"Gaur egun irakasle fatxaren alde nago duda izpirik gabe"

  • Literatura kritikaria, filosofo kontenplalaria eta telebistako solaskidea. Bermeon bizi da eta bertako institutuan irakasten du. Hitzaldi ugari emandakoa: Larrabetzun, Londresen, Lazkaon...
Markos Zapiain
Iñigo Azkona

Bermeora ailegatu eta herriko “talan” bizi izan zinen, antzinako “talaidxeruak” legez: orduan bilakatu al zinen filosofo kontenplalaria?


Kontenplalaritza helburu zaila da, oraingoz urruna. Baina aspaldiko partez balea bat agertu da Harribolasen. Talatik ikusi dugu. Izaki handiak errazago kontenpla daitezke: balea, itsasoa, Rasputia.

Nire lagun batek zugatik ikusten du Kalaka...


Gutxi fio. Bekatu hilgarri mortala da banitatea.

Zure blog pertsonalean irakurria: “Gero eta piercing gehiago dabil euskal-aluetan...”.


Ondorio filosofiko orokorrek aurretik zenbaketa lan zehatza eskatzen dute. Errealitatearen aurrean ez dugu zertan kikildu.

Nire lagun (zure jarraitzaile) horrek ez daki nor izan zen Hannah Arendt, ezta nik ere…


Filosofia ez da izan gizonena baino berriki arte. Hannah Arendt izan da Olinpoan dudarik gabe kokatu duten lehenbizikoa. Eta orduantxe aldarrikatu du "ni ez naiz filosofo". Eskerrak Gursetik garaiz ihes egin zuen.


Geltokian dagoen etorkin galiziar batek galdetu du “Este tren é pra Irun...?” eta beste etorkin batek erantzun dio: “Pra ir un? Será pra ir todos!”.


Emigratu beharraren ondorioz galiziarrek oso sustraiturik dute Bataren eta Guztiaren arteko harremanari buruzko kezka filosofiko-politiko zaharra. Gainera, txiroek, burua ez galtzeko, arazo existentziala txiste bilakatu behar izaten dute.

Nire beste lagun batek honela bataiatu zaitu ordea: Zapping-ain!


Gezurra! Hitz jolas merke hori luzitu ahal izateko egin didazu galdera! Zeren egia balitz, patxadaz egin ahalko nituzke erosketak Harrodsen. Baina izugarriak dira paparazziak. Ohituko gara pixkanaka.

Labartzari Agur nobela aztertuta idatzi duzu: “Txillardegi egilearentzat, orain eta hemen, borroka armatuaren aldeztea patologia legez ulertu behar da”. Aizu, engainaturik izan nau Txillardegik orain arte…


Zerorrek nahi baituzu engainaturik bizi! Txillardegi gizasemea eta Txillardegi autorea bereizirik ere, lehenbizikoa Aralarren dabil eta borroka armatuaren aurka idatzi du maiz. Eta autorearen azken eleberriko protagonista, borroka armatuaren aldekoa, burutik ez dabil ondo.

Agian Koldo Izagirre posmodernoa da zuretzat eta orain enteratzen naiz...


Ez dakit Izagirre posmodernoa ote den, baina egundoko idazlea behintzat bada. Bere-berea du egiarekiko asmatu duen harreman tragikomikoa, Sua nahi, Mr. Churchill?eko protagonisten ihesaldi oztopatuak bezain gazi-geza. Kafkaren ziminoak ez zuen askatasuna nahi, baizik behar bezalako ihesaldi bat.

Egiazko posmodernoa Iban Zaldua da. Euskadi Saria jasotzerakoan honela bukatu zuen diskurtsoa: “gracias papá, gracias mamá...”.


Zehazki, “gracias papi, gracias mami” esanez burutu zuen hitzaldi gogoangarri hura.
Edonola ere, gurasoei esker ona adieraztea ez da posmodernoen monopolio. Eta zure galderen azpian sumatzen den “posmoderno” kontzeptuari bete-betean egokituko litzaioke murtziar hura, samurai-ziberjolas bat eredu hartuta gurasoei lepoa katana batez ebaki ziena.

Zaren institutu-irakasle “desberdin” horrek... Poeta Hilen Kluba filma maite ala gorroto ote du?


Film hori demagogiko hutsa duzu. Gaur egun irakasle fatxaren alde nago duda izpirik gabe. Pedagogiari dagokionez, azken urteetako filmik onena Michel Gondryren Human nature iruditzen zait, Patricia Arquette eta Tim Robbins protagonista.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude