Zure nobela beltz honen korapiloa osatzen duten nondik norakoak azaltzerik bai?
Joxan Uriarte, boxeolari ohia, Bilbora bueltatzen da aspaldiko kontu zahar bat argitzera. Argitzeak ekarriko du mendekua. Ezinbestean. Arazo politikoek Bilbotik ihes egin beharra eragin zioten, Galiziara, boxeoaren bestelako altzo batera... Horretan emango ditu urteak, negozio beltzen bueltan zein Bibi beltzaranaren laztan epeletan. Hala ere, aspaldiko min batek ez dio bakerik ematen, eta, beraz, itzuli eta hura argitzea ezinbestekoa izango zaio.
Zerk egiten du Ragga-ragga dator gaua berezi?
Istorioa zuzena da,
Do The Right Thing edota
La Haine izenburuko filmek irauten dutena bezain laburra... eta esango nuke haiexek bezain intentsua eta indartsua ere badela. Saiakera nobeletatik urrunduta, nahita, pasioz jantzita agertu nahi du: amodio ezinak, ausardiak eta koldarkeriak, giro sargoritsua, musika etengabe, Bombita boxeolari frakasatuaren errealismo magikoa, Urbano Lugris margolariaren itsaso debekatu baina asmatua, boxeoaren bestelako kolpeak, Euskal Herri honek jasan behar dituen jauntxokeriak, lagun minaren heriotza...
Eta guztia borobiltzeko osagai gisa, zer du?
Istorioa laburra baina zuzena da,
in crescendo doana, kaleko giroa bezain sargoritsua, Txirene irrati libreak jartzen duen
ragga musika bezain beroa... Eta musikarekin batera, irrati horrek egun berean ematen dituen bi berri lazgarriak: etorkin haurdun bat itoa itsasadarrean, alde batetik; eta bestetik, preso politiko bat ziegan hilda agertzea... Amodioa eta gorrotoa Joxanen bihotzean. Ukabiletan.