Boz erabilgarriak uniformetasuna islatu du

  • Nicolas Sarkozy eta Ségolène Royal gailendu dira Frantziako hauteskunde presidentzialetan. UMPko hautagaiak bozen %31,18 lortu ditu eta PSkoak %25,87.

    Maiatzaren 6an ezagutuko da Frantziako estatuburu berria. Oilar jokoa aurreratu genuen aurreko astean, eta oilar jokoa ez da amaitu. Oilarretako bat emea da, ordea. Errepublikako presidente lehian lehen emakume izateak hautesleengan eragingo duelakoan gaude.

    Eragin handiena baina, François Bayrou zentristak hartuko duen jarrerak izanen du.
Sarkozy eta Roya
Bipolarizazioa da Frantziako presidentzialetako lehen itzuliko emaitzek utzi diguten ezaugarri nagusietako bat. Sarkozyren UMPren eta Royalen PSren artean eman da bipolarizazioa. Bayrouren UDFk lortutako emaitzak ukitu berezi bat ematen dio bipolarizazio horri, ordea. Le Penen FNk bozak galtzeak eta lau aukera nagusien arteko galtzaile nagusia izateak berpiztu du Frantziako bipolarizazio historikoa. Frantziako V. Errepublikaren ezaugarrietako bat bipolarizazioa izan da orain arte, eskuinaren eta ezkerraren arteko lehiaren ondorioz.

Bipolarizazioa, nolakoa baina?

Bipolarizazioa hitza erabiltzean, eskuinaren eta ezkerraren artekoa azpimarratu ohi dute hedabide nagusiek. Baiki, hala nagusitu da eta horrek markatzen du jada bigarren itzulia. Alabaina, bigarren itzulian garaile jalgiko denak zentroko Bayrouren bozak beharko ditu batez ere. Bayrou zentrokoa al da, ordea? Ezkerreko alderdi historikoentzat (PC, LCR, Berdeak, LO), ez. PSk berak eskuinekoa jotzen du UDF. Aipatutako ezkerreko alderdiek Royalentzako boza eskatu zuten emaitzak ezagutu bezain laster, Sarkozy presidente izatea oztopatzeko xedez. Royalek emaitzen ondoko agerraldian egin zuen diskurtsoa oso liberala izan zen, alta, Bayrouren bozak irabaztera zuzendua eta ezkerreko aldarrikapenei behar bezain beste munta eman gabe. Ezkerreko hautagaiek Royalen diskurtso liberala auzitan jarri zuten hauteskunde gauean. Bipolarizazioa hitzari beraz, eskuin “gogorra” eta ezker “liberala” adjektiboak gehitu behar zaizkiolakoan gaude.

Nicolas Sarkozy

Emaitzak ezagutu eta ordu batera agertu zen Sarkozy jarraitzaileen eta hedabideen aurrean. Bere diskurtsoa arras moderatua izan zen. Royal aipatu zuen sarri, honekiko errespetua, eta demokraziarekiko duintasuna hitzak gailendu ziren. Bayrou aipatu gabe, honen bozemaileak izan zituen xede. Bere diskurtsoak herri xumea eta langilea hunkitzea izan zuen helburu halaber. Le Penen bozak ziurtatuak ditu, antza.

Ségolène Royal

Royalek bi ordu luze behar izan zituen frantziar hiritarren aurrean agertzeko. Ez zuen behin ere Sarkozy izena aipatu, bere diskurtsoa hark esandakoaren segidan etorri zen. Hitz bakoitza neurtua eta kalkulatua zituen. Diskurtsoaren ahulezia Bayrouren eta ezkerraren bozak batera bildu beharra. Diskurtso eskizofrenikoa eta PS ezkertiarren krisiaren ezaugarria. Hori da bigarren itzulian irabazteko ahulezia. Bere sendotasunak, berriz, PSren barruan indartua atera izana, eta presidente izan daitekeen lehen emakumea izatea.

François Bayrou

Bayrou publikoaren artean azaltzen hirugarrena izan zen. Bera da hautagaien artean gehien irabazi duena, irabazleena esan genezake, hala ere, ez da bigarren itzulian egongo. Frantziako politika aldarazi duela dio Bayrouk, eta arrazoia eman behar zaio. Bere esku dago, neurri batean, Sarkozy edo Royal presidentea izatea. Bayrou ez da UDF osoa ordea. UDFko kide asko UMPtik hurbil dira. Bi aste hauetan ageriko da Bayrouren pisua UDFn, baita Sarkozyren edo Royalen alderako politika eginen duen. Hots, ezkerrak dioen bezain eskuindarra den edo eskuinak dioen ezkertiarra den. Berak du giltza.

Ipar Euskal Herriko emaitzak

Frantziako pentsamendu bakarra aipatu genuen aurreko artikuluetan, baita “gurean” besterik zela azpimarratu ere. José Bove edo Le Penen emaitzak ezagutzeko irrika adierazi genuen. Boveren emaitzak ez dira adierazgarriak izan, ezta laborantza herrietan ere. Le Penek berriz bozak galdu ditu. Sarkozy, Royal eta Bayrou nagusitu dira, erruz. Zuberoa eta Nafarroa Beherean Bayrou atera da garaile. Lapurdin, eskuinaren alorra, Sarkozy irabazlea izan da, Baionan Royalek aurrea hartu dio ordea. Bozen erabilgarritasunak gurean ere dagoen pentsamenduaren uniformetasuna agerrarazi digu.

Inkesten eta hedabideen erritmora

Bozen erabilgarritasunaz gain, boz emaileen parte-hartze handia (%84,60) izan da hauteskunde hauen beste ezaugarri nagusi bat. 2002ko emaitzek –Chirac eta Le Pen pasa ziren bigarren itzulira– eragina izan omen dute. Guk, horrezaz gain, hauteskundeen kanpaina inkesten eta hedabideen erritmoan gauzatu dela azpimarratu dugu, baita baieztatu ere. Hedabideek hautesleen bozen intentzioa ezagutu bezain laster –intentzioak eta boz errealak bat egin dute ia erabat– bigarren itzulirako hautesleen boz intentzioa ezagutarazi zuten. Sarkozyk %54 erdietsiko luke eta Royalek %46. Galdera da: nola eragiten dute inkestek eta hedabideek hautesleen parte-hartzean eta boza ematerakoan? Bigarren itzuliko emaitzek horren neurria ezagutzen lagunduko digute.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude