Gaizka Iroz
Baina, funtsean, zer aldatuko da guretzat Ipar Euskal Herrian? Zeren hau baita interesatzen zaiguna. Orain arte entzun dugunarekin Sarkozy eta Royalen arteko desberdintasuna zertan datza? Royalek ez du gehiago departamendurik aipatzen, Pays delakorekin nahikoa dela dio, eta euskararen ofizialtasunari buruz, Europako Karta aplikatuko duela. Sarkozyk ez du horrelako kezkarik, ez du iritzi ohargarririk agertu. Haatik, barne ministroa izan den bitartean euskal departamenduaren aldeko diru laguntza eman zuten Herriko Etxeak auzipetu ditu, Laborantza Ganbarak sekulako arazoak ditu frantses administrazioarekin. Maila horretan Royalek eginen duena ez dakigu, sozialistak oso zentralistak dira, aspaldi abertzaleen ondoan ibili baziren ere, aldendu ziren, eta iragan –edota arbel– oso beltza utzi zuten euskal arazoaren inguruan.
Hiru eremu ekonomiko ditugu aipatzeko hauteskundeen bigarren itzulirako. Hasteko, laborantza. Eskakizun argia egiten duena Laborantza Ganbararen bitartez, eta bestalde, gizarte osoa hunkitzen duen ekoizpen transgenikoaren gaia, mahai gainean ezarri dena Lur Berriren okupazioarekin. 1998tik eskuinak transgenikoen ekoizpena onartua du, sozialisten sostengua izan dute okupatzaileek. Arrantzaren eremuan, gure portuak hiltzen ari dira, Frantziak ez du sektore ahul hori babesten. Politikoak isilik eta, noski, turismoa, gure nortasuna ezabatzera bultzatzen duen ekintza ekonomikoa. Euskara karriketatik desagertu ondotik gure izaera desitxuratzen laguntzen duten turista gehiago ekarrarazteko. Hor gurpil zoroa dabil, horretaz presidente gaiek ez dute iritzirik, ez da haien aipagaietan kabitzen, goraipatu duten nortasuna ez baita gurea