Alec Reid

«Agian beldur dira Batasunak Sinn Feinen indarra har ote dezakeen»

  • “Euskararen alde zer egin behar da Joxemiel?”, Lazkao Txikik azkar erantzun zion hitzezko puntuari, “euskararen alde zer egingo diagu ba? Hitz egin moteil, hitz egin!” Politikarien artean ere ez da besterik entzuten, “hitz egin behar da, hitz egin”. Eta ez naiz harritzen Alec Reid bakegilerik onenetakoa izateaz, hizketan badaki; lehenengo galdera egin nion, eta erantzuten bukatu zuenerako ilunak hartua zuen eguna, bi ordu, bi ordu hizketan… Nire gidoiko hurrengo galderari begiratu nion berriro ere, eta “...isilean egin beharreko lana da bitartekariarena, eta pentsatzen dut gauza asko izango dituzula esan gabe, esan ezin dituzunak, ezta?”. Ez nintzen ausartu galdetzen.
Amets Arzallus
2007ko apirilak 29
Alec Reid
Dani Blanco

Ostiral Santu eguna pasa berria da, eta Pazko Igandea ere bai. Baina hemen ez da akordio berririk lortu, eta hilda omen dagoen prozesua ere ez dirudi berpiztu denik.


Ez dut uste prozesua hila dagoenik. Gatazka bizirik izango den arte prozesua ere biziko da. Mutu agian, isilik, baina beti egongo da aurrerako pausoak ematen saiatuko den jendea.

Beraz, sinesten duzu berpiztean?


Jakina. Horretarako, alderdien mahaia da garrantzitsua. Lehenago, komunikazio klandestinorik ez, baina komunikazio pribatua egon zen, PSOE, Aralar, EAJ, EA eta Batasunakoen artean alderdien mahai hori nola antolatu erabakitzeko. Horrelako mahai batek aurre prestaketa eskatzen baitu; non izango den, zenbat emakumezko eta zenbat gizonezko izango diren, nork ordainduko duen, eta abar. Entzuna naiz ia akordio batera heldu zirela ere, eta ez dago dudarik prozesuaren giltza alderdien mahaia dela.


Baina bada lelo bat, nahiko errepikatua: Batasunak indarkeria kondenatzen ez duen bitarte ez gara berekin eseriko.


Lelokeri asko entzuten da, eta horietako bat da hori, “ez dut Batasunarekin hitz eginen Batasunak ETA kondenatzen ez duen arte”. Hori Sinn Feini IRA kondenatzeko galdetzea bezala da. Pentsatu behar da egoera honetan ETArengan eragiteko gaitasuna duen alderdi bakarra Batasuna dela, eta Batasunari ETA kondenatzeko galdetuz ETArekiko eragin eta komunikabide bakarra suntsitzen saiatzen ari zara. Jokabide horrekin bakera iristeko izan zenezakeen lagunik onena suntsitzen duzu, alegia, ETArekiko eragin bidea. Eta hori ergelkeria handia da.

Zuk hitz egin duzu ETArekin zuzenean?


ETAk berak gutun bat idatzi zidan niganako interesa azalduz, eta etxe batean bildu ginen, bazkari baten jiran. Gogoratzen naiz nola eseri ginen, eta euskaraz hasi ziren, ez nuen piperrik ulertu. Itzultzailea nuen, eta hark azaldu zidan mahaia bedeinkatzeko galdetu zidatela. Bedeinkatu nuen. Askok ez dio garrantzirik emango, baina niri gauza bat erakutsi zidan: errespetatzen nindutela. Eta bazkari hartan jakin nuen ETAkoek bide baketsu eta demokratikoetatik egin nahi zutela aurrera, eta hori zela haien erabakia. ETAkoak ez dira, Irlandan esaten den bezala, “basques separatists”, ezta erokeriak egiten dituen jendea ere. Hemen, dagoeneko ikasi dute; Irlandan, ikasten hogei urte kosta zen lezioa. Eta lezio hori zera da, nahiz eta autodeterminazioa galdetu, hemengo gatazkan ez daudela euskaldunak bakarrik, espainolak ere badaudela, eta horiek ere badituztela beraien eskubideak, euskaldunek bezalaxe, eta hitz eginda hartutako erabakiek bien eskubideak bete behar dituztela. Abertzale denek onartzen dute hori, eta hori meritu handia da.

