argia.eus
INPRIMATU
Jokin Lasa - Zera
«Peli Markiegiren alderdirik txiki eta ezezagunena jorratu dugu»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Jokin Lasa

Zer nabarmenduko zenuke omendu duzuen Peli Markiegiren ibilbideaz? Zerk egiten du Peli hain berezi?


Peli Markiegi, Lizardi, Orixe eta joan den mende hasierako zenbait olerkari garrantzitsuen garaikidea izan zen eta, adituek diotenez, haietako zenbaitenak adina kalitate du bere literaturak. Zergatik ez da, beraz, hain ezaguna? Baliteke bere garaian libururik argitaratu ez izanak zerikusia izatea. Baina horrek ez dio kentzen duen meritua. Guk Peliren alderdirik txikiena eta ezezagunena jorratu dugu. Erlijioa eta kristau fedea baino, bere alde gizatiarrena hartu dugu kontuan.

Musika emaitza oso zabala da, estilo ugari jorratu dituzue diskoan.


Doinuak horrela sortu dira, ez naiz gauza zehatzen bila joan. Hala ere, moldaketetan eta orokorrean diskoan nabari den giroan esku hartu duten musikarien ekarpena oso garrantzitsua izan da; eta batez ere ekoizpen lanetan aritu den Kaki Arkarazorena. Hori bai, saiatu gara Peliren olerkiek duten tristura, dramatikotasuna, alaitasuna, xumetasuna… musika bidez islatzen.

Diskoan luxuzko musikariek parte hartu dute…


Bai, eta hori Kaki Arkarazori zor diot. Kaki aspalditik ezagutzen dut, biok lazkaotarrak garelako; eta musikan antzeko hastapenak izan genituelako. Berak hartu zuen musikariak lortzeko ardura, eta, zer esanik ez, aukeraketa ezin hobea egin zuen.

Eta disko honen kaleratzeak eta oro har omenaldi proiektuak zer jarraipen izan du?


Dagoeneko zuzenekoak ematen ari gara, formatu akustikoan: bi gitarra eta ahotsa. FNACen egin genuen lehena eta harrezkero Errenteriako Mikelazulon eta Iruñean ere aurkeztu dugu. Apirilerako eta maiatzerako ere baditugu emanaldiak. Baina ohiko tabernetan ez ezik beste leku batzuetan ere aurkeztu nahi genuke diskoa, kultur etxeetan esate baterako. Pentsatzen dugu leku egokiagoak direla gure emanaldietarako.