argia.eus
INPRIMATU
Poloniako zinema omenduko du
Jon Torner Zabala @jtorner 2007ko apirilaren 22a
Maiatzaren 2tik 12ra egingo da Gasteizko NEFF Europako Zinema Berriaren Jaialdia. Aurtengo edizioak Poloniako zinema omenduko du. Hala, Roman Polanski, Krzysztof Kieslowski eta Andrzej Wajdaren lanak erakutsiko dituzte. Halaber, Kieslowskiren filmetako kartelen erakusketa ere egingo dute. Albokoa Trzy Kolory: Bialy (Hiru kolore: Zuria, 1994) filmaren gaztelaniazko bertsioaren kartela da. Horrez gain, Poloniako musika ezagutzeko aukera eskainiko du jaialdiak. Sail ofizialean 72 film lehiatuko dira: 12 film luze eta 50 labur. Orotara hamar sari emango ditu jaialdiko epaimahaiak. Film gehienak Florida eta Guridi zinema aretoetan proiektatuko dituzte eta aurrenekoz, Boulevard zentroko Abaco aretoak ere bisitatuko ditu NEFF jaialdiak. Inaugurazio eta itxiera galak Principal antzokian egingo dira, maiatzaren 5ean eta 12an. Bigarrenean, Carlos Nuñez musikariak Cinema do mar diskoa aurkeztuko du.

Informazio gehiago: www.neffestival.com.