Robert Laxalten urrezko maisulana: Nevadako euskaldun baten literatura ezkutua

  • Sweet Promised Land izeneko liburua 1957an kaleratu zuen Robert Laxalt idazleak. Bere familiaren bizitza jendaurrean plazaratzearekin batera, Estatu Batuetako mendebaldeko larreetan ibilitako euskal artzainen bizimodua eta pentsakera orriz-orri biluztu zuen Laxaltek, barne muinetan errotutako literatura soil bezain sotila erabiliz. Bere maisulanak lortutako arrakasta ezin neurtu daiteke, eta zinez, estatubatuarrek beste begiz ikusi zuten hortik aurrera Ameriketako euskalduna. Gure best seller-ak urrezko ezteiak egin dituen honetan, haren mamia eta ibilbidea josi nahi ditugu hemen.
     
    Nevadako mendietan larreak bihurtzen dira desertu, nola lautada estali elurrez. Ameriketara joandako euskaldun asko artzain aritu zen lurralde horien bakardadean. Duela 50 urte, Robert Laxalt (Nevada, 1923-2001) izeneko idazle batek bere aita zuberotarraren esperientzia idatzi zuen abileziaz, sentimenduz hobe. Liburua izugarri saldu zen eta mendebaldeko estatubatuar askok haren bidez jakin zuten mendian zebiltzan euskal artzainak ez zirela atzerritar aprobetxategiak. Arrakastaren gainetik, Laxalten obrak euskaldunen berezko izaera agertu zuen, eta horrexek egiten du Sweet Promised Land liburua hain garrantzitsu.
Laxalt aita-semeak
Irudi honetan, Laxalt aita-semeak ageri dira. Argazkia Nathional Geographic aldizkarirako egin zen 1966an, Robert Laxaltek aldizkari horretan euskal artzainei buruz kaleratu zuen artikulua osatzeko.National Geographic
Ameriketako Leturia ezkutua

Argitaratu eta berehala kritikoek goratu egin zuten Nevadako idazlearen lana eta irakurleek ere harrera ezin hobea egin zioten. San Francisco Chronicle egunkariak, adibidez, mendebaldeko ehun liburu onenen artean kokatu zuen. Atlantikoa abiadan pasa zuen liburuaren famak eta Ingalaterrako National Book Society ospetsuak aipamen berezia egin zuen, Laxalten liburua irakurtzeko gomendatuz. Hortik aurrera, Robert Laxalt AEBtako Mendebaldeko idazle kontsakratu bilakatu zen. Hamabost liburu gehiago idatzi zituen, Pulitzer sarirako hautagai izan zen bi bider eta Ameriketako literaturgileen onarpen osoa lortu zuen.

Baina Kantauriko txoko honetan ez zuen oihartzunik izan Dominique protagonista duen istorioak. “Euskal Herrian jendea lanean ari zen orduan –dio Nevadako idazlea gertutik ezagutu zuen Miel A. Elustondok–, Laxaltek bere lan ezagunena argitaratu zuen urte berean, beste Laxalt bat jaio zen gurean: Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuen. Bide paraleloak bete zituzten”. Gerora, Laxaltek Donostiako Urrezko Danborra jaso zuen, 1986an hain justu, bere obraren merezimendu gisara. Hala ere, euskal irakurle askok ez dute kasik ezagutzen Sweet Promised Land liburua, ezta bere mamia ere: gure Ameriketako osaba-izebek basamortu haietan isuri zuten izerdi, malko eta irribarrea, trebezia ikaragarriz literatura bilakatu zuen eleberriaz ari gara, hain zuzen.

Aitaren zimurrak erakusten

Liburua inprentako makinatik atera baino askoz lehenago sortu zen, bidaia baten lehen txartela erosi zutenean. 1953an Laxalt aita-semeak Euskal Herrira etorri ziren, eta idazle gaztearen begininietan bere sustraien irudia islatu zenean jakin zuen horri buruz idatziko zuela. Hasierako testuak ez zituen liburu bat osatzeko egin, The Saturday Evening Post aldizkarian argitaratzeko baizik. Robert Laxaltek duda asko izan zituen idazten hasi aurretik: “Ezin nuen eleberri baten moduan idatzi, gure bidaiaren gauza garrantzitsu bat galduko litzateke: errealismoa” esan zion Laxaltek David Rio ikerlariari, Carson City-n eskainitako elkarrizketan.
Biografia nobelatuak Dominique Laxalten barne munduaren berri ematen digu. Mendian bizi den artzain baten berri. Izaera gogor eta bakartikoa, naturaren konplizea, kanpamendu bateko suaren itzalekin marrazten du bere aita Robert Laxaltek.

Dominique 1906an atera zen Liginaga-Astuetik (Zuberoa) eta Nevadako bidea hartu zuen, txikitatik ikasitako lanari ekiteko, artzaintza. Milaka abelburuko arrantxoan lanean ari zela ezagutu zuen Thérèse Alpetche; harekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten. Artilearen krisiarekin arrantxo lan nomadari utzi zioten eta Thérèse euskal ostatu batean hasi zen. Dominiquek ez zuen sekula mendia abandonatu ordea, morroi aritu zen ardi zaintzen, horrela ezagutu zuen beti Robert Laxaltek, “larru eta telazko denda artean”.

Sweet Promised Land irakurtzen duenak esaldiz esaldi irentsiko du liburua. Nevadako idazleak, estilo garbiz, argumentuarekin jolasten du testuari gero eta bizitasun gehiago emanez: bere aita sorterrira itzuliko da berriro. Nola erantzungo du Dominiquek Liginagako baserriko atea berriz gurutzatzerakoan? Galdera horren erantzuna irrikaz bilatuko du irakurleak liburuan aurrera egin hala. Azken batean, Robert Laxaltek iraganean bizi den artzain baten eta hegazkinaren abiadan mugitzen den mundu baten arteko talka erakusten digu, umore mingotsez erakutsi gainera.

Bizitza bat, ispilu bat

Harper argitaletxeak lehen alea kaleratu zuenetik, hainbat berrargitalpen izan ditu liburuak: alemaneraz (Baskische Heimkehr, 1959) frantsesez (Mont père était berger, 1972), euskaraz (Dominique: artzain xiberutar bat Nevadan, 1988) eta azkenik, gazteleraz (Dulce tierra prometida, 2000). Euskarazko edizioa Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu zen eta Xabier Mendiguren Bereziartuk egin zituen itzulpen lanak. “Arbelaitz anaien ilusio, izpiritu eta sentimenduagatik. Sweet Promised Land-en historiaren parte dira, beraiek eragin baitzioten liburuaren euskarazko itzulpenari”, dio Miel A. Elustondok. Baina, zergatik liburuak ez du gurean zirrararik sortu, eta aldiz, duela 50 urte Amerikako etorkinen artean best seller bilakatu zen?

Galdera horri erantzuteko, emigrante euskaldunek XX. mende hasieran bizitako egoeraren erroetara jotzea dugu onena. Milaka lagunek AEBtako mendebaldera egin zuten dirua egiteko asmoz –Ipar Euskal Herritik hein handi batean–. Milaka izanagatik ere, euskaldunena komunitate txikia zen etorkinen lurraldean. Ezin da konparatu Irlandatik edo Italiatik amildutako jende uholdeekin. Handitasun horretan ikusezinak ziren Nevada eta Kalifornia arteko mendietan aritzen ziren artzain euskaldunak. Artzaintza ez zen preseski lanik preziatuena; gainera, cowboy edo unaiekin arazo ugari izan zituzten euskal artzainek eta horrek haiengan zegoen ezagutza eskasa gaiztotu zuen.

Dena den, 1950. hamarkadan AEBtako minoria etnikoen inguruko interesa pizten hasia zen jadanik –-ordurarte integrazioa zen atzerritarren helduleku bakarra–. Horrela, Robert Laxalten obrak hankaz gora jarri zuen euskaldunen inguruko irudi gaiztoa, eta hori bakarrik ez, beste jatorriko etorkin ugarik Dominique Laxalten bizitzak islatzen duen malenkonia eta garraztasunarekin identifikatu zuten beren burua. Liburua aitzindaria izan zen alde horretatik, katalizatzaile.

Euskaldunek ere egin zuten AEB

Euskal Herriko behatokitik euskal emigrante haiek komunitate itxi bezala irudikatzen ditugu askotan; baina haiek ere sortu zuten barnealdeko “mendebalde basatia” eta God save America! oihukatu zuten. Robert Laxalt zen inmigrante horien bigarren generazioa; galdu zuen euskara txikitan, aritu zen boxeoan, eta Bigarren Mundu Gerran parte hartu nahi izan zuen kosta ahala kosta, “bigarren mailako herritar” sentituko ez bazen. Laxalt estatubatuar petoa genuen, euskal jatorriko beste asko bezala. Horregatik, ez dira harritzekoak eleberriaren amaieran Dominiquek esandako hitzak, berriz ere Nevadara itzultzeko unea iristen zaionean: “Ezin naiteke itzuli. Hau ez da orain nire herria. Urte gehiegi egin ditut Ameriketan”. Elustondoren aburuz estatubatuar irakurleari hori gustatu zaio: “Gutarikoa da” esaten die Laxaltek azken finean.

Gure idazlea aparteko kastakoa zen baina. Aitarekin 1953ko bidaia hori eginez gero, zubi baten giltzarria jarri zuen. Ondoren beste zenbait bidaia egin zituen Euskal Herrira; hemen ezagutu zuen Jon Mirande eta ezagutu zuen euskalduna izatea zer den. Harrezkero euskal jaialdiak –1959an Renon ospatu zen Mendebaldeko Lehen Euskal Jaialdia–, euskal ikasketa programak eta itsasoz beste aldeko euskaldunen irudia sustatu zituen AEBtan. Laxaltek, liburu batekin, Nevadako desertuan ura badela erakutsi zuen duela 50 urte, eta orain ur horretatik euskaraz edateko aukera aparta du irakurleak gainera.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude