Euskara eta biok

  • Zer da euskara guretako? Galderak euripean harrapatu ninduen, Korrikaren azken metroak egiten ari ginela, Gazteluko plazara sartu baino lehentxeago, Nafarroako Jauregiko kamerei erreparatu eta –Korrikan gindoazenon mugimenduei segika ari zitzaizkiela– haien mugimenduak zuzentzen gibelean izanen zituztenei irribarre batez agurtzea erabaki nuenean.

    Kamera-gidariek ikusten eta agian grabatzen ari zirenaz pentsatzen hasi nintzen –hizkuntza baten alde korrika milaka zorok egiten genuen ikuskizun harrigarriaz–, eta agian horregatik etorri zitzaidan galdera burura. Zer da euskara guretako? Zer da euskara niretako?

    Jabetu nintzen une hartan Korrikan ari ginenok –eta ertzetatik txaloka ari zirenak ere– euskara pertsona baten antzera kontsideratzen ari ginela, pertsona kuttuna, eta aldi berean ahula, gure aldetik babes berezi baten premia duena, eta, ume edo eri baten antzera, ohi baino maitasunezko erakustaldi gehiago eta sutsuagoen beharra ere. Pitin bat aztoratu nintzen.
Inma Errea
Alberto Elosegi
Korrikaren zurrunbiloa atzean utzita etxera nindoala, Hasier Etxeberriak eta Ana Urkizak haien liburuetan elkarrizketatutako idazleek euskararekiko bizipenen gainean adierazitakoekin oroitu nintzen, nik eta beste anitz jendek esan ditzakegunen oso antzekoak aitortzen baitizkigute horiek. Eta berehala hartu nuen gogoan pertsonaia euskaldunei egindako elkarrizketa gehienetan errepikatzen dela euskararen aipua, eta euskaldunon joera dela euskararekin dugun loturaren berri oso modu goxoan ematea, eta, beti-beti, maitale ohi batekin izandako harremanei buruz arituko bagina bezala mintzatzen garela.

Baina maitaleekiko harremanak, iraungiak direnean ere, ez dira jendaurrean aipatzen, eta maitaleekiko amodiozko erakustaldiak ere intimitaterako gordetzen dira, oro har. Horrekin akordatuta, guretako –niretako– euskara maitalea ezin daitekeela izan onartu nuen.
Bestaldetik, aitortu behar izan nion nire buruari euskararekiko gure hitz-jarioei eta atxikimendu publikoei halako kutsu errituala dariela ia beti, hizkuntza gurtu beharrekotzat joko bagenu bezala, objektu sakratu bat-edo bailitzan. Aitorpenak umorea goibeldu zidan –objektuak sakratuak izanagatik ere gauza bizigabeak baitira– eta euriaren aitzakiaz parasola zabaldu nuen, hurrengo burutazioak zer ekarri ere.

Ez zuen atertzen. Galderak hor segitzen zuen, tinko, erantzunik gabe joan nahi ez zuela. Zer pentsatu ez nekiela, etxeratu eta, bazkariari azken ukitua eman bitartean, euskarak nire bizitzan zer paper jokatzen zuen hausnartzeari ekin nion. Gero eta deserosoago nengoen, ez bainuen onartu nahi errealitatearen gordina: euskara, nire bizitzan, erdizka ibili den zerbait izan baita beti, eta da. Aldi berean nire baitakoa eta kanpokoa den zerbait. Hasiera batean, gaztelaniazko hitzetan txirikordaturik disimuluan irteten zen ene ahotik, eta urteak behar izan nituen, ohartzeko nire baitan bizi zela, gaztelaniarekin batera, eta bi hizkuntzak nituela barruan, ahizpa siamdarren antzera hazten. Hizkuntzak bereizi ziren, baina euskara niregan betidanik sustraitua izan bada ere, erroak erdi airean izan ditu beti. Gorputzetik erdi erauzia gelditu den atal baten antzera, ez da izan leheneratzeko erraza, eta, batez ere, ez da erraza inoiz erauzia izan ez balitz bezala erabiltzea.

Bazkaria mahairatzerakoan, argi izpi bat sartu zen leihotik. Segur aski, klase orotako euskaldunok dugu halako sentipen bat. Ohartu gabe gure baitatik at dagoen pertsona edo objektu gisara aipatzen dugu maiz hizkuntza, nahiz ongi dakigun, jakin, gure parte dela. Erdibiturik bizi gara euskaraz denaz bezainbatean, hizkuntza zaindu beharraz kezka hartuta hiztunekin erdi ahaztuak.
Eguna argituko ahal du, non hiztunok izanen baikara mintzagai eta ardura, hizkuntza bera baino. Euskaldunak, euskara baino.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude