argia.eus
INPRIMATU
Fernando Rey
«Halabeharraren eta hautuen gaineko gogoeta dago narraziotan»
Pilar Iparragirre 2007ko maiatzaren 06a
Fernando Rey
Andoni Canellada/A.P.

Aurkez dezakezu Antonio Tabucchi?


Gaur egungo idazle italiar ezagunena da, segur aski. Dudarik gabe Europako literaturaren ahots adierazgarrienetako bat. Oso ezaguna bere obragatik –sari asko irabazia da–, eta baita demokraziaren eta askatasunen defentsan hartutako jarreragatik ere. Tabucchiren ustez, zenbait momentutan ahotsik gabekoen ahotsa izan behar du intelektualak, politikarien eta egia osoa balute bezala hitz egiten dutenen aldean, iritzi publikoan zalantzak sortu. Gure gizartearen auzi kezkagarriei dagokienez, intelektualaren zereginean eskubide bat aldarrikatzen du: jarrera bat hartzekoa eta, beharrezkoa denean, alarma-deia egitekoa.

Asko nabarmendu al da maila horretan?


Bai. Hamaika aldiz, hitzarengatik jazarpena jasaten duten idazleen defentsan. Totalitarismoaren eta torturaren kontra ere goratu du maiz ahotsa. Pereirak dioenez borroka horien ikur bihurtu da, noski.

Zer esan diezaigukezu Oker ttiki garrantzigabeak-ez?


Ez da Tabucchiren liburu ospetsuenetakoa, baina kontakizun sail ederra da. Lehenbiziko irakurrian, bidaiari etsituen abentura existentzialak ematen dute, baina narrazioaren eta bizitza egiazkoaren arteko antzekotasuna dela-eta, ezinegona eragiten digute. Istorio hauetako bidaiariek, erabakiek eta kasualitateek baldintzaturik, arranguraz egiten dute aurrera, bizitzaren tolesetan zer gordetzen den jakiteko ahaleginetan. Funtsean, halabeharraren eta hautuen gaineko gogoeta dago narrazioetan, existentziaren zirrikituetan barneratzeko saioa. Sentsazio eta iradokizun irekiak uzten dizkiote irakurleari.