argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Artzaina ona, aitabitxia hobea
Jon Artano Izeta @jonartano 2007ko maiatzaren 06a
AEB, 2006. Zuz.: Robert De Niro. Akt.: Matt Damon, Angelina Jolie, William Hurt. 160 min.

The Godfather of CIA movies” goratu zuen New York Post-eko kritikariak.

Gabardinajantzitaharrapaketandabiltzanespien pelikulari hamaika kritika egin dizkiote dagoeneko. Gehienen sententzia, oso motela dela. Ni ez nago ados. Ez al dira jabetu pelikulak duen erritmoa azkartxo ere badela ikusle askorentzat –horko flashback festa–? Beharrik ez dela azkarragoa, bestela inor ez litzateke aklaratuko. Aretoko argiak piztean jendea taldetxotan marmarrean ikusiko duzue elkarri ulertu ez duen istorio zatia esplikatzeko ahaleginean. Istorioak etengabe ematen ditu hari mutur berriak eta ez du aspertzeko betarik uzten, bi ordu eta erdi pasatxo iraun arren. Munich –gidoigile berarena– eta Syriana dira azkenaldian estreinatu dituzten tipo horretako filmak; horiek bezain aisa ikusten da hau, eta odol zipriztin gutxiago botatzen du.

Egin dioten beste kritika da protagonistaren hoztasunak ez duela laguntzen ikuslea berekin identifikatu dadin. Agian Matt Damon-en antzezkeran zuzendariak izango zuen eragina. De Nirori funtzionatu zion The Godfather II-n. Ondo xuhurra zuen solasa berak gorpuzten zuen Corleonne gazteak. Haren bisajeak ez du sekula baretasunik galtzen; zirkinik ere ez. Ellis Island-era siziliarrez baino ez dakiela, mutu, arribatzen den umezurtz mengela eta famigliako buru sendoa lotzen dituen katebegia da.

Izatez gerotan, filmaren ajea da maisulana egin nahi izan dutela eta ez dutela lortu. The Godfatherekin konparazioa egitera, denean galduko luke. Bigarren mailako pertsonaiak, adibidez, lauak dira. Joe Pesciren etxean protagonistak egiten duen sartu-irtenak Michael Corleonek eta Hyman Roth-enaren antza harrigarria du. Baina Pesciren pertsonaiak –capo batena egiten du, berriz!– ez du sakontasunik. Alec Baldwin guri-guri agertzen den arren asko mejoratu behar luke bere pertsonaiak Luca Brasiren pisua izateko.

Nire hipotesia da CIAko webetik (www.cia.gov) hartu duela gidoirako inspirazioa Eric Roth-ek. Han jartzen du: “One Agency. One Community. Functioning as one team”, hor duzue mafiaren famiglia-ren bertsio wasp-a. Segi leitzen eta: “We are the nation's first line of defense. We accomplish what others cannot accomplish and go where others cannot go” (Guk erdiesten dugu besteek erdietsi ezin dutena, gu joaten gara besteek joan ezin duten lekuetara). Bada hor aparra eta bitsa. Perla distiratsuena: “Integrity. We seek and speak the truth”. To, mundua salbatzen nahiko lan ez, eta zintzo demonio, gezurrik esan gabe, egiten dute. “We put Country first and Agency before self” hahor protagonistaren gatazkari erantzuna, esaldi bakarrean: Aberria aurrena eta Agentzia norbera baino lehen. Bukatzeko: “Quiet patriotism is our hallmark”, ibili-ibili eginda hauek ere nazionalista moderatuak.

New York Postekoa ahokada izanagatik pelikula balekoa da.