Bigarren aldia dut Marokon. Aurrekoan, Gasteizen bizi diren marokoar batzuek gonbidatu gintuzten ezkontza batera. Orduan, iparraldeko zenbait toki eta jende ezagutzeko aukera ederra izan genuen bertakoen eskutik: Tanger, Tetuan, Xauen... Eguneroko gauzak beste begi batzuez ikusten ditugula ohartu ginen argi eta garbi. Hain hurbil, hain urrun.
Zorte onekoa izan naiz berriro, lehen hiru egunak bertakoa den Saoussanerekin igaro baititugu Casablancan eta Rabaten. Bitxia eta interesgarria izaten da etxe eta ia une berean frantsesez, euskaraz, arabieraz eta ingelesez ibiltzea. Lastima nire ingelesa horren motza izatea eta frantsesez apenas ulertzea. Alabaina, elkarren berri emateko moldatzen gara.
Joxek eta biok ekarritako liburuen artean Koldo Izagirreren Rimmel poemategia badugunez, euskarazko pasaportea utzi dugu mahai gainean gure hizkuntzak zer itxura duen ikus dezaten. Saoussane, orduan, Ur gazia zara atalean geratu da euskaldunok nola ahoskatzen dugun jakin-minez. Asmo didaktikoz betetako ordaina eskaini nahi izan diot nik. Geroxeago konturatu naiz Espainiako ZARAz ari zela. Hain hurbil, hain urrun.