argia.eus
INPRIMATU
Ez dago bigarrenik
  • Londres, 1851. Ingalaterrako hiriburuak guztiak aho zabalik utzi nahi izan zituen historiako lehen munduko erakusketa antolatuta. Gobernu britainiarrak nagusitasun ekonomiko eta industriala erakutsi nahi zuen; munduko herrialderik boteretsuena izaten jarraitzen zuela. Eta ez soilik lehorrean; oraindik ozeanoen jabe zirela jakinarazi nahi zioten munduari. Britainiarrek itsasontziak egiten onenak zirela sinesten zuten, eta horregatik America goleta erakusketan ikustea sekulako probokazioa izan zen eurentzat; goletaren diseinugile George Steers-ek munduko azkarrena zela esan zuen. John C. Stevens zen belaontziaren jabea eta New York Yatch Club-a (NYYC) sortu berri zuen. Great Exhibition-eko (Erakusketa Itzela) egitarauaren barruan ekitaldi berri bat sartzea erabaki zuten ingelesek: Wight uhartearen inguruan estropada egingo zuten Stevensen ontziaren aurka. Irabazleak urrezko ehun ginea balio zuen zilarrezko pitxarra jasoko zuen. Baina askoz gehiago zegoen jokoan. Kirol norgehiagoka baino, herrialdeen arteko borroka zen, garaileak itsasontzien diseinuan nagusitasuna frogatuko baitzuen.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 03a
Mantso samar irten zen ontzi estatubatuarra, baina gero erraz irabazi zien hamalau ontzi ingelesei. Diotenez, Victoria erreginak estropada nola zihoan galdetu zuen. America nagusitzen ari zela esan ziotenean, bigarren zein zen galdetu zuen. “Ez dago bigarrenik”, erantzun omen zioten. Umiliazio handia izan zen. The Times egunkariak berak gogor kritikatu zuen etxeko marinelen ahulezia.

Handik aurrera zilarrezko pitxarrari eta, ondorioz, estropadari America’s Cup deitu zioten, ez kontinentearen omenez, lehen desafio hura irabazi zuen belaontziaren ohoretan baizik.

Bigarren edizioa New Yorken egin zuten, 1870ean. Cambria ontzi ingelesak mendekua nahi zuen eta NYYCko hamazazpi ontziren kontra lehiatu zen. Hamargarren baino ez zuen egin.

Urte batzuk geroago britainiarrek ahaleginean jarraitu zuten. 1886an Thistle goleta eskoziarra kaskoa estalita zuela iritsi zen AEBetako kostaldera. Ez zuten New Yorkeko taldeek euren diseinu berritzailea ikusterik nahi. Baina bertako egunkari batek urpekari bat bidali zuen, eta Volunteer ontzi estatubatuarreko kideek arerioen sekretuaren berri izan zuten. Volunteerekoek irabazi zuten, inork faboritotzat jo ez bazituen ere.

Mende eta erdian Amerika Kopako protagonistak ez dira soilik estatubatuarrak eta britainiarrak izan. 2003ko azkeneko edizioan, esaterako, Allinghi suitzarrak irabazi zuen; munduko itsas potentziarik handiena zein zen argitzeko jaiotako lehia, itsasorik gabeko herrialde batek irabazi zuen.