Irlandarra eta apaiza zarelako, bestela honezkero deitu zintuzten deklaratzera.


Irlandar esaera ezaguna da: “I’m going to end up in a lonely prison cell”, ziega bakarti batean bukatuko dut. Tira, erdi broman esan dut, baina Mallorcara konferentzia bat ematera joan nintzenean, han, aireportuan, beste apaiz bat nuen zain, eta polizia batekin zegoen. Han egin nituen mugimendu guztiak poliziak segitu zituen. Bartzelonara joan nintzenean ere beste bi polizia nituen atzetik, eta azkenean, beraiekin hitz egitera joan nintzen. Ez zutela nire atzetik zertan ibili, eta joateko etxera lasai esan nien. Ba al dakizu zer erantzun zidaten? “Zaindu egin behar zaitugu, zerbait gertatzen bazaizu arazoak izango ditugu eta”, kar, kar, kar.

Barajasko atentatua nola ulertzen duzu?


Alderdien arteko elkarrizketak sortu behar ziren, alderdien mahaia, eta ez zen deus sortu. Alde batetik, ETAk horregatik jarri zuen bonba. Bestalde, beraiekin tratuan ari denak badaki IRA edo ETA bezalako erakundeak ezin direla suntsitu, baina ahuldu daitezkeela, eta ahultzeko bide bat hau da: bake prozesu demokratiko bat hitz eman, lehenik eta behin armak utzi behar dituela galdetu, eta gero hitz emandakotik ezer ere ez egin. Arduragabekeria handia da ETAri edo IRAri hori egitea, horren ondorioa belaunaldi gazte batek IRA edo ETA berri bat sortzea izan baitaiteke. Eta ez dago hori baino okerragorik, Irlandan aspaldi esan zidaten, “ez dago hemeretzi edo hogei urteko militanteak baino gauza arriskutsuagorik. Gazte horiek buruzagi zaharrago eta erradikalago batekin joaten badira beste hogei urteko gatazka hasiko da, askoz suntsiketa eta hildako gehiagorekin”. Berriz hasiz gero are zailagoa izango da gelditzea, ziria sartuko ote zaien beldur izango baitira. Eta garbi dago gatazka ezin dela kalean konpondu, mahai inguruan konpondu behar da.


Zerbait aipatu duzu, eta maiz aipatu dira Gobernuak eta ETAk adostutako konpromisoak. Zer idatzi zen?


Ez dut esango akordio idatzirik bazenik, baina garbi dago ETAk ez zituela armak utziko piknik batera joateko, armak uzteko arrazoi eta bermeak behar zituen, bestela buruzagiek ETAko kideen babesa eta adostasuna galduko zuten, “zergatik gelditu? –galdetuko zieten– berrogeita hamar urteko borroka hutsaren truke saldu? Hori ez da bakea negoziatzea, hori amore ematea da”, leporatuko zieten, eta bereizketa bat egongo zen. Beraz berme hauek behar ziren: Batasuna legalizatzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, eta epe onargarri batean alderdiak hizketan hastea. Hori agindu zitzaien.


Eta datozen hauteskundeetan Batasuna legala ez bada prozesuan sinesten segituko duzu?


Tira, badirudi Batasuna legalizatzeko prozesua aurrera doala, eta agian iritsiko dela. Baina badira zenbait bide hori oztopatzen ari direnak. Batasuna ahal duen dena ematen ari da, gatazka modu baketsuan eta demokratikoki konpontzeko bitarteko denak ari da jartzen. Batzuetan bere militantziaren kritika eta ezadostasuna arriskuan jartzeraino, diskurtsoa gehiegi goxatu dutelakoan. Eta hala ere batzuk legalizatzeko bidea oztopatzen sumatzen ditut, agian beldur dira Ipar Irlandan Sinn Feinek hartu duen indarra har ote dezakeen.

Zapaterorengan baduzu fedea?


Ez naiz sekula berekin egon, baina inpresioa dut, benetako momentua iristen denean, bere interes pertsonalak baztertu eta interes orokorraren alde egingo duen pertsona dela. Horrelako bat behar da.


Zu bezalako bat ere behar izan zen, batez ere Irlandako bake prozesuan. Nola sartu zinen politika kontuetan?


1961ean Ipar Irlandara bidali ninduten, Belfast mendebaldeko monasterio batera, Clonared monastery izenekora. Ezaguna da Irlandan, bake prozesuan izan duen parte-hartzeagatik. Han segidan ohartzen zara gatazka bat badela, Belfastera joaten zara eta giro hotza sumatzen duzu, nazionalisten aurkako giroa. Zure herria da, baina ez da. Denek sentitzen dute hori. Gainera gatazka gure monasterioko ate kanpoetan bizi zen, hantxe ikusten genuen dena; agian IRA ofizialeko norbait, ondoko kalera joan, eta IRA probisionaleko norbait hiltzen, ate kanpoan bertan. Beraz nahi edo ez gatazkak hunkituak ginen, eta hori buka zedin engaiatu ginen. IRAko liderrak ezagutzea lortu genuen, batez ere lider lokalak. Beraiekin afaltzeko ohitura hartu genuen, eta konturatu ginen jende horrekin hitz egitea posible zela, arrazoiz jokatzeko prest zeudela. Azkenean dozena bat estrategia ezberdin eta hogei urte behar izan genituen, baina lortu genuen bakea.


Elizak hutsak daudela esaten da, elizak indarra galdu duela, baina boterea ez. Ipar Irlandan bezala Euskal Herrian, agente guztiek, eta estatuak berak ere, elkarri baino kasu gehiago egin diote apaiz bati.


Kuriosoa da, Gerry Adamsek ere horrelako zerbait esan zidan monasteriora etorri zen batean. Ni gaixorik egon nintzen, estresak jota, IRAko presoek lehen gose greba egin zutenean. Urtebete pasa nuen ospitalean, hilzorian, eta medikuak agindu zidan, nire hobe beharrez, politikan berriz muturrik ez sartzeko. Sei hilabetez medikuaren esanera ibili nintzen, baina jende asko etorri zitzaidan laguntza eske, eta Gerry Adamsek bisitatu ninduenean zera esan zidan: “Alec, berriz hasi behar duzu, eliza da gatazka honetan zerbait egin dezakeen erakunde bakarra”. Eta horrela hasi nintzen berriro.

Kartzelara joaten zinen preso errepublikarrak bisitatzera, eta presoen mezuak zuk ateratzen omen zenituen, ezkutuan. Kontatu pasadizo hori.


Igandero joaten nintzen kartzelara, eta hiru meza ematen nituen, kartzelako hiru sekziotan. Batzuk konfesatzera ere etortzen ziren, tabako bila beste zenbait. Kontua da meza ematen genienean presoek mezuak ematen zizkigutela beren emazteei helarazteko. Mezu politikoak ere ateratzen genituen, komuneko paper zati ttikietan idatzita, eta nik trikotaren azpian ateratzen nituen. Ez sinestekoa da zein mezu luzeak idazten zituzten, gero kiribildu eta trikota barruan besapeetan ateratzen nituen. Behin hogeita bost bat mezu ateratzeraino iritsi nintzen. Goitik behera miatzen ninduten irteeran, baina ez zuten sekula deus atzeman. Aurkitu izan balute kartzelan sartuko ninduten.

Bobby Sands ezagutu zenuen?


Bai, kartzelan ezagutu nuen. Bera ere etortzen zitzaidan meza aitzin, eta mezuak bidaltzeko galdetzen zidan, mezu politikoak zituen. Izan ere IRAko presoen bigarren gose greban bera bihurtu zen presoen talde buru. Lehen gose greban Brendan Hughes izan zen, baina ingelesekin negoziatu ondoren gose greba bukatu behar zela erabaki zuen, eta horrekin presoen lidergoa galdu. Bobby Sandsek hartu zion lekukoa, eta preso batzuekin bigarren gose greba bati ekin zion. Hughes moderatua bazen, Bobby Sands gizon gogorra zen, eta horren froga, hil arte segitu zutela.


De Juana beste Bobby Sands bat izan ote zitekeen beldurtu zinen?


Irlandan britainiar gobernuak ez zituen gose greban zirenak elikatu nahi, eta De Juana elikatu zuten. Baina nire beldurra zen, elikatuta ere ez ote zen hilko, 1920an Mac Steamy irlandarra bezala. De Juana hil izan balitz kalean erreakzio handia piztuko zen, baina Jaungoikoari esker dena konpondu zen, eta horretan espainiar gobernuak egin dituen ahaleginak ere eskertu beharrekoak dira.

Ipar Irlandakoa eta Euskal Herrikoa parekatzen ari naiz, baina han bada zerbait ezberdina. Protestanteak ezkondu egiten dira.


Bai, Paisley jauna oso azkarra da eta ez du beldurrik. Aldatu egin da eta boterea banatzeko ados jarri da. Gerry Adamsekin bildu da, elkarrekin argazkietan atera dira, eta oso ongi konpontzen dira bata bestearekin. Pentsa, parlamentuko bigarren gizona IRAko kide ohi bat izatea onartu du, Martin McGuiness. PP ez dago momentuz horretan, baina nire esperantza da, unionistek egin duten bezala, Jaungoikoari esker, PP ere ezkonduko dela. Orain oso modu ezkorrean jokatzen dute, baina gerora prozesuan sartu nahiko dute eta hitz egin nahiko dute.

Ipar Irlandako gatazka bukatutzat jotzen duzu?


Bai, unionistek ez dute jada komunitate nazionalista mehatxu bezala ikusten, parlamentuan gehiengoa nazionalista da, berdintasun batera iritsi dira, nazionalistek eta kolonoek lege berdinak onartu dituzte, eta horrek zortziehun urte luzeko Irlandako gatazkaren bukaera esan nahi du.

Zenbat pisu izan du erlijioak Ipar Irlandako gatazkan?


Kanpoko askok uste du Ipar Irlandakoa katoliko eta protestanteen arteko erlijio gatazka dela, baina hori ez da egia. Irlandakoa, oinarri-oinarrian, inbaditzaileen eta irlandarren arteko gatazka da. Inbaditzaileek ez dituzte inoiz irlandarrak guztiz konkistatu, eta irlandarrek ere ez inbaditzaileak. Eta horrela joan da gatazka luzatzen eta luzatzen. Erlijio gatazka baten inpresioa sor zezakeen inbaditzaileak katolikoak ezabatzen saiatu zirelako, baina ez da hala. Gaur egun Belfastera joaten bazara ikusiko duzu unionista sutsuenetako batzuk katoliko suharrak direla, eta egunero mezara joaten direla, eta ikusiko dituzu oso nazionalista sutsuak errotik protestanteak direnak.


Ipar Irlanda eta Hegoa bateratzea posible da Paisley lehen ministro izanik?


Hasteko, Ipar Irlanda ttikiegia da ekonomikoki bere buruari eusteko, Hegoarekin elkartu behar du, eta Paisley bera ere ados dago horrekin. Hego Irlanda oso aberatsa dela ikusten du, Iparra ez dela Hegoaren erdira ere iristen, eta unionistak Hegoarekin akordio ekonomikoak lotzeko ados dira. Oraingoz Ipar Irlanda Ingalaterrako ekonomiaren menpe dago, eta hala izango da Irlandarekin harreman ekonomikoak sortu arte, baina Hegoa eta Iparra elkartuz gero jendeak Ipar Irlandan inbertituko du. Horrela Hegotik Iparrera pound asko joango dira, eta horri esker egingo du aurrera Ipar Irlandak.

Azkenak
Ordainketa elektronikoetara saltoa egingo du Euskoak

Eusko monetak beste aurrerapauso bat eman nahi du eusko numeriko edo digitalaren sorrerarekin. Monetatik abiatu zen proiektuak ordainketa digitaletara ere iritsi nahi du, interneteko kontuak eta ordainketa txartelak abian jarriz.


2016-12-11 | Unai Brea
Ignacio Escolar, kazetaria
"Ez ditut errespetatzen gezurretan aritzen diren hedabideak"

Ignacio Escolar (Burgos, Espainia, 1975) oso gazte hasi zen kazetaritzan, hainbat hedabide handitan kolaboratuz. Público egunkariaren sortzaileetakoa izan zen, baita lehenbiziko zuzendaria ere, 2007tik 2009ra. Público-rekin harremana eten eta gero, eldiario.es egunkari digitala sortu zuen 2012an, eta hura zuzentzen du harrezkeroztik. Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean elkartu gara harekin, jendetza baten aurrean kazetaritzaren argi eta ilunez eskainitako hitzaldiaren ostean.


2016-12-11 | Ainhoa Ortega
Mozal Legea indargabetzeko eskatu du Espainiako Kongresuak bigarren aldiz

Mozal Legea indargabetzeko onetsi den bigarren mozioa da PSOEk azaroaren 29an agertu duena. Legez besteko mozioa ontzat emateak, ez du lege aldetik ondorio zuzenik izango.


Lurdes Zabaltza, Mikel Zabaltzaren arreba
"Mikelekin zer gertatu zen badakigu, aitorpena falta da"

26 ditu azaroak urtero. Mikel Zabaltza guardia zibilek atxilotua, Intxaurrondora eramana. “Ez dago hemen”; omen. Handik hogei egunera, 15 dituenean abenduak, Endarlatsako putzuan agertu da gorpua, bertara eraman duten Intxaurrondoko guardia zibilei eskapo, itota; omen. Segurtasun-indarrek beti dute gehiago indarretik segurtasunetik baino, hemen eta munduan.


2016-12-11 | Jakoba Errekondo
Mizpira ezin sudurretik kendu

Mespilus germanica mizpirari tiraka segitzeko asmotan nauzu. Umetatik nire arreta erakarri izan duen fruitua da mizpira. Txakurraren atzetik eskopeta kanoi paralelo bikoa aurrera luzatuta zeraman aitonaren atzetik ibiltzen nintzenean, jeneralean oilagorretara joanda, erreka zulo sastrakatsu batetik ezin aurrera egin eta aurrerabidea moldatu nahian goraxeagotik abiatu eta koxkaren bizkarrean hara, danba, topo berarekin. Basoaren zilborrean hantxe, mizpirondo ikaragarri bat zabal-zabal hedatua.


Marie Curieren lanbidearen ajeak

Paris, 1898. Uztailean, Marie eta Pierre Curie senar-emazteek artikulu bat argitaratu zuten ordura arte ezezaguna zen elementu baten berri emanez. Polonio izena jarri zioten, Marieren jaioterria gogoan. Urtea amaitu baino lehen, bikoteak beste elementu kimiko berri bat aurkeztu zuen: radioa.


2016-12-11 | Marijo Deogracias
Pobrezia energetikoa
Argindarra merkantzia huts?

Reusen (Katalunia) amona bat hil izanak, argiztatzeko erabiltzen zuen kandelarekin etxeak su hartu ondoren, alarma guztiak piztu ditu pobrezia energetikoaren inguruan. Euskal Herrian nola gaude? Konpainia elektrikoek udalekin eta erakundeekin hitzarmenak sinatu dituzte lehen kolpean argindarra ez mozteko, baina askorentzat ez da nahikoa, zorra kitatzen segitzen dutelako administrazio publikoaren kontura. Petatxuak baino gehiago behar da egoerari aurre egiteko.


Ikusmen urritasuna
"Traba nagusia ez da ikusmen arazoa, gizarteratzeko jartzen zaizkigun oztopoak baizik"

Mundua hautemateko moduak pertsona bakoitzaren araberakoak dira. Esparru guztietara iristeko aukera berdinak al ditugu, ordea? Ikusmenean aniztasun funtzionala duten hainbat lagunek errealitatea nola sumatzen duten kontatu digute, egunerokoan dituzten zailtasunak ardatz.


2016-12-11 | Saioa Baleztena
Paula Ezkerra. Prostituta politizatua
"Puta izatea niretzat askatasun sinonimoa da"

Politikara jauzia egin duen lehen sexu langilea da Paula Ezkerra (Buenos Aires, 1971). Feminismoaren eta okupa mugimenduaren indarrak ekarri zuen Kataluniara duela hamasei urte eta, orduz geroztik, prostituten estigmen aurkako borrokaren ikurra izan da, Prostitutas Indignadas (Sumindutako Prostitutak) elkartearen bitartez besteak beste.


2016-12-11
Zer da erregeen hirugarren oparia?

Errege Magoek hiru opari eraman ei zizkioten Jesus jaioberriari: urrea, intsentsua eta mirra. Garbi dugu lehenengo biak zer diren. Eta bestea? Mirra erretxina lurrintsua da, Afrika ipar-ekialdean, Arabian eta Turkian naturalki hazten den Commiphora myrrha zuhaitzaren izerdia. Oso mingotsa du zaporea, baina Antzinaroan gai preziatua zen, lurrinak eta ukenduak egiteko erabiltzen baitzen. Substantzia horrek propietate sendagarri asko ditu; marrantaren, disenteriaren eta parasitoen aurka erabiltzen zuten. Eta, I. mendean Diskoridesek De materia medica lanean jaso zuenez,  abortu-eragilea ere bada mirra. Akaso Errege Magoek mezu subliminal bat helarazi nahi zieten guraso berriei?


Administrazioa euskalduntzen
Barraskiloaren abiadura ulertzeko aztarnak

Herri administrazioak euskalduntzeak bi gauza esan nahi ditu, bata herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzea, eta bestea, administrazio horietan lan hizkuntza euskara izatea. Bi alorretan dago bide luzea egiteko. Euskalduntzea bideratzeko neurriak hartuta daude, Eusko Jaurlaritzaren ustez egokiak dira, euskalgintzak berriz dio motelegi goazela. Abiadura apala izatea eragiten duten hainbat gako aztertu ditugu erreportaje honetan. Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk aurkeztu duen hizkuntza eskakizunen asignazio sistema berrikusteko proposamena ere azalduko dugu.


Josetxo Ezkurra eta Endika Barrenetxea
"Erremontetik ezin zaitezke bizi"

Gazteak dira, baina ez berriak. Josetxo Ezkurra (Doneztebe, 1992) eta Endika Barrenetxea (Hernani, 1990) erremontistek urte batzuk daramatzate goi mailan, eta ongi ezagutzen dituzte kirol honek azken urteotan pairatutako gorabeherak, erremontea hilzorian utzi zuen krisitik hasi eta jokoarekiko maitasunak ekarritako berpizkunderaino. Binakako Txapelketa bete-betean harrapatu ditugu, Hernaniko Galarreta frontoian. Ionekin ari da Ezkurra II.a, Segurolarekin Barrenetxea IV.a.


Zaborrak bizi gaitu

Gainpopulazioa arazo ugari sortzen ari da munduko txoko askotan. Horietako bat da India (1.240 milioi biztanle). Pertsona kopuru erradoi bati, muturreko pobrezia eta hondakinen kudeaketa negargarria gehituz gero, Bhalswa txabolagunea edo ‘slum’aren egoera agertuko zaigu.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude