argia.eus
INPRIMATU
Senda-hitzak
  • Terapia, sendatze psikologikoa, bere helburuetara iritsiko bada, esan egin behar dira oroitzapenak, hitzez adierazi beldurrak, aipatu ametsak. Jainkoak barkamena emango badie katolikoei, esan egin behar zaizkio bekatuak apaizari. Amodio bat salbatuko bada azaldu egin behar dira arazoak, esan besteari zer gertatzen den, hitzak jarri mahai gainean.

    Esan, hitzez adierazi, aipatu, ahoskatu, ebaki. Norberak. Egin dena edo egin ez dena, damu dena edo beldur edo amets edo zalantza edo uste. Aurrera egingo bada, esan egin behar da. Ez bestek egin behar duena, ez inork egin duenaren norberaren interpretazioa, norberarena baizik, norberaren barrenean dagoena, hori atera kanpora hitzen bidez, esan.
Lourdes OƱederra 2007ko apirilaren 22a
Maizenik, ordea, bestela aritzen gara, bai bakoitzaren egunerokoan, bai bizitza antolatzean, bai gizartean aukerak egitean, bai argitaratzeko idaztean... –nahiago dut eta zuek ere nahiago duzue politikagintzatik datorkigun diskurtsua bakean uztea, Aberri Eguna pasa berri eta hauteskundeak gainean ditugun honetan adibideak soberan baititugu–. Joera bortitza dugu bestek egin behar duena aldarrikatzeko, zor zaiguna eskatzeko, egin ez dutena salatzeko, gure barrena ukitu behar ez bailitzan, gurean dena ongi bailitzan.

Elkarrizketak irakurtzea gustatzen zait, entzutea ere bai, baina nahiago dut irakurri. Erritmo kontua, ziurrenik –idazten ere hitz egiten baino egokiago konpontzen naizen bezala–. Zerbaitetarako balio dit jakiteak besteek zer dioten, nola moldatzen diren niri behintzat zail –“konplikatu” “korapilatu” esan nahi dut hemen– gertatzen zaidan bizimoduaren kudeaketan. Horregatik gehien interesatzen zaizkidanak sakon eta txukun samar pentsatzen duen jende ondratuarenak dira –zintzo erantzuten saiatzen diren horienak, alegia–. Askotan aurkitzen ditut giltzak edo antzeko zerbait; gutxienez, gauzei begiratzeko zirrikitu berriak eta horiek arnas hartzeko balio didate gehienetan. Elkarrizketatuak esaten duena nola esaten duen, zein hitzen bidez azaltzen duen axola handikoa da, hori esaten duenaren zati bat baita, nolabait.

Azken aldi honetan Juliette Binocheri egindako elkarrizketa bat irakurri dut. Oso gauza interesgarriak, sakonak esaten ditu Binochek elkarrizketa horretan. Elkarrizketa egin dionak ere bazekien zertan ari zen nonbait. Gauza zoragarri bat –arnas zirrikitu bat ireki didan horietakoa–: norbaitek konfidantza ematen dionean beste bati, besteaz fidatzen denean, maitasuna erakusten duela. Plazerra ematen du esker ona sentitzeak. Nik maitasun asko izan dut. Horren zati bat hitzetan jartzen lagundu didate Binocheren hitzek.

Alderdi kolektibotik, bada beste gauza sakon bat, niri behintzat horren berri egin ez zaidana, baina muin-muinean ukitzen gaituena. Esango nuke nolabait ezaguna zaigula baina lanbro artean gorde ohi dugula, argitara ateratzen dugula bakarrik besteri aurpegiratzeko, besteri ezartzeko, gure zordunei. Binochek dio herri bat ez badago bakean bere iraganarekin ezin zaiola orainaldiari aurre egin eta sufritu duenak lehenengo bere buruarekin berradiskidetu behar duela. Binochen hitz horiek egun hauetan irakurtzen ari naizen Maruja Torresen Mujer en guerra liburuko lerro batzuekin egin dute oihartzun nire buruko barrunbe akustikoan. Torresek dio herriek, garai hobeak, baketsuak, iristean, ahaztu egin nahi izaten dutela gertatua: ez omen dute sufrimendua berritu nahi jazotakoa gogoratuz. Baina ez dute lortzen. Gertatuak isiltzean gauzen axalean gelditzen dira, ez dute zoriona atzematen.