«Top44a inoiz baino gertuago ikusten dut»

  • Txikitan, Aritz Aranburuk Zarautzen jokatzen den Munduko Surf Txapelketan parte hartzen zuten surflariei inbidia apur batekin begiratzen zien. Aurten ere egingo da txapelketa bere jaioterrian eta oraingoan bera jardungo da surf egiten. Berari begiratuko diote. Lasaitasuna eta umiltasuna nabari zaizkio, eta badirudi dena kontrolpean duela, elkarrizketak egitea bere lanaren parte izango balitz bezala. Baina, bere txikitako ametsik politenean ere ez zen azaltzen surfa egitetik bizi ahal izatea, eta zorteduna dela sarri errepikatzen du.
Aritz Aranburu
Dani Blanco

Imajinatzen zaitut zazpi urterekin, ikastolatik atera eta olatuei begira denbora pasatzen. Zuk nola gogoratzen duzu garai hura?


Zarauztarra izanik, txikitatik hondartzan ordu asko pasa ditut eta gogoratzen dut 3-4 urte nituenean paipoarekin nola ibiltzen nintzen. Gainera, orduan Zarautzen Munduko Txapelketa egiten zen eta surflari horiek guztiak ikusten nituenean inbidia sentitzen nuen. Zazpi urterekin ikastolan liburuxka bat eman ziguten udako kirolekin eta aukeretako bat surfa zen. Gurasoak berehala konbentzitu nituen eta jaunartzea egiterakoan oparitu zidaten lehenengo surf ohola, hortxe hasi zen nire ibilbidea.


Familiaren babesa garrantzitsua izango zen.


Hasieratik asko babestu ninduten eta hori bizitza osoan eskertuko diet. Eurek ez dute mundu honekin zerikusirik, erabat ezezaguna eta berria izan da dena eurentzat. Hala ere, txikitatik lagundu didate eta txapelketa eta txoko guztietara eraman naute.

Hemezortzi urte arte ikasten jarraitzea erabaki zenuen. Nola lortzen da txapelketak, bidaiak eta ikasketak uztartzea?


DBH amaitu nuenean izan nituen zalantzarik handienak, orduan hasi bainintzen apur bat profesionalizatzen. Hala ere, surfean beste edozein kiroletan bezala lesio batek asko eragin dezake. Horregatik, egunen batean ikasten jarraitu nahi badut batxilergoa eta selektibitatea eginda edukitzeak ateak irekita uzten dizkit. Gainera, txapelketetan parte hartzea, bidaiatzea eta ikasketak tartekatzea ez zitzaidan oso zaila egin.

Gaztetatik asko ibili zara etxetik kanpo.


Bai egia da, baina ni oso baikorra naiz eta gauza guztien alde positiboarekin bakarrik geratzen naiz, azken batean, orain daramadan bizitza betidanik amestu izan baitut. Txikitan sekula ez nuen pentsatuko surflaria izango nintzenik. Urteko hiru laurdenak etxetik kanpo pasatzen ditut eta egia da, urtetik urtera etxekoen falta gehiago sumatzen dudala, baina ez naiz nahigabetzen. Adibidez, etxetik milaka kilometrora nengoen batean erretako haragia jaten ari nintzen eta bat-batean lagunekin sagardotegira joateko gogoa etorri zitzaidan. Momentuak izaten dira. Hala ere, ezagutzen ditut etxera joateko irrikitan egoten diren surflariak; nik ordea, badakit zorte handia dudala eta ezin naiz kexatu.

Zer egiten duzu etxera etortzean?


Ez da asko aldatzen kanpoan edota etxean nagoenean daramadan bizimodua, bietan egiten baitut surfa. Inguruko jendea da gehien aldatzen dena. Bidaiatzen hasi nintzenean, etxetik kanpo lo egiteak harritzen ninduen, orain etxean lo egitea izaten da arraroa. Niretzat berezia da, jaikitzean ama ikustea eta euskaraz hitz egitea, edota nire betiko gosaria gosaltzea...

Nolakoak dira zure entrenamenduak?


Etxean nagoenean alde teknikoa eta psikologikoa lantzen dituzten entrenamenduak egiten ditut bereziki. Entrenamendu teknikoarekin uretako teknikak lantzen ditut, egiten dudan surfa perfekzionatzeko. Horrelakoetan grabatzea gustatzen zait, egiten ditudan akatsak ikusita ikasten baitut. Psikologikoki ere asko prestatzen naiz, surfa egiterakoan burua erabili behar baita. Alderdi fisikoa ere lantzen dut, korrika, igeri eta abar. eginez. Honez gain, yoga praktikatzea ere oso ona da surflariontzat, gorputzeko atal guztiak erabiltzen eta koordinatzen laguntzen duelako, surfean malgutasuna ezinbestekoa izanik. Olatu handietarako berriz, aipaturiko guztiaz gain fondoa bereziki lantzen dut.


Surf egiten noizbait sentitu al duzu beldurra?


Bai, askotan, eta norbaitek ezetz esango balu ez nioke sinetsiko. Gauza berriak egiten hasten zaren heinean beti daude mugak eta muga horiekiko errespetua izatea ezinbestekoa da. Sarritan ez da izaten beldurra sentitzen dudana, bai ordea errespetua. Gogoratzen dut Hawain lehenengo aldiz egon nintzenean sekula ikusi ez nituen olatuak zeudela; hamar metro ingurukoak, eta hasieran beldurra eta errespetua sentitu nituen, biak aldi berean.


Surf egitetik bizi al daiteke?


Ni surf egitetik bizi naiz, nahiz eta hori nire ametsik politenean ere ez zen azaltzen. Egia da horretarako maila jakin bat eduki behar dela eta surflari bakoitzak gure sponsorrekin dugun kontratua ere oso desberdina dela. Uste dut mundu mailan nahiko ondo ibiltzen bazara, surf egitetik bizi zaitezkeela. Duela hamar urte Euskal Herrian bakarren bat bizi zen surf egitetik eta orain gutxienez gehiago gara. Harrobi ona dator eta agian hemendik hamar urtera askoz gehiago biziko gara surfetik, erraza ez den arren.

Esan liteke surfa egun diru mordoa mugitzen duen negozioa dela. Zuk barrutik nola ikusten duzu?


Surf markak beste enpresa ezagun batzuk erosten ari diren enpresa erraldoiak dira. Dudarik gabe, diru asko mugitzen duten enpresak dira.


WQS (World Qualifying Series) zirkuituan Brasilen bost izarreko txapelketa irabazi duzu. Pare bat hilabete pasa ondoren nola gogoratzen duzu?


Hasieran kostatu egin zitzaidan lortu nuena asimilatzea, azken batean konturatu bainintzen aurretik egindako ahalegin guztiak izan zuela eragina. Gainera, urteari horrelako hasiera eman izanak lanean jarraitzera animatu nau.

WCT (World Championship Tour) zirkuituan sartzea da zure ametsa. Gertu ikusten al duzu?


Gertu ikusten dut, baina oraindik txapelketa asko geratzen dira. Nire helburua WCT-n sartzea da, baina badakit ni bezalaxe munduko beste 500 hoberenek ere hori dutela buruan, lekua 44rentzat bakarrik egonik. Horregatik Brasilen irabaztea ikaragarria izan da, nire ametsa sekula baino gertuago ikusten baitut. Hala ere, baikorra naiz eta badakit lan asko eginez gero zerbait lortu dezakedala. Une honetan oso gustura nago eta horrek egongortasuna ematen dit.

Non duzu helmuga?


Helburu desberdinak ditut eta surfaz gain bestelako ametsak ere baditut, nahiz eta momentu honetan surfari lehentasuna ematen diodan. Hemendik hamar urtera surf egiten ikusten dut nire burua. Hogei urtera? Auskalo. n

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude