzokietako programazioa selektiboa denik. Egile handiak ez baitira, izan, selektiboak. Pentsa genezake asko irakurri behar dela Becketten lan bat ikusi ahal izateko lokartu gabe. Bada, ez da egia. Nik eman izan dut Godoten esperoan desalfabetizazio maila handia zegoen lekuetan, eta arrakasta handiz.

Ikusleez ari garenean, gehiago zehaztu gabe, zertaz ari gara? Edo hobeto esanda, zenbatez? Hau da, Arriagako ikusleak jende kopuru zehatza dira, gutxi gorabehera beti berberak, edo Bilbo inguruan bizi diren ia milioia dira?


Ez bata ez bestea, bien arteko zerbait baizik. Esan behar da, hori bai, ikusle multzoak eklektikoak direla. Alegia, zarzuela zaleen multzoak eta prosazko antzerki ikusleenak ez dute ia bat egiten. Pentsa liteke pertsona berak direla, baina ez. Oso talde desberdinak dira, eta biak oso fidelak.


Bete ohi da Arriaga? Eta galderaren bigarren zatia: garrantzitsua da betetzea?


Antzokiak ez dira gomazkoak, baina izan behar lukete. Esate baterako: orain gutxi eskaini da Play Strindberg lanaren lehen emanaldia. Antzezle onak eta ospetsuak ditu, eta ikusle dezente erakar ditzake. Baina Arriaga handiegia da lan horretarako. Gakoa, antzezlan horretan, pertsonaiak hurbiletik ikustea da, eta Arriagan ezin liteke. Izan ere, 300 ikusle inguru har ditzakeen antzoki batean sortua da Play Strindberg. Arriagari hori falta zaio; Espainian egiten diren ikuskizun gehienak, eta interesgarrienak, formatu txiki edo ertainekoak dira. Lau, bost antzezle. Eta Arriaga zezen plaza da, ikuskizun asko ezin daitezke ekarri. 300 ikuslerentzat sortua den lan bat ikustera 700 badatoz, Arriaga ez da bete zarzuela ikustera 1.300 lagun datozenean bezala, baina hori ez da inoren errua. Izatekotan, antzokiarena da. Dena dela, Arriagak ikusle kopuru politak izaten ditu.


Iaz, Shakespearen Hamlet eta Ekaitza. Ezinbestekoa da lantzean behin klasikoak ematea?


Hamlet eta Ekaitza bai. Badira belaunaldi guztietan antzeztu diren hamar edo hamabi antzezlan, hala behar du gainera. Belaunaldi bakoitzak bere modura egiten du, eta ondare hori uzten dio hurrengoari, hark guztiz modu desberdinean antzez dezan.

Horrez gain, ikusleak etorriko direla segurtatzeko modua dira?


Ekaitza
antzezlan handia da, bikaina, eta Hamlet, berriz, munduko antzezlanik paradigmatikoena, ereduzkoena. Jendea beti etorriko da horiek ikustera. Ikusleengan bada alde kontserbadore bat: segurtasun apur bat edukiz gero errazagoa izango da etxetik irtetea. Tamalgarria da, baina nik ezin dut saihestu. Eta Hamletek segurtasun hori ematen die.

Eta antzokiari, segurtasunik ematen al dio Hamletek? Diru-kontuez ari naiz oraintxe.


Nire ustez, Hamletek ez dio inori bermerik ematen diru aldetik. Antzezle asko ditu, oso ekoizpen handia da, proba saio asko egin behar da... Diru publikorik ezean, ezin. Eta uste dut, aldi berean, antzoki publikoek emateko beharra dutela. Antzoki komertzial batek ez du inoiz Hamlet emango, ezin du.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude