«Gerraren ondorioz hilak ez, fusilatu egin zituzten!»

  • 1937ko martxoak 31. Gasteizko Bakea kaleko kartzelan libre utzi dituzte hamasei lagun. Ondo libre. Bi ibilgailutan sartu eta Lizarrara bidean Azazetan gora abiatu dira. 16. kilometroa agintzen duen mugarria baino lehen geratu dira. Preso “libre” utziak jaitsi arazi dituzte. Abadearekin egin dituzte azken hitzak. Binaka lotu eta mendian barrena ibili dituzte berrehun bat metro iturrira iritsi arte. Han, zuloa eginarazi diete. Tiroka hartu dituzte gero. Hilik dautzate hamaseiak. Azazetan gora. Toki gorde ezkutuan. Bertara ekarri gaitu hildako baten ilobak, haren izen berekoak: Jesus Estrada. “Hementxe asasinatu zituzten”, esan digu, lurra hartuz eskuan…

    Zortzi-bederatzi urte daramatzat lan honetan. Ekin nionetik, hainbat ohar ditut bildu eta idatziak. Hasiera hari dagokion bat irakurriko dizut, tankera eman diezaiozun. “Frantzisko Kintana Estibalitzen etxean izan naiz 2000ko apirilaren 19an. Nire lankide baten aita da Frantzisko. Gorpuak non lurperatu zituzten jakin nahi nuela adierazi diot. Berak leku zehatzera eraman ninduen. Frantzisko Kintanak 18 urte zituen sasoi hartan…”.
Jesus Estrada Arrondo
Dani Blanco

1937an, Azazetakoa gertatu zenean…


Bai. Kintanarekin hitz egin ondoren idatzitako oharrak ditut hauek. Izan ere, grabagailua ikusi zueneko isildu, mututu egin zitzaidan. Hortaz, berriketan jardun behar izan nuen gizonarekin eta, ondoren, paperean jarri nuen gogoan geratu zitzaidana. Irakurtzen segituko dut: “18 urte zituen sasoi hartan. Dio beste zenbait neska-mutilekin batera joan zela hil zituzten lekura. Ez du gogoratzen zein izan ziren berarekin. Oinetakoak eta beste ikusi zituzten lur artean barreiatuta. Ez zen hara atzera egundo itzuli eta ez daki gainerakoak itzuli ziren ala ez. Gerora, gorpuak 1978ko uztailaren 31n atera zituzten. Hildakoen senide batek, Pedro Ruiz de Azuak –hila da–, eraman zituen Lauzurika hileta-zerbitzukoak leku hartara. Salbatoreko hilerrian ehortzi zituzten. Lekua Inimiritxi izeneko iturriaren ondoan dago. Ruiz de Azua haren familia Pedro Anitua abadeari oso estu lotuta egon zen. Izan ere, Pedro Anitua Egiletako abadea zen garai hartan eta, aldi berean, Jose Luis Abaituaren tutorea zen.


Jose Luis Abaitua?


Bai, fusilatuetako bat. 1937ko martxoaren 31n Azazetako portuan fusilatu zituzten hamasei haietako bat. Frantzisko Kintana Egileta portura bidean zeuden lehenengo etxeetako batean bizi zen. Gauez edo, zarata entzun zuten. Ibilgailuak. Garai hartan ez zegoen beribil askorik. Zer edo zer barrundatu zuten, beraz. Kontua da hamasei lagun fusilatu zituztela. Kintanak eta esaten omen zuten: “Non ibili ote dira?”, baina, noski, beldurrak airean bizi ziren eta ez zegoen ezer esaterik.

Baina jakin zen.


Pedro Anitua abadearen eskutitz bat da argi-emaile. Komisariara joan zen, galdezka: “Zer da hau? Zer gertatu da? Kartzelatik irten omen dira hamasei lagun, eta ez dira etxera itzuli. Non dira?”. Garai hartako polizia gizatxar eta zitalenetako batek, Bruno Ruiz de Apodakak, antzarak ferratzera bidali zuen: “Auskalo non diren! Eurek jakingo dute! Festa eta parrandan ibiliko dira!”. Gutxi gorabehera esanda. 1942 inguruan, hiru lagunen hezurrak Azazetako zulotik erdi ezkutuan atera eta Santa Isabel hilerrian ehortzi zituzten: Jose Luis Abaituarena, Collellena eta Teodoro Gonzalez de Zaraterena. Jakin dezazun, Collell kataluniarra zen, ez zuen hemen familiarik eta Gonzalez de Zaratetarren panteoian sartu zuten.


Hiru horiek besterik ez zituzten atera.


Beste inor ez. Gainerako hamahiruak mendian geratu ziren. Badut eskutitz bat gure osaba Jose Mari Estrada Abalosek Argentinatik bidali zidana, asko lagundu didana. Osaba 1949an joan zen hara, eta ez da egundo itzuli. Honela ari da eskutitz hartan, kartzelan atxilo dagoela, bere osabarekin batera, ziega ezberdinetan bada ere: “37ko martxoaren 31n, desorduan, ziegako atea jo zieten hamasei lagunei, libre irten zitezen. Inork ez zuen susmo txarrik egin. Gure osaba, Manuel Abalos Negeruela, Jesus Estradarekin batera zegoen ziegan. Agurtzerakoan, ‘ea neu ere laster libratzen nauten’ edo horrelako zerbait esan zion Estradari gure osabak. Askatasun agiria sinatu zuten –irudipena dut horrela egingo zutela–, baina laster jabetu ziren amarruaz, kalera atera beharrean beste ziega batean bildu zituztenean. Martxoaren 31 esaten dugu beti, baina baliteke apirilaren leheneko egunsentia izatea… Jende askok gogor jo zuen protesta, baita gobernadorearen aurrean ere. Besteak beste, Pedro Anitua abadeak, Abaitua familiaren zuzendari espirituala zenak eta, gerora, Gasteizen lanbide eskolak sortu zituenak”. Abade hau dela eta, 1945 edo 47an gure aitonari joan omen zitzaion esanez Azazetako gorpuak bildu eta hilerrian hobiratzeko asmoa zutela. Ea semearen gorpua ere –gure osabarena–, aterako zuten galdetu zion gure aitonari. Aitonak, gorpua altxatzekotan, nola hil zituzten esan behar zutela, asasinatu egin zituztela, fusilatu. Gure aitonak uko egin zion bere semea Azazetako zulotik besterik gabe ateratzeari. Eta uste dut besteek ere ezetz esango ziotela Anitua abadeari, gorpuek han iraun zuten-eta, luzaro.


1978ra arte.


Bai. Orduan, Joseba Azkarragak, artean EAJkoa, gorpuak Azazetatik atera eta hilerrian lurperatzeko tramiteak egiten hasi zen. Azazetara joan eta ez omen zuten leku zehatza topatu. Berriz joan behar izan omen zuten, harik eta gorpuak aurkitu zituzten arte. Salbatoreko hilerrian ehortzi zituzten hamahiruak, denak panteoi berean: 132. etxadian, 114. zenbakian. Jarri dute hilarria, eta horra akatsak ageri: hamabi izen baino ez daude hilarriko zerrendan. Beste akats bat: izen bat oker emanda dago. Eta, nire iritziz, zuzendu beharreko beste zera bat ere badu harri horrek: “1937ko martxoaren 31n Gerra Zibilaren eraginez ondorioz hilak” dio, baina “Gerra Zibilaren eraginez ondorioz” ez, asasinatu egin zituzten eta kito!


Horiek 1978koak.


Harrezkero, lankide batekin hizketan, esan zidan bere aitak zer edo zer aditua zuela Azazetako hildakoen gainean. Nik, haren aitarekin hitz egin nahi izan nuen, lekua zehatz non zen jakin nahi nuelako. Horrelaxe hasi nintzen!


Lehenago ere bazenekin zer edo zer, hala ere.


San Vitor Manuel Iradier mendizale taldearen mendi kutuna da. Urtero igotzen gara hara, bertan jartzen dugu jaiotza. Bada, behin edo behin, Juanito Salazar eta Isaias Grajales mendizaleek-eta, esan izan zidaten: “Hire osaba hor inguruan zegok, hor akabatu zitean!”. Baina ez zuten besterik esaten, artean Bruno Ruiz de Apodaka bizirik zegoen eta ez zen giro Gasteizen. Urteak geroago, 2000ko apirilaren 26an, Azazetara joan ginen, lankidearen aitak, Frantzisko Kintanak, bertaraino eraman ninduen. Neure oharretan idatzita daukat: “2000ko apirilaren 26an, lanetik irten, autoa hartu eta Azazetara joan gara Pako Kintana, haren seme Anjel eta hirurok. 16. kilometroa baino berrogeita hamar bat metro lehenago, autoa utzi eta mendian gora hasi gara, Inimiritxi aldera. 18:30ak ziren, giro ederra, lainatua…”. Tira!


Segi, Jesus, segi irakurtzen…


“… giro ederra, lainatua, nahikoa argi badugu oraindik. Mendian gora ari gara, bazterrak aztertzen, mendiak berak esan diezagun non den lekua zehatz… Pako bila eta bila ari da. Gu, haren alboetan ari gara, hari lagundu nahian, oraintxe metro batzuk gorago, oraintxe beherago. 19:15ak inguruan, lekua topatu dugu. Inimiritxi iturriaren parean da. Esana zidatenez, errekastoari beste bide bat harrarazi zioten 1945ean, hiru gorpu atera zituztenean, urak gainerakoen gorpuzkinak honda ez zitzan. Bertan gaudela, behiala iturriraino izan zen bidezidorra ikusi dugu. Datu guztiak bat datoz: zabaldoa, lur hutsa, hauxe da lekua. Gurutze moduko bat egin eta bertan ezarri dugu. Pentsaketan ari naiz. Gure aitona-amonek aipatzen zituzten izenak datozkit: Apodaka, Turuta, Betokerra… Benetako kriminalak Gasteizen, zein eta zein garbitu, zein eta zein zigortu erabakitzen zutenak. Haientzako kalifikatzaileak ez zaizkit falta. Nola igoarazi zituzten hamasei lagunak, nola eginarazi zuloak, nola fusilatu zituzten, nola garbitu zituzten beren esku atzaparrak ondoko iturrian… Beherantz hasi gara, irispidea gogoan hartzeko ahaleginean. Lekua ondo seinalatzeko asmo sendoa hartu dut: bidea margotu, argazkiak egin, bideo-kameraz grabatu… Ez diet nire bi lagunei ezer esan, errezelotan has ez daitezen. Gasteiza jaitsi gara. Euria dakarrela ematen du. Ez du momentuan egin, iluntzean egingo du. Etxera heldu eta eskutitz bat postontzian. Langraizeko kartzelara bidali nuen eskari baten erantzuna da. Dio gure osaba, Jesus Estrada Abalos, 1936ko ekainaren 30ean atxilotu zutela, eta 1937ko martxoaren 31n libre utzi zutela!, Langraizetik bidali zidaten egiaztagiriak ez dio fusilatzera eraman zutenik! 2000ko apirilaren 19an bidali zidaten agiria da!”.


Agirion bidez, gaitz erdi, Iruraiz-Gaunako erregistro zibilean osaba hilik dagoela agertzea lortu dut. Osterantzean, “desagertua” jarriko zioten. Nik “fusilatua” jar zezaten nahi nuen, horretan saiatu nintzen, baina “hila” jartzea besterik ez dut lortu. Zenbat urte eta gero? 2000. urteko abuztuaren 3a arte ez nuen lortu hiltzat eman zezaten! Hirurogei urte baino gehiago igaro eta gero! Bitartean, “desagertua”. Harrapazak hori! Santa Isabel hilerrian ehortzi zituzten hiruak bai, “hilak”, baina gainerako hamahiruak? Nik gure osabaren berri dakit, nahita ere ezin ezer esan gainerakoei buruz, ez dakit eta. Nonbait, besteren baten senideren bat ere mugitzen hasita dago, nirekin harremanetan jarri nahi omen du. Ikusiko da. Kontuan hartu hirurogeita hamar urte joan direla, hirurogeita hamar urte! Nik, behintzat, bide handia egina daukat. Lekua, erregistro zibila, hilerria, egiaztagiriak, eskutitzak, lekukotasunak, dokumentazioa, argazkiak… Antojagarria izateraino jardun dut. Orain dela bost urte, adibidez, ekitaldi bat egin zen Salbatore eta Santa Isabel hilerrietan, EAJk eta EAk antolaturik omen. Izan ere, egia esatera, alderdiei buruko mina egin arte jardun nuen matrakan, esanez omenaldia egin behar zela Azazetako fusilatuen oroimenez. Azkenean, egin zuten. Beharko egin!


Osaba fusilatuaren izena daramazu…


Irudipena daukat aitonak ni semetzat nindukala. Alegia, itzuli ez zen Jesus semea nintzaion. Amona, aldiz, semea noiz edo noiz itzuliko zitzaiola konbentzituta zegoen. Edo bere burua konbentzitu nahi zuen. Bere Jesus semea libre utzi zutela esan ziotenez, azalduko zela zioen, edo esaten zion bere buruari. “Non da zuen semea?” galdetzen ziotelarik, beti betikoa esaten zuen: “Gure semea libre dabil. Edozein egunetan azalduko zaigu”. Baina bazekiten hilda zegoela, jakingo ez zuten bada! Hara, gure aitona zenak familiaren datu biografikoak idatziak utzi zituen koaderno batean. Bertatik irakurriko dizut: “Jesus Estrada Abalos, 1911ko abuztuaren 24an Gasteizen (Araba) sortua, Gasteiz inguruan, Egiletako portuan hil zen, asasinatua, 1937ko apirilaren leheneko egunsentian. Oroimenez, bere izena jarri zioten Estrada-Arrondo familiako lehenengo semeari”. Alegia, niri.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude