Gaizka Iroz
Horra nola diru publikoak ahalbidetzen duen debaldeko funditzea.
Irratian entzun dut alhagiak mekanikoki garbitzen ahal direla bai, eta irtenbide hori garestia delako, Hemen elkarteak herritarren kontzientzia piztu nahi duela, laguntza publikoen eskaeraren sustatzeko. Araiz lortuko du. Bizkitartean, aurtengo denboraldian berriz ere su eta gar ikusi ditugu mendiak, Garraldako mazelak besteak beste, Aiherrako aldean.
Inguru horietako xaharrak oroit dira beren gazte denboran Garralda parte hori zuhaixkaz betea ezaguturik. Eta haien ondoko gazteek kontatu didate nola aurtengo erreketa hau bereziki bihurria izan den. Erraustuak izan diren eremuen jabeak ez zuela hori egitea nahi, utziak zituen bazterrak “zikintzen” eta jadanik ote-sasien artean zuhaixka txikiak ernatuak ziren. Futxo! Herriko indar biziek ez zezaketen horrelako bitxikeria ez-produktibista onar. Bilkura bat egin eta hartan erre-zaleek jabe hori gogatu zuten, amore eman zuen arte. Administrazioko ordezkariak partaide ziren bilkuran, ontsalaz lurra eta basoa begiratzen dituzten elkarte ofizialetako kideak, eta haiek ere su garbitzailearen alde.
Eta horra nola subentziorik gabe berriz oihantzen hasia zen txoko bat ketan joan den.
Delako balentriaren protagonistak nor izan diren kontatu didate. Izenak nahi? Bai baina iritzi leiho honetan ez gara haizu 2.500 karakter baino gehiago sartzera, bestela maketistak arranguratzen dira. Ui, ui, dagoeneko 2.490etan nago. Ez adiorik, beste aldi bat arte.