Maoz Fine eta Dan Tchernov ikerlariek koral eskleraktianoak –koral-hesiak osatzen dituztenak– gero eta azidoagoa den uretan sartu dituzte, nolabait esate arren munduan azken hogei milioi urtetan izandako azidotasun maila baino handiagoan. Koralak hezurdura galdu eta biluzik geratu ziren hilabete eskasean. Hala ere, animaliok bizirautea lortu zuten harkaitzari eutsita eta batzuk tamaina bikoiztu zuten gainera. Koral biluztua berriro azidotasun arrunteko uretan jarrita urtebete igaro ondoren argonitako –kaltzio karbonatoko era bat– hezurdura berreraikitzeko gai izan ziren.
Saiakera horien bidez hobeto uler daiteke koralek historian zehar egoera “azidoetan” iraun izana. Hala ere moldatzeko gaitasun horretan oinarrituta etorkizunerako iragarpenak egitea arriskutsua da. Zenbat denbora iraun dezakete egoera oso azidoetan? Eta iraunez gero harrapakarien aurrean zenbat denbora iraun dezakete? Galdera gehiegi erantzunik gabe. y
Marrazorik gabe moluskurik ez
Ipar Carolinako (AEB) itsasoan ia ez da geratzen marrazorik. Azken 40 urteotan harrapari horren populazioak %98 egin du behera eta ikerlariek egindako azterketek erakusten dutenez jaitsierak eragin handia izan du inguruko ekosisteman.
Marrazoa bere hegalengatik arrantzatzen dute eta horrek eragin du arrainen populazioa urtero %8 haztea. Arrainek moluskuak, ostrak eta abar, jaten dituztenez horien populazioa ere izugarri jaitsi da eta une honetan desagertzear daude.
Aipatu azterketan itsasoko bizi-katean harrapakari nagusiaren paper garrantzitsua azpimarratu nahi da, uste zena baino eragin askoz ere handiagoa baitauka